Familia, aire librea, kirola, ikuskizuna, teknologia… Ezagutzen duzu hau baino konbinazio hoberik? Aire libreko ekintzetan gustura aritzen gara familian eta lagunekin; eta, gainera, festa-giro ona eta euskara tartean badira... ezin hobeto. Has zaitez urriko zure agenda prestatzen, bete-betea dator eta!
Euskara
Gogoan duzu zer ospatzen den urtero urriko lehen igandean? Kilometroak, Gipuzkoako ikastolen aldeko festa; aurtengoa Urretxun eta Zumarragan egingo da, eta lelo hau izango du: “Zubiak batuz”. Talde-lana eta aniztasuna hartu nahi dituzte ardatz. Beraz, hasi prestatzen aurtengo ibilbidea egiteko, ia 6 kilometrokoa. Txikienentzako eta gurasoentzako tokia izango da, eta eta zer esanik ez kulturarentzat eta artisautzarentzat; gazteentzako musika eta kontzertuak ahaztu gabe, noski! Aukera ugari eta giro ezin hobea.
Bi aste geroago, hilaren 21ean, Altsasun izango dugu hitzordua Nafarroa Oinezekin. Aurtengo anfitrioia Iñigo Aritza ikastola da, eta leloa, berriz, “Bizi”. Haren bidez, ospakizun hau guztiok ahalik eta ondoen bizitzeko aukera aldarrikatu nahi dute. Baina Nafarroa Oinez festa hutsa baino gehiago da, eta beste aukera batzuk ere badira, hala nola: Oinez Gailurra, duela urte batzuk martxan jarri zena eta mendizaletasuna eta euskara uztartzen dituena, eta Oinez Basoa, Nafarroa Oinez-ek utzitako aztarna ekologikoa ezabatzea helburu duena, eremu naturalak berreskuratuz. Eta ezin dugu ahaztu Erronka: Kilometroetan, Ibilaldian eta Araba Euskarazen bezala, 13 eta 16 urte bitarteko neska-mutilek ongi pasatzeko aukera ezin hobea izango da. Ikusten duzuenez, familia osoarentzat izango da zer egin, eta guk ez dugu hutsik egiteko asmorik. Orain, gainera, Euskaltel Nafarroara ere hedatu denez... Zure zain egongo gara!
Entretenimendua
Go!azen
Azkenean iritsi da Go!azen-en bosgarren denboraldia, eta ezin hobeto ospatuko dugu: aurrestreinaldi bana egingo dugu Donostiako Atano III.ean (hilaren 6an), Bilbon (hilaren 7an) eta Antsoainen (hilaren 27an). Baina ez hori bakarrik: Donostian, aurrestreinaldiarekin batera, Hiru3 Jaia ospatuko dugu Belodromoan, eguerdiko 12.00etan hasita: 12 orduz, dibertsioa, bideo-jokoak eta EiTBk prestatutako ekintza-programa ezin hobea izango ditugu, ekintza horien artean direla Gaztearen kontzertuak (Iseo & Dodosound) eta sorpresa ugari. Adi, prest... Go!azen!
Globo aerostatikoen estropada
Emozioak gustuko badituzu eta bertigorik ez baduzu, urriaren 5, 6 eta 7an zatoz Gasteizko Salburuko parkera; ikuskizun ederraz gozatu ahal izango duzu: globo aerostatikoen nazioarteko lehen estropada. Eta gehiago nahi baduzu, zatoz larunbat gauean; flipatu egingo duzu. San Prudentzio Fundazioak argi- eta soinu-gaua antolatu du, Night Glow, globo aerostatiko eta guzti, fundazioaren 50. urteurrena ospatzeko. Ikusgarria izango da, seguru, eta guk ez dugu huts egiteko asmorik!
Fun F2P
Sei talde, 21 parte-hartzaile, nazioarteko 20 mentore, pixelak, byteak eta doako bideo-jokoen unibertso osoa. Badira hiru hilabete free to play bideo-jokoak sustatzeko nazioarteko campusa martxan jarri zela; iritsi da, beraz, emaitza ikusteko ordua. Hilaren 4an, campusean parte hartu dutenek beren lanak aurkeztuko dituzte, Gasteizko Artium Museoan egingo den Demo Dayan. Hantxe jakingo dugu bideo-joko horietakoren bat Fortnite edo Candy Crushen pareko bihurtuko den.
Futbola
Futbola gustuko baduzu, ez duzu izango Athleticeko eta Realeko nesken arteko derbia ikustea baino plan hoberik! Bada, ez pentsatu gehiegi, eta egin plana hilaren 14an lagunekin Bilbora etortzeko.
Ikusi duzunez, hil honetan etxekoekin eta familiarekin egiteko plan ezin hobeak ditugu. Animatuko zara? Zure zain egongo gara!