Rebajas, Beherapenak, Sales… Uda hasiz geroztik, bazter guztietan ageri dira halako kartelak. Oinetakoak, galtzak, alkandorak, smartphoneak... Tentaldiak barra-barra bazter guztietan! Eta gu, zoratzen.

Baina deskontuen berri ematen duten erakusleihoetako kartelez gain, onlineko beherapenak ere badira, urtean 365 egun irauten dutenak eta maukarik onenak eskuratzeko aukera ematen dutenak. Webgune hauek salneurri beheratua duten produktuak aztertzen dituzte, eta beren sare sozialetan eskaintzen dituzte gero; batik bat, Twitterren eta Telegramen.

Inoiz bilatuko zenituen sarean smartphone bati buruzko iritziak, ezta? Eta prezio ikaragarri ona eskaintzen zizun web-orriren bat aurkitu ere bai, ezta? Eta estekan sakatzean, ikusi duzu onlineko denda handi bateko erosketa-prozesuaren erdian zaudela. Teknika horri referral esaten zaio, eta erabiltzailea webgune batetik bestera eramatean datza. Horren truke, webguneek salmenta bakoitzeko portzentaje bat irabazten dute. Halako webgune asko daude, eta sare sozialetan oinarritzen dira denak: WhatsApp, Telegram, Twitter, Facebook…, nork esango dio ezetz gogokoen duen smartphoneari buruzko eskaintza tentagarriak jasotzeari?

Gauza benetan izugarriak lortzeko aukera emango dizuten webgune batzuen berri emango dizugu, baina, lehenik eta behin, utzi dezagun garbi kontu bat: haien helburua saltzea da, onlineko denda jakin batzuekin dituzten hitzarmen komertzialen bidez, baina guk ez dugu zerikusirik denda horiekin. Behin hori garbi utzita, has gaitezen. Benetan ikusgarriak dira webgune horietako batzuk.

Made in China

Oferchinas. Izena ikusita, ez da zaila asmatzea zer motatako webgunea den, ezta? Bada, bai, Made in China diren produktuak aztertzen eta gomendatzen ditu, eta ekialdeko onlineko saltoki erraldoi batzuen eskaintzen berri ematen: AliExpress, Gearbest, Banggood y Shein.

Bideo-jokoak

Yambalú. Webgune honek beheratuta dauden bideo-joko, kontsola eta osagarriak eskaintzen ditu nazioarteko onlineko 20 dendatatik baino gehiagotatik aukeratuak. Besteak beste, eBay, Amazon, Wakkap eta Game saltokietakoak.

Kirolak

Chollodeportes. Korrika egiteko, igeri egiteko, triatloiko, txirrindularitzako eta traileko produktu eta jantziak modu onean lortu nahian bazabiltza, hauxe duzu webgunerik egokiena. Gainera, kirol horietarako behar dituzun (eta behar ez dituzun) gailu elektroniko guztiak ere eskuratu ditzakezu. Baietz asmatu zer saltoki erraldoi dauden webgune horren atzean! Jakina! Amazon eta eBay, noski; eta Wiggle eta Chainreactioncycles ere bai. 

Denetarikoak

Canaldechollos. Kategoria-, sekzio- eta denda-klase guztietako mauka ezin hobeak aurkituko dituzu hemen. Denetarik! Mugikorrak, oinetakoak, arropa, termometro digitalak... eta bururatzen zaizun beste edozer.

Ofertitas. Eta hori guztia nahikoa ez balitz, bidaia-eskaintzak, etxerako gauzak, artisau-produktuak, edergintzakoak... Sartu Ofertitas webgunean. Badakizu zein duen hornitzaileetako bat? Carrefour. Eromen totala.

Compradicción. Weblogs blog-sareko kide da webgune hau. Ekonomia, motorra, aisialdia, bizimodua... Nahi duzun guztia. Eta gehiago. Guk 28 blog zenbatu ditugu; beraz, edozer bilatzen duzula ere, hemen aurkituko duzu. Seguru!

Eta zuk? Ezagutzen duzu sekulako maukak eskaintzen dituen beste kanalen bat? Bada, emaguzu horren berri, iruzkin batean!