Uda ezohikoa da aurtengoa, eta oso urruti ez joatea erabaki dugu ia denok. Garai ezin hobea dugu, beraz, gure inguruko txoko ederrak ezagutzeko. Gaur, Ander eta Lorea ‘Go!azen telesaileko aktore ezagunek Euskal Herriko beren txoko kutunetako batzuk gomendatuko dizkigute.

Ander bizikletazalea da, eta Loreak, berriz, nahiago ditu oinezko ibilaldiak, mendikoak batez ere. Zer gustatzen zaizu gehien zuri?

Anderrek Donostian egiteko gomendatu digun bizikleta-pasealdi batekin hasiko gara: Haizearen Orrazitik Zurriolara.

Bizikleta-pasealdia: Haizearen Orrazitik Zurriolara

Pasealdi honetarako, bi gauza baino ez ditugu behar: bizikleta eta bainu-jantzia. Berehala ikusiko duzue zergatik ?.

Pasealdia Antigua auzoan hasten da; lehenengo geldialdia, Haizearen Orrazian egingo dugu, eta handik, Ondarretan barrena, Miramar jauregira igoko gara, hango bista ederraz gozatzeko. Kontxako hondartzatik, Boulevardera helduko zarete, eta han, izozki bat erosi beharko duzue, noski! Gros auzoan amaituko da pasealdi, Zurriola hondartzan, eta han, nola ez, nahitaezkoa duzue surf-taula batzuk alokatu eta olatuak mendean hartzen saiatzea!

Oinezko ibilaldiak Ategorrieta eta Ulia mendia

Lehen esan dizuegunez, Loreak nahiago du mendia hondartza baino, eta, beraz, oinezko ibilaldi bat proposatu digu Donostian bertan, Ategorrietatik Ulia mendian barrena joateko.

Hortaz, badakizue: arropa erosoa jantzi, eta goazen Ategorrietara. Handik, Ulia mendira igoko gara, eta ibilaldi zoragarri bat egingo dugu kostaldean barrena. Gainera, behar izanez gero, atseden hartzeko aukera izango duzue bideko mahai eta aulki ugaritan.

Gero, itsaso ondotik jarraituko duzue bidezidorrean barrena, Platako itsasargiraino. Handik behera, Pasaia San Pedrora helduko zarete; mokadu goxo bat jateko makina bat leku dituzue han zain!

Ategorrietara itzultzeko, Trintxerpe eta Intxaurrondo zeharkatzen dituen bide zoragarri bat har dezakezue.

Zer iruditzen zaizkizue ibilaldi hauek? Ondo pasa udan!