Jaso al duzu inoiz Facebookeko mezu bat eguzkitako betaurrekoak eskaintzen dituena % 70eko deskontuarekin? Eta WhatsAppeko mezu bat esaten duena 200 euroko opari-txartel bat lor dezakezula kirol-marka baten 50. urteurrena dela eta? #KasurikEz Sare sozialetan eta mezularitzako aplikazioetan azken boladan barra-barra zabaldu diren iruzurretako bi dira horiek.
Bai, piratek ere baliatzen dute WhatsApp ustez minbizia sortzen duten botikei buruzko gezurrak zabaltzeko edo zure banku-datuak phishing bidez lapurtzeko. Batzuetan, jende txantxazaleak eginak dira, aspertuta daudelako besterik gabe, baina beste batzuetan, talde kriminalek ondo antolatutako iruzur-saioak izaten dira. Gaur egun, inork ez dizkizu eskatzen —Euskaltelek ere ez— zure datuak posta elektronikoaren bidez. Dena dela, sarean dabiltzan azken iruzurren berri emango dizugu, badaezpada:
Doako arropa-kupoia
Irailean, arropa-marka oso ezagun batek ustez egindako eskaintza baten berri zabaldu zen WhatsAppen: 150 euroko kupoi bat eskaintzen zuen opari, mezuan agertzen zen estekan sartze hutsagatik. Han sartzean, ordea, beste webgune batera sartzen zen erabiltzailea, arropa-marka horren webgunearen oso antzeko beste webgune batera, eta datuak eskatzen zitzaizkion erabiltzaileari kupoia eskuratu ahal izateko. Baina opariaren arrastorik ez: opari bakarra, ziur asko, telefonoan sartuko zitzaion malwareren bat. Eta hori, onenean. Okerrenean, berriz, informazioa lapurtzea beste helbururik ez duen pirata informatiko batzuen esku utziko zituen bere datuak.
Garagardoa doan
WhatsApp bidez zabaldutako beste iruzur batek inkesta bateko hiru galdera erantzuteko eskatzen zuen, haren truke sari bat irabazteko: bost garagardo-upel. Baina estekan sartu eta galderei erantzutean, datu pertsonalak eskatzen zituzten saria eman ahal izateko, eta iruzurra egiten zuten horrela. Enpresak berak jakinarazten zuen ez zela egia, txio honen bidez. Kontuz!
Kafeontziak doan
Beste eskaintza faltsu batek zioen kafe-mota berri batzuk dastatzeko prest egonez gero kafeontzi bat ematen zutela opari. Besteak bezain erraza zen prozedura: mezuan, esteka bat ageri zen, erabiltzailea itxura ofizialeko webgune batera eramaten zuena, eta datu pertsonalak utzi behar ziren han gero, haiek kafeontzia eta kapsulak etxera bidali ahal izateko... Sinesgarria iruditzen zaizu? Ez, ezta?
Koloretako WhatsAppa
Mezu bat jaso baduzu esaten dizuna aktibatzeko WhatsAppen koloretako bertsio bat, ezabatu berehala: zure mugikorreko informazioa kontrolatzeko saio bat besterik ez da. Poliziak esana du dagoeneko iruzur bat dela, bi asmo nagusi dituena: SMS Premium zerbitzuak aktibatzea zu jakinaren gainean egon gabe, edo malware bat sartzea zure smartphonean.
Sabemos que te encantaría tener tu #Whatsapp purpurina pero #notehagasilusiones ? Es falsísimo: malware, sms premium o robo de datos pic.twitter.com/eKqGsO3V9C
— Policía Nacional (@policia) 23 de octubre de 2017
WhatsAppen zuzendariak idatzi dizu
Azkenerako utzi dugu denetan harrigarriena: demagun WhatsAppeko zuzendariaren mezu bat jasotzen duzula. Alajaina! Gaiak usain txarra du hasiera-hasieratik, baina, tira, jarrai dezagun. CEO ospetsua ez da Jan Koum, baizik eta Germán Menafre izeneko morroi bat! Eta ez da hor bukatzen kontua. Mezuak dio 530 kontu libre bakarrik gelditzen zaizkiola WhatsAppi eta zure kontaktu guztiei bidai behar diezula mezua. Eta, egiten ez baduzu, desaktibatu egingo dutela zure kontua eta —entzun ondo!— kontaktu guztiak galduko dituzula. Izugarria! Ez dakigu mezu hori bidali zuenak adarra jo nahi zion Germán delako hari, baina ezin ukatu WhatsAppen ibili den gezurrik surrealistenetako bat dela ?
Azken txantxa hau alde batera utzita, kontuan izan iruzur pila dabilela sareetan eta erraza dela haien sarean erortzea. Beraz, ez baduzu ezusteko txarrik nahi, kontuz ibili, eta kontuan izan zuretzat prestatu ditugu aholku hauek:
- Mezuak itxura onegia baldin badu egia izateko, faltsua den seinale. Gogoan izan arau hori, egoera askotarako balio du eta. Baina oso baikorra baldin bazara, segi hurrengora…
- Erabili Google. Onerako eta txarrerako, informazio-iturri aparta da Internet. Egin bilaketa batzuk Googlen, eta bilatu superreskaintza horiei buruzko informazioa. Askotan, webguneak berak jakinarazten dizu fakeak edo iruzur-saioak direla.
- Egiaztatu URLa. Modu asko daude egiaztatzeko ea faltsua den esteka bat sakatu ondoren topatu duzun webgune hori. Eskaintza ikaragarri ona baldin bada, webgune nagusian egongo da; beraz, egiaztatu. Eta ez badago…, egia ez den seinale.
Adi phishingari! Iruzur gehienak phishinga dira, hau da, pirata informatikoek konfiantzako banku edo enpresa baten itxura hartuz erabiltzen duten metodo bat zure datu pertsonalak lortzeko. Posta elektronikoaren edo WhatsAppeko mezuen bidez izango duzu beti haien berri. Beraz, gogoan izan: enpresa batek ez dizkizu sekula eskatuko datuak bi bide horien bidez.
Zalantza eragin dizun eskaintzaren bat jaso duzu? Mezuren bati buruzko zalantza bereziren bat baldin baduzu, bidali iruzkin bat blogera edo gure sare sozialetara, eta laguntzen saiatuko gara. Zuri entzuteko gaude.