Gogoan duzu nola elkartzen zinen familiakoekin eta kuadrillakoekin Trivialean aritzeko? Bai, mahai-joko hura zen, galdera pila bati erantzunda 6 gaztatxo lortu behar zenituena. A zer oroitzapenak, ezta?

Baina oraindik ez dugu ahaztu, inondik ere: ikaragarri gustatzen zaigu! Baina orain doako app pila bat dugu, mugikorrean deskargatzeko moduan eta gure jakintza probatzeko moduan, nahi dugunean, etxean festa prestatu beharrik gabe. Gainera, jokoan aurrerapenak izan dira, eta orain zuzenean joka dezakegu, eta sariak jaso dirutan. Telebistan bageunde bezala! Partidatxo bat jokatu nahi duzu?

Azken nobedadea, jokatu zuzenean eta irabazi euroak

  • Q12 Trivia.  Joko hau boladan dago oraintxe, eta arrakasta itzela izaten ari da. Betiko trivialaren bilakaera da; orain lehiaketa bat da, eta sariak jaso ditzakezu dirutan. Zenbait berezitasun ditu: lehena da 22:00etatik aurrera bakarrik joka daitekeela, eta zuzenean egin behar dela. Nola? Aurkezle batek zuzentzen du lehiaketa Madrilgo estudio batetik, eta galderak egiten ditu 12 txandatan, horietako bakoitza hiru erantzun posiblerekin. Edonork parte har dezake mugikorretik edo tabletatik, betiere 22:00etatik aurrera konektatzen bada; galdera bakoitzari erantzuteko 10 segundo daude. Egunero 250 euro banatzen dira dirutan, eta igandeetan 1.000 euro. Eta inork asmatzen ez badu, hurrengo egunerako pilatzen da dirua. Oraindik ez duzu entzun hari buruzko aipamenik? Bada, gaueko hamarrak aldera, kalean zoazela, “Kk… huts egin dut!” entzuten baduzu, badakizu zeri buruz ari diren…

Aukera klasikoago batzuk

  • Trivial Cuestionados. Hauxe da betiko Trivialaren antz handiena duen aplikazioa. Doako joko bat da, eta zure lagunei erronka jo diezaiekezu ohiko taulan partida bat jokatzera edo mailakako erronka bizkorretara. Zuk bakarrik joka dezakezu, liga batean parte har dezakezu eta txapelketa pribatuak antolatu, zuk nahi duzun jendea gonbidatuta. Eta pentsatuko zenuen bezala, guztietan, oinarria da kultura orokorreko galdera pila bat egitea eta haiei erantzutea, sei ataletan: orokorra, geografia, ikuskizunak, historia, artea eta literatura, zientzia eta kirolak. Androiderako bakarrik dago erabilgarri. Goazen gaztatxoak lortzera!
  • Trivial party. Bertsio hau ere doakoa da eta iOSerako bakarrik dago. Aldi berean, gehienez sei jokalarirekin joka dezakezu eta ia 10.000 galdera ditu, ohiko mahai-jokoko atal berberetan banatuta. Eta telebistako lehiaketen ukitu bat du, lotura-galdera batzuk baitaude, zeinetan erantzunak bata bestearekin lotu behar baitituzu, bat bera ere geratzen ez den arte.
  • Preguntados. Ezagunenetako bat da; historia, geografia, artea, kirolak… atal askotako galderak ditu, eta bi modutara joka daiteke. Lehen moduan jokalari gisa joka dezakezu: erruletari bira eman, eta erantzun galderei egokitzen zaizun ataletan. Eta bigarrenean, galderak sor ditzakezu, eta lau erantzun posible eman galdera horiei. Androiderako eta iOserako bertsioak ditu.

Eta gehigarri gisa, gure bizio dibertigarriena:

  • Apalabrados. Trivial jokoaren formatuarekin zerikusirik ez du, baina oso joko ezaguna da, erabat entretenigarria, eta aipatzea merezi du. Scrabble jokoaren antzekoa da, digitala eta doakoa, eta egokitzen zaizkizun letrekin hitzak osatu behar dira. Letra bakoitzak puntuazio bat du, eta taulan puntu horiek biderkatzen dituzten laukitxoak daude. Letra guztiak amaitu behar dira, ahalik eta puntu gehien lortuta. Edonorekin, ausaz, joka daiteke, edo zure lagunekin joka dezakezu. Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu. (Ssshhh: aplikazio hau hain da ezaguna non webgune bat baitago gaztelaniazko hitz onenak lortzeko trikimailuak kontatzen dituena. Apalabrados.org izena du, baina ez ezazu inoiz erabili ;-)).

Bada, aplikazio horiekin, dibertsio didaktikoan ordu pila bat duzu ziurtatua. Trivialaren beste bertsio dibertigarriren bat edo antzeko jokoren bat ezagutzen baduzu, idatz iezaguzu iruzkin bat, eta azaldu iezaguzu!.