Txoko natural bikainez beteta dago Euskadi. Ikusgarrienetako bat Aitzuloko begia da, gainean zulo handi bat daukan arroka bat; txundituta uzten ditu hura ezagutzera joaten diren guztiak. Aitzuloko begiraino nola iritsi azalduko dizugu.
Aitzuloko begia gure mirari geologikoetako bat da. Gipuzkoan dago, Aizkorri-Aratz Parke Naturalean, eta bisita gehien jasotzen dituen eta Instagramen gehien argitaratzen den gure tokietako bat da.
Zer da Aitzuloko begia?
Hareharrian landutako egitura natural bat da Aitzuloko begia. Tunel txiki bat balitz bezala, Orkatzategi mendia zeharkatzen du, eta, goian, zulo erraldoi bat du: begi-ninia gogorarazten du, eta hortik datorkio izena.
Altxor geologiko bat da, hainbat mendetan gertatutako fenomeno karstikoen emaitza, eta Oñatiko bailarara ematen du; harri eta zur utziko zaitu.
Nola iristen da Aitzuloko begira?

Modu asko daude Aitzuloko begira iristeko.
Ausartenentzat, bada Arantzazutik (Oñati) abiatzen den ibilbide-aukera bat. 10 bat kilometro ditu, eta nahiko gogorra da, harri eta malda artean gora egin behar baita. Hortaz, ez da edonorentzako modukoa.
Bisitari gehienek Araoztik Aitzuloko begira doan ibilbide zirkularra aukeratzen dute. 7,5 kilometro inguru ditu; bidea ondo seinaleztatuta dago, eta ez da oso zaila. Ez da oso basotsua, eta eremu harritsu irristakor batzuk eta maldaren bat edo beste dira arriskutsuenak; gainerakoan, ez dago zailtasun handirik, eta, beraz, ibilbide ezin hobea da familian egiteko. Gainera, ibilbide laburra aukeratu dezakezu, eta zuzenean Aitzulora joan, Orkatzategiko gailurrera igo gabe.
Non hasten da Aitzuloko begirako ibilbidea?

Aitzuloko begira garamatzan ibilbide zirkularrak PR-GI 3003 mendi-bideari jarraitzen dio, Uraren Bidea izenez ezagutzen denari, eta Araozko herri txikian hasten da.
Handik, Orkatzategira igoko gara lehenik, eta, gero, Aitzuloko begira.
Kontrako noranzkoan ere egin dezakezu ibilbidea: lehenik, begira hurbildu, eta, gero, Orkatzategira igo. Edo, lehen esan dizugun bezala, mendira ez igo, eta zuzenean Aitzuloko begira joan. Aitzuloko begirako ibilbide laburra da hori, 4 bat kilometrokoa.
Ibilbiderik ikusgarriena lehena da, Araoztik irteten, Orkatzategira igotzen eta, gero, Aitzuloko begira iristen dena. Hari buruzko xehetasun gehiago emango dizkizugu.
Nolakoa da Aitzuloko begirako ibilbidea?
Araotzen hegoaldean, San Migel elizaren atzean, aparkaleku bat duzu; han utz dezakezu autoa, Aitzuloko begirako ibilbideari ekiteko.
Aparkalekutik oso hurbil, bide bat ikusiko duzu hesi baten ondoan; hor hasten da PR-GI 3003 bidea, eta marka zuriz eta horiz seinaleztatuta dago.
Ibilbideko lehenengo metroak asfalto eta zementu gainean egiten dira, pixkanaka gora eginez, Zeliaundi mendixkaraino.
Han, Ugastegiko Santa Krutz ermita dago, baita informazio-panel bat ere, bidegurutzeetan laguntzeko. Aitzuloko begira iristeko, eskuinera hartu behar da, lur-bidetik.
Handik gutxira, multzo megalitiko txiki bat dago, Linatzako tumulua.
Aurrera jarraituko dugu, eta Orkaitzategiren gailurrera iritsiko gara, gure ibilbideko lekurik garaiena. Handik, ikuspegi zoragarria dago: Urkuluko urtegia, Anboto eta Udalaitz, eta Aloñako eta Zaraiako mendilerroak. Inguruan, paisaia bikaina ikusiko duzu, eta, beharbada, sai arreren bat ere bai, ohikoak baitira.
Bideari jarraituz gero, behera egingo dugu. Berriz ere hilobi-arte megalitikoaren zenbait erakusgarrirekin eta urtegi batekin egingo dugu topo; orduan jakingo dugu Aitzuloko begira iritsi garela.
Zer ikus daiteke Aitzuloko begitik hurbil?
Hor zabiltzanez, inguruko natura- eta ondare-altxorren bat ere ezagutzea gomendatzen dizugu.
Arrikrutz kobetan sar zaitezke, eta hango estalaktika eta estalagmita txundigarriekin harri eta zur gelditu.
Edo Arantzazuko santutegira hurbildu zaitezke; han, basilikaren fatxada eta haren hiru dorre punta-zorrotzak nabarmentzen dira, guztia Oteiza eskultoreak egina.
Halaber, Oñatiko galtzada-harrizko kaleetan barrena pasea dezakezu, eta Sancti Spiritus unibertsitatea bisitatu, euskal unibertsitateetan lehena; haren kasetoidura mudejarra eta klaustro errenazentista apartak dira.
Jantzi botak, eta etorri Gipuzkoako eta Euskadiko txoko natural politenetako bat ezagutzera: Aitzuloko begia.
Goiburuko irudia: Gipuzkoa Natura / Gipuzkoako Foru Aldundia