WATS Teamek eta Euskaltel Taldeak indarkeriarik gabeko kirolean sinesten dugu. Horregatik, "Kiroleko indarkeriaren aurkako telefonoa” jarri genuen martxan duela hilabete batzuk, kirol-arloko jazarpenari eta indarkeriari aurre egiteko. Kanal seguru eta konfidentzial honek honela funtzionatzen du: Whatsappeko mezuak bidaltzen dira 688 655 099 zenbakira (gazteek oso eskura dute baliabide hori). WATS ekipoa martxan jarri zenetik, Estatuko hainbat lekutatik jaso ditu mezuak. Hain zuzen, horixe da gure helburua, toki guztietara iristea. Euskadin jarri zen martxan telefonoa, eta dagoeneko estatu osora zabaldu da; eta ekipo laguntzaileak ditu Asturiasen eta Galizian.

Errespetuan, bizikidetzan eta giza balioetan oinarritutako haur- eta gazte-kirolarekin konprometituta gaude. Eta uste dugu teknologia aliatu garrantzitsua izan daitekeela indarkeria eta jazarpena prebenitzeko.

Ekimen honen bidez, kirolarekin eta berdintasunarekin dugun konpromisoari hauspoa ematen diogu. Erreferentziazko ekipoak babesten ditugu, hala nola Athletic, Reala, Alaves, Eibar eta Osasuna. Gainera, arreta berezia jartzen dugu berdintasunean; horren erakusgarri da Athleticeko, Realeko eta Osasunako emakumezkoen taldeak babestea. Ekitaldi eta lehiaketa inklusiboak antolatzen ditugu, eta, orain, teknologia-arloan dugun esperientziatik abiatuta, komunikazio-zerbitzu bat ematen dugu pertsonak balioetan hezteko, beharrezkoa baita, bai kirolean eta bai gizartean, oro har.

0 biolentzia

Kirolean jazarpena edo indarkeria jasan duen norbait ezagutzen baduzu, zure eskura duzu "Kiroleko Indarkeriaren Aurkako Telefonoa". Bidali Whatsappeko mezu bat 688 655 099 zenbakira, eta WATS taldeak, aztertu, eta 24 orduko epean erantzungo dizu, pribatutasun osoz.

Edonork jo dezake telefono horretara —dela jarraitzailea, jokalari baten ama, jokalaria bera, arbitroa, entrenatzailea, hezitzailea...—, gai hauekin lotutako kontsultak egiteko: indarkeria fisikoa, hitzezkoa, psikologikoa, sexu-abusuak, arrazakeria eta xenofobia, berdinen arteko jazarpena, matxismoa edo LGTBI-fobia.

Balantze positiboa

Esku artean duten erronkaz jabeturik, WATS Team pozik dago telefonoak izan duen harrerarekin. Alex Navarrok, sortzaileetako batek, egindako ibilbidearen balantze positiboa egin du.

Telefono-zerbitzua martxan jartzeak pertsona bati indarkeria-egoera batetik irteten lagundu badio, nahiz eta kasu bakarra izan, ahaleginak merezi izan du".

Egoera horietan dauden pertsonen ahultasuna aitortzen du: beldur dira zer esango duten edo zer gerta daitekeen. Eta mezu argia eman nahi die: ez zaude bakarrik.

Zorionez, telefonoarena bezalako ekintzak argi-puntuak dira, eta pertsona horiei laguntzen diete indarkeria jasaten dutenean ikusten duten tunel ilun horretatik irteten, indarkeria edozein motatakoa delarik ere".

Indarkeria-kasu ohikoenak dira berdinen arteko indarkeria psikologikoa eta entrenatzaileek sexu-kontuak aipatzea kirolariekin dituzten elkarrizketetan. Eta ez futbolean, saskibaloian eta halakoetan bakarrik, baita beste kirol batzuetan ere, hala nola kartingean.

Horrelako egoerarik ez gertatzeko, legedia gogortu behar da, eta kirol-elkarte guztiak derrigortu behar dira jazarpena eta kirol-indarkeria detektatzeko eta geldiarazteko prestatutako profesionalak eduki ditzaten.

Epe laburrean, herritarrei eta kirolariei zerbitzua ezagutarazteko asmoa du Euskaltelek, eta, orain, lanean ari da kirol-elkarteekin, ikastetxeekin eta erakundeekin, beren instalazioetan telefonoa berariaz ezartzeko.

Herritarrei mezuak helarazteko ahalmen ezin hobea du Euskaltelek, eta lagungarria izan daiteke WATS Team bezalako startup batentzat, bai “Kiroleko indarkeriaren aurkako telefonoa” bezalako zerbitzu bat martxan jartzeko, eta bai aniztasuna eta dibertsitatea balioesten dituen gizarte bidezkoago eta libreago baten alde egingo duten entrenatzaileak, familiak eta kirolariak trebatzeko".
WATS Team

"Kirola gozatzeko da, eta ez sufritzeko". Vicente Del Bosquerenak dira hitzok; WATS Team-eko aurpegi ezagunenetako bat da, Julen Guerrero, Xabi Prieto, Jero García eta Patricia Ramírezekin batera. Hogeita bost profesional baino gehiago aritzen dira ekipo horretan lanean, arlo desberdinetakoak: psikologia, hezkuntza, haurren eskubideak, finantzak, marketina eta komunikazioa.

WATS Team Bilbon sortu zen, 2016. urtean, Mondragon-Unibertsitateari lotuta, eta Finlandiako Tiimiakatemia prestakuntza-metodologian oinarrituta dago. Hain zuzen, zentro bikain gisa saritu zuen Finlandiako Gobernuak. Hiru urte daramatza lanean kirolean indarkeria desagerrarazteko, giza balioetan eta indarkeriaren prebentzioan oinarrituta.

Ez ahaztu. Arazorik baduzu, bidali mezu bat 688 655 099 zenbakira. Zuri laguntzeko gaude.