Jakingo duzu dagoeneko urte bisustua dugula aurten, ezta? Aurten, beraz, 29 egun ditu otsailak. Gehiago jakin nahian, pentsatu dugu ea zergatik gertatzen den lau urtean behin eta zergatik den otsaila urteko hilik laburrena. Lasai, post hau ez da matematikari buruzkoa, nahiz hala dirudien. Erantzun ulergarriak bilatu ditugu, kontua ez baita uste bezain erraza.

Zergatik ditu otsailak beste hilabeteek baino egun gutxiago?

Gaur egun erabiltzen dugun egutegi gregorianora iristeko, hainbat neurketa, eztabaida eta doikuntza egin behar izan ziren. Kontu txikietan ados jartzea zaila baldin bada, zer ez ote zen izango egutegiarena!

Denbora banatzeko lehenengo sistema egutegi erromatarra izan zen. Romulo erregeak hamar ilargi-hilabetetan banatu zuen urtea, batik bat nekazaritza-jarduera ardatz harturik. Banaketa horren arabera, martxoan hasten zen urtea, udaberriarekin batera, eta ez ziren existitzen ez urtarrila, ez otsaila (hau da, nekazaritza-jarduerarik ez duten hilak). Sistema horrekin, 304 egun bakarrik zituen egutegiak.

Numa Pompilio erregeak ez zion zentzurik ikusi egutegi hari, eta beste bi hilabete gehitzea erabaki zuen, egutegia ilargi-zikloari egokitzeko. Hala jaio ziren urtarrila eta otsaila, 29 eta 28 egunekin, hurrenez hurren. Beste arazo bat sortu zen orduan: zenbaki bikoitien superstizioa.

Doikuntzak gorabehera, oraindik ez zen konpondu kontua. Azkenik, Julio Zesarrek finkatu zuen 365 eguneko egutegia, eta soberan zeuden egunak beste hilabeteen artean banatu zituen; 30 eta 31 egunekoak izatera pasatu ziren orduan. Otsaila, iristen azkenetakoa, eta udaberriaren aurretik garbitzeko hilabetea ere badena, 28 egunekin geratu zen. Eta hari gehitzen zitzaion urte bisustua, lau urtean behin.

Urte bisustua

Hain zuzen ere, egutegiaren 365 egunen eta Lurrak eguzkiaren inguruan bira osoa emateko behar dituen 365,2422 egunen (hots, 365 egun eta sei orduren) arteko desfasea konpondu nahi zen haren bidez. Baina Julio Zesarren egutegiak minutu batzuetako desfasea zuen.

1582an, Gregorio XIII.a aita santuak azken zuzenketatxo bat egin zuen. Egutegi gregorianoak, gaur egun erabiltzen dugunak, lau urtean behingo 366 eguneko urte bisustuari eutsi zion, baina salbuespen batekin: ez ziren bisustuak izango 100en multiploak, non eta ez ziren 400ekin zatigarriak.

Bitxikeriak

Historia-irakaspen honen ondoren, imajinatu dezakezu zer bereziak diren urte bisustuak. Hona hemen bitxikeria batzuk, zure lagunak aho-zabalik uzteko:

  • Otsailaren 29an jaiotakoek 4 urtean behin bakarrik ospa dezakete beren urtebetetzea. Egun horretan jaiotakoak dira, besteak beste, Pedro Sánchez eta Mikel Balenciaga, Athleticeko jokalaria.
  • Gaixotasun arraroen eguna ere bada otsailaren 29a.
  • Ingalaterrako tradizioan, egun horretan, Bachelor’s Day ospatzen dute, hots ezkongabeen eguna; egun horretan, emakumeek aukera zuten gizonei ezkontzeko eskatzeko.
  • Hamarkada honetako lehen urte bisustea da hau.
  • 2020ko egutegia 1936koaren, 1964koaren eta 1992koaren berdina da. Izan ere, almanakak 28 urtean behin izaten dira, urte bisusteen arauari jarraituz. Beraz, 2048an, 2076an eta 2116an ere erabili ahal izango duzu aurtengo egutegia.
  • Urte bisusteak zorte txarrarekin lotzen dira. Sineskeria izan daiteke, edo ez, baina ikusi datu hauek: Titanic 1912an hondoratu zen, Espainiako Gerra Zibila 1936an hasi zen, John Fitzgerald Kennedy eta Martin Luther King 1968an hil zituzten, Gandhi 1948an eta John Lennon 1980an.
  • 2020an, Tokioko Joko Olinpikoak eta Dubaiko Expoa egingo dira, eta, horretaz gain, arratoiaren urtea da Txinako horoskopoan.

Eta zuk, ezagutzen duzu urte bisustuei buruzko beste bitxikeriarik? Idatzi eta kontatu!