Oso gogoko duzu moda eta hurrengo egunean zer jantziko duzun pentsatzen ematen duzun eguna? Bada, aplikazio asko eta asko dituzu —bai Androiderako, bai iOSerako— modarekin lotuak. Eta ezinezkoa zaigunez denen berri ematea, azken-azken joerei jarraitzen lagunduko dizutenak aipatuko dizkizugu hemen.

Trendyena

Egia esan, ez da aplikazio bat, baina Bilboko Lookiero start-uparekin hasi nahi dugu,  proiektu benetan erakargarria baita. Irudi-aholkularitzako talde batek osatutako plataforma bat da, estilo handiz eta batere nekerik gabe janzten lagunduko dizuna. Oso funtzionamendu erraza du: nahikoa duzu erregistratzea eta atsegin duzun estilo-profila betetzea; horrekin, Lookieroko personal shopperak bost jantzi aukeratuko dizkizu, zuretzat berariaz pentsatuak. Astebete pasatu aurretik, etxean jasoko dituzu, postaz, bost jantzi horiek, konbinatzeko zenbait aholkurekin batera. Atsegin dituzun eta erosi nahi dituzun jantziak bakarrik ordaindu beharko dituzu; gainerakoak, batere gasturik gabe itzul ditzakezu. Galdera bat darabilzu buruan, ezta? Zer markatakoak dira jantzi horiek? Bada, hainbeste marka dituzte aukeran, ezen ia guztiz ezinezkoa baita kalean jantzi hori bera duen beste norbait topatzea. Lookierok ia guztiz ezagunak diren 100 marka inguru ditu erreferentzia gisa, bertako langileek aukeratuak denak.

Prezio guztietako moda

Modaren izen handien eremuan sartuko gara orain. Erresuma Batuko Asos munduko onlineko merkataritza-talderik handienetako bat da; modako milaka jantzi eta osagarri ditu, hainbat markatakoak eta prezio askotakoak. Berezko marka bat ere badu, izen handiko diseinatzaileek elikatzen dutena. Horregatik guztiagatik, erreferentzia ezaguna da modaren munduan, eta joera sortzen du. Moda-kontuetan zer dagoen puri-purian jakin nahi baduzu, sartu webgunean edo doako aplikazioan (Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu).

Amazonek gailu eta osagarri elektronikoak bakarrik saltzen dituela uste baduzu, oso oker zaude. Arropa ere badu salgai, marka eta prezio askotakoa. Hori bai, argi ibili: merkataritza-gune birtual erraldoi moduko bat da, eta, beraz, huts-hutsik utz dezake zure kreditu-txartela. Oso fidagarria eta segurua da entrega-epeei, bidalketei eta erositakoa itzultzeko politikei dagokienez. Androiderako eta iOSerako bertsioak deskarga ditzakezu doan.

21 buttons kasu berezia da: sare sozial bat da, eta aplikazio bat aldi berean, eta berak eta beste sare sozial batzuek erakusten dituzten lookak errentagarri  egitea du helburu. Jende askok besterik uste badu ere, ez dago influencer izan beharrik gogoko duzun arropa sare honetan saldu ahal izateko. Erregistratzen den edonork egin dezake hori: nahikoa da argazki bat igotzea sare sozialera eta jantzi eta osagarri guztiak etiketatzea, behar duten informazio guztia izan dezaten erosleek (marka, neurria, modeloa, kolorea eta prezioa). Gainera, estilismo desberdinak parteka ditzakezu, gehien gustatzen zaizkizunak gorde, edo zure estilismoa sortu, jantzi eta osagarriak banaka aukeratuz. Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu, doakoak biak.

Marka-kapritxoak

Net-A-Porter aplikazioak munduko diseinatzailerik onenen arropa, osagarriak eta produktuak saltzen ditu. Esate baterako, Gucci etxeko jantziak, Miu Miu markako oinetakoak edo Adidasen kirol-oinetakoak aurkituko dituzu. Jakina, prezioak ez dira denontzako modukoak, eta bezeroek, beraz, erosteko ahalmen handia dute. Baina, tira, merkealdiak aprobetxa ditzakezu!  Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

MyTheresa Alemaniako konpainia bat da, luxuzko arropa eta osagarriak online saltzen dituena. Valentino, Yves Saint Laurent, Jimmy Choo eta Stella McCartney dira saltzen dituen marketako batzuk. Net-A-Porter garestia dela esan dugu, eta hau ere antzeko. Arropa eta osagarri esklusiboak saltzeaz gain, joera-sortzaile ezaguna da MyTheresa. Eman begiratu bat Vogueko artikulu honi: marka horren erosleek esaten dizute zein diren erosi behar EZ dituzun oinetakoak modaren azken joerei jarraitu nahi badiezu. iOSerako bertsioa bakarrik dago.

Vestiari Collective etxea pixka bat merkeagoa da, eskaintzen dituen marka oneko jantzi eta osagarriak bigarren eskukoak baitira. Prezioak, hala ere, ez dira merkeak, baina euro batzuk aurreztuko dituzu Chanel, Dior edo Valentinoren jantziren bat erosteko apeta baduzu. Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

Eta zuk? Baduzu gustuko aplikazioren bat zure arropa-armairua betetzeko? Bada, emaguzu horren berri, iruzkin batean ?