Zeure buruari galdetzen diozu ea nola moldatzen den jendean hain reel landuak egiteko Instagramen, Faceboken edo TikToken? Lasai, denak ez dira Irudi eta Soinu Eskolako ikasleak, baina badakite app asko daudela reelak doan egiteko aukera ematen dutenak, eta horiek baliatzen dituzte bazter guztietara zabaltzen diren bideoak egiteko minutu gutxian. Euskaltelen mugikorretik, zuk ere sor ditzakezu influenceren moduko reelak, hiruzpalau trikimailu baliatuta. Horien berri emango dizugu hemen.

Nola egin reelak

Aho zabalik gelditzen zara reel ikusgarriei begira? Brikomaniakoak, dekoraziokoak, estetikakoak, denek imitatzen duten dantza trendy hori, modari lotutako erronkak, oporretarako tokiak, irribarrez uzten zaituzten hainbat txorakeria...

Izan ere, hori da reelek Instagramen, Facebooken edo Tik Token duten arrakastaren gakoa. Harrapatu egiten zaituzte, bideo laburrak baitira, barregarriak, musika eta efektu bereziekin, eta zuk ere hori guzti aplikatu nahiko zenieke zure reelei.

Zure mugikorretik lehen reela sortu nahi baduzu, zuzenean egin dezakezu sare sozial bakoitzeko “Reel” aukeratik, edo reelak egiteko aplikazioak erabil ditzakezu, edizio-aukera gehiago ematen baitizkizute.

Nola argitaratu reel bat

Reelak argitaratzeko, bideo bat grabatzen edo kargatzen duzu zure mugikorraren galeriatik, musika, zure audioa edo offeko ahots bat gehitzen dituzu, bai eta stickerrak, iragazkiak, trantsizioak, efektuak, inkestak eta abar ere. Abiadura doitzen duzu, klip batzuk gehitu pieza bakar batean…, eta argitaratu egiten dituzu.

Baliatu zure estiloa. Horretarako, lagungarri izango zaizkizu gure-gureak diren esapidez beteriko sticker hauek.

Reeletako bideoen iraupena eta formatua sare sozial bakoitzaren arabera aldatzen da. Jarraitu irakurtzen.

Nolakoak dira reelak Instagramen?

15 segundotik 90 segundora bitarte irauten dute, eta, adibidez, 15 segundoko zenbait klip gehitu ditzakezu, azken bideoa egiteko.

Emaitza “Reels” atalean agertuko da (1080 x 1920ko bereizmena eta 9:16 erlazioa), bai eta berrien zure “Feed”ean ere (4:5 edo 1080 x 1350 formatura egokitzen du).

Beste reel bat sortzeko, sakatu beheko + ikurra, eta aukeratu reels aukera. Instagramek eskaintzen dizkizun edizio-aukera guztiak azalduko zaizkizu hor.

Interakzioa: gorde, like sakatu, iruzkindu, bidali mezu bidez, partekatu zure istorioan edo Instagrametik kanpo (WhatsApp, Twitter, Telegram…), beheko lerroan dagoen Partekatu menutik.

Nola funtzionatzen dute reelek Facebooken?

Instagramen oso antzekoa da sistema, egia esan. Bideoak bertikalak dira hemen, eta 15, 30, 60 edo 90 segundo irauten dute.

Non sortzen da reel bat? Zuzenean, zure horman, “Zer ari zara pentsatzen?” galderatik, eta han “Reels” hautatuz, edo zure profilean, “Argitalpenak” botoiaren ondoan.

Ikusteko, beste erabiltzaile batzuen reelak aterako zaizkizu “Feed”ean, eta “Reel” menuan.

TikToken bideo biralak

Tik Tokek bideoak argitaratzeko aukera bakarrik ematen du; ez dira reelak, iraupena ez baita hain zorrotza. Are gehiago, orain Tik Token 10 minutura bitarteko bideoak egin daitezke; lehen baino luzeagoak, beraz.

Ikusten duzunez, ez dira reelak berez, baina haietan dute jatorria; izan ere, haiek erakutsi zuten lehen aldiz zenbaterainoko komunikazio-ahalmena duten bideoek, gazteen artean bereziki.

Bideoak Tik Token editatzea eta argitaratzea Instagramen edo Facebooken argitaratzearen oso antzekoa da. Hau da, bideo bat grabatu edo mugikorretik igo, eta era guztietako efektuak, musika, testua... erantsi. Formatua 1080 x 1920 da.

Ezagutzen baduzu, badakizu zertaz ari naizen. Eta, bestela, ireki kontu bat, eta hasi bideoak igotzen.

Hemen zerrendatzen dizkizugu bideoak eta reelak egiteko aplikaziorik onenak.

Mugikorretik reelak egiteko doako aplikazioak

Irakurri berri duzun bezala, Instagrametik edo Facebooketik bertatik zuzenean egin ditzakezu reeelak eta TikToketik zuzenean bideoak.

Editatzeko aukera gehiago behar badituzu hondoa ezabatu nahi duzulako edo klipak bakarka erabili nahi dituzulako modu profesionalagoan, zure bideoak doako app hauekin editatzea gomendatzen dizugu, aukera ematen baitizute reelak zure mugikorretik bertatik egiteko.

CapCut

Hau aipatzen dugu aurrena, reeletan gehiena ikusiko duzun doako aplikazioa baita. Ordenagailutik eta mugikorretik edo tabletatik lan egiteko aukera ematen du.

Hauek ditu ezaugarri erakargarrienak: testua ahots bihurtzeko aukera ematen du, eta azpitituluak automatikoki jartzen ditu (eta, gaur egun, nahitaezkoa da hori). Gainera, aukera ematen dizu funtsezko fotogramekin lan egiteko, hondoa kentzeko... eta edizioko ohiko aukera guztiak baliatzeko: efektuak, trantsizioak eta abar.

Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

KineMaster

Reel gehien argitaratzen duten eduki-sortzaileek oso gogoko dute doako aplikazio hau. Eta ez da harritzekoa, aukera ematen baitu irudiaren edo kliparen hondoa ezabatzeko, chroma-key eta reverse video erabiltzeko... Baina, lasai, hasi berria bazara ere, oso lagungarria izango zaizu. Aukeratu txantiloi bat (asko ditu aukeran), eta argitaratu zure lehenengo reela.

Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

Canva

Beharbada entzuna izango duzu izena, oso aplikazio malgua baita. Asko zabaldu da aplikazio honen erabilera, eta ez soilik bideoak egiteko.

Instagramen edo Facebooken zuzenean argitaratzeko aukera emateaz gain, doako aplikazio honek edizio-aukera ugari ematen dizkizu: efektuak eta musika, trantsizio ederrak eta efektu ikusgarriak, txantiloiak…

Funtzio gehiago lortzeko, harpidetu egin behar duzu.

Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

InShot

Doakoa da, eta funtzio ugari ditu: geruzak eta argazkiak gehitzeko aukera, klipak zatitzeko eta konbinatzekoa, bideoen audioa ateratzekoa, 4Kra esportatzekoa, chroma...

Harpidetuz gero, funtzio gehiago izango dituzu aukeran; esate baterako, iragarkiak edo ur-markak kendu ahal izango dituzu.

Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

VideoShow

Zure reelei bizitasun handiagoa emateko doako tresna; 30 iragazki baino gehiago, musika-katalogoa, bideoa konprimatzeko aukera, irudien zooma, timelapsea, hondoa lausotzeko aukera, eta abar.

Aukera profesionalagoak izan nahi badituzu, harpidetu egin behar duzu.

Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

Filmora

Urteak daramatza sare sozialetako eduki-sortzaileei zerbitzua ematen. Reeletarako bideoak mugikorretik sortzeko eta editatzeko aukera ematen du: egile-eskubiderik gabeko musika, offeko ahotsa, klipak elkartzeko eta biratzeko aukera, hondoak aldatzekoa, fotograma jakin batzuk animazio bihurtzekoa... Hori guztia, ohiko efektu, trantsizio, sticker eta gainerakoez gain, noski.

Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

Viva Cut

Deskargatu Euskaltelen mugikorrera, eta erantsi detaile politak zure reeletan: trantsizioak, bereizmen pertsonalizatua, geruzak, testu-animazioa, musika, klipen abiadura… Eta askoz gehiago. Doakoa da.

Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

iMovie

iOSerako doako aplikazioa bideoak editatzeko. Malgua eta aukera askokoa: klipak ezabatzea eta atolatzea, gidoi grafikoak baliatzea, izenburuen animazioa, bideoa albumetik, trailerren txantiloiak… eta 4Kra esportatzeko aukera.

iOSerako.

VivaVideo

Sortu zure reela mugikorretik eta, gero, igo Instagramera. Doako aplikazio honi esker, trantsizio originalak egin ditzakezu, abiadura aldatu, bideoaren zatiren bat moztu eta biratu, testu-estiloak edo efektu dinamikoak erabili....

Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

Splice

Deskargatu, eta hasi probak egiten zure reelekin: aplikatu maskarak, saiatu argazkiak eta bideoak gainjartzen, egin probak asetasunarekin eta kontrastearekin, moztu klipak, jarri offeko ahots bat, erantsi musika… Egin bidea sormenari doako aplikazio honekin.

Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

Clips

iOS sistemako zure mugikorretik, editatu reeletarako bideoak, gehien ikusiak izan daitezen Instagramen eta Facebooken. Hauek dira doako tresna honek ematen dituen aukeretako batzuk: erabili memojiak eta emojiak zure klipetan, baliatu errealitate areagotua, sortu izenburu animatuak zure ahotsa abiapuntu hartuta...

iOSerako.

Reelak prestatzeko eta Instagramen, Facebooken edo Tik Token nola funtzionatzen duten ikusteko gogoa? Ikusiko duzu nola lagunduko dizuten reelak egiteko aplikazio hauek zure bideoak bazter guztietara zabaltzen.

Sareetan ikusiko zaitugu!