Gipuzkoako ondareko toki txundigarrienetako bat ezagutu nahi duzu? Han, XVI. mendeko burdinola zahar bat ikusi ahal izango duzu, martxan, eta erakusketetan, tailerretan edo familia osoarentzako jolasetan ere parte hartu ahal izango duzu. Mirandaolako burdinolaz ari gara.

Milaka urteko tradizioa dute burdinolek Legazpin, eta Mirandaolako burdinola da XV. mendean herrian zeuden zazpi burdinoletatik mantentzen den bakarra.

Oso toki berezia da, eta 2020an “Historical Landmarks” aintzatespena eman zion metalaren elkarte amerikar entzutetsuak (American Society for Metals, ASM).

Post honetan, Mirandaolako burdinola bisitatzeko behar duzun ezinbesteko informazioa emango dizugu.

Zer ikus daiteke Mirandaolako burdinolan?

Mirandaolako burdinola euskal tradizioaren eta kulturaren sinbolo bizia da. Miguel de Plazaola olagizon nagusiak eraiki zuen, eta XV. mendetik XIX.era bitartean egon zen martxan.

XX. mendetik aurrera itxita egon zen urte askoan, baina 50eko hamarkadan birgaitu egin zen, Patricio Etxeberriaren eta Teresa Agirreren mezenasgoari esker.

Orain, gure arbasoek burdinolan nola lan egiten zuten erakusten die bisitariei.

Mirandaolako burdinolan, olagizonek makinak abiarazten dituztenean, XVI. mendean gaudela sentituko dugu. Uraren indarrak bi hauspo handiri eragiten die. Hauspo horiek sua zirikatzen dute, eta burdina gori-gori jartzen dute, 1.200 gradu baino gehiagoan. 300 kilotik gorako mailu handi batek moldatzen du azken emaitza.

Hauspoen gelan hasten da bisita, eta lantegian jarraitzen du: garaiko jantziak daramatzaten olagizonek makinak maneiatzen dituzte, eta forjaketa-erakustaldi bat egiten dute.

Mirandaolako burdinolan ez da xehetasunik falta: kanalak, anteparak, gurpilek, hauspoak, ingudeak edo gabiak doitasunez egiten dute beren lana, baita modu ikusgarrian ere.

Nola bisitatu daiteke Mirandaolako burdinola?

ferreria mirandaola hierro

Irudia: Lenbur Burdin Harana

Hitzordua hartuta soilik bisitatu daiteke Mirandaolako burdinola. Hitzordua hartzeko, deitu 943 73 04 28 zenbakira edo bidali mezu elektroniko bat [email protected] helbidera

Banaka edo taldean etor zaitezke, eta martxan ikus dezakezu burdinola, edo beste egunen batean bisitatu dezakezu.

Onena da Mirandaolako burdinolako jardueren agenda kontsultatzea, haren webgune ofizialean. Horrela, burdinola martxan noiz ikus daitekeen jakingo duzu (eskuarki, hilean pare bat igandetan), edo zer ekitaldi, erakusketa eta tailer dauden egun bakoitzean, eta zein egunetan bisitatu nahi duzun aukeratu ahal izango duzu.

Zenbat kostatzen da Mirandaolako burdinola bisitatzea?

ferreria mirandaola museo

Irudia: Lenbur Burdin Harana

Lehenik eta behin, publiko orokorrarentzako bisitak daude. Museoa itxi baino 30 minutu lehenago amaituko da sarreren salmenta. Sarrerak besterenezinak dira.

Tarifa hauek ordaindu behar dituzte burdinola martxan ikusi nahi dutenek.

  • Helduak: 8,5 €

  • Haurrak (3 eta 12 urte bitartekoak): 5 €

  • Haur txikiak (2 urtetik beherakoak): doan

  • Burdin Harana txartela (Euskal Burdinaren Museoa eta kapera barne): 5 €

  • Doako tarifa bereziak ikasleentzat, turismo-gidarientzat, irakaskuntza arautuko irakasleentzat eta kazetarientzat.

Badaude audiogidak, eta frantsesez eta ingelesez egin daiteke bisita.

Bisita amaitzeko, olagizon-pintxo bat dastatzeko aukera ematen du sarrerak: burdinolako bertako txingarretan egindako txistorra, baserriko ogiaz eta sagardoaz lagunduta.

Bestalde, burdinola martxan ez dagoenean ere egin dezakezu bisita gidatua. Kasu horretan, 5 € ordaindu behar dira.

Gainera, badira familientzako bi tailer, Olentzero eta Burdintxo, eta 5na €-ko prezioa dute. Bestetik, pista-joko bat ere badago, bisitarekin erlazionatutako galderez osatua, eta ezin hobea da familian egiteko.

Taldeentzako bisitei dagokienez, edozein egunetan egin daitezke, baina beti hitzorduarekin. Hitzordua erreserbatzen duzunean jakingo duzu bisitaren kostu zehatza, tarifa berezia baitu.

Nola iristen da Mirandaolako burdinolara?

Mirandaolako burdinola izen bereko parkearen barruan dago, Aizkorri Parke Naturalaren hegalean. Hain zuzen ere, Legazpi eta Oñati lotzen dituen GI-2630 errepideko 5. kilometroan.

Parkerako sarbideak erosoak dira, eta oso ondo seinaleztatuta daude.

Autoz sar zaitezke barrutian, eta Turismo Bulegoaren aparkalekuan utz dezakezu. Turismo eta autobusetarako plazak eta mugikortasun urriko pertsonentzako eta autokarabanetarako aparkalekua daude; autokarabanek badute, halaber, ur grisak eta beltzak husteko zerbitzu-puntu espezifikoa.

Garraio publikoan ere joan zaitezke Mirandaolako burdinolara; adibidez, hiri-autobusa erabiliz. Motxorro eta Zubitxo dira Mirandaolako parketik hurbilen dauden geralekuak.

Zer ikus daiteke Mirandaolako parkean?

ferreria mirandaola parque

Irudia: Lenbur Burdin Harana

Burdinolaz gain, Mirandaolako parke osoa aparteko kokalekua da.

Hor dago Euskal Burdinaren Museoa. Industria-eraikin birgaitu bat da; hor, burdinaren sekretuak ezagutuko dituzu, eta berehala ohartuko zara zergatik den hain garrantzitsua Euskadin.

Maketak, ikus-entzunezkoak eta aretoak ditu, eta antzinako lanbide batzuk nolakoak ziren ikusiko duzu; esaterako, olagizonarena, meatzariarena edo ikazkinarena. Txondor bat ere badu, tamaina errealean.

Burdinolaren ondoan, Mirandaolako Gurutze Santuaren kapera dago. Barruan, Soler Blascoren zenbait margolanek 1580an han gertatu zen miraria irudikatzen dute. Kondairaren arabera, olagizonek ez zuten errespetatu erlijio kristauak ezarritako igandeko atsedenaldia, eta, ondorioz, zeuzkaten 600 libra burdinatik gurutze txiki bat baino ez zuten atera. Urtero ekartzen da gogora gertakari hura, maiatzeko bigarren igandean, Mirandaolaren Egunean edo Gurutze Santuaren Egunean; prozesioa, erromeria eta herri-bazkaria ere izaten dira.

Burdinolen ibilbidea

Mirandaolako parkera etortzen bazara, beste plan zoragarri bat da Burdinolen ibilbidea izenekoaren zati bat egitea.

Mirandaolako parketik bertatik Brinkola alderaino doan bidea egiten du ibilbideak, eta Arabaolatza, Brinkola eta Telleriarteko landa-auzoak zeharkatzen ditu.

5 kilometro baino gutxiago ditu, eta nahiko erraza da; Urola ibaiaren ondo-ondotik doa, eta baserriak edo errotak ezagutzeko aukera ematen du.

Ikusten duzunez, leku harrigarria da Mirandaolako burdinola. Ez galdu aukera gure ondareko altxor bikain hau ezagutzeko.

Goiburuko irudia: Lenbur Burdin Harana.