Nor naizen: Kaixo! Judit Astigarraga naiz, donostiarra, eta 22 urte ditut. Beti gustatu izan zait gainerakoekin partekatzea niri gustatzen zaizkidan gauzak edo zoriontsuago egiten nautenak. Hori dela eta, duela urte batzuk kanal bat sortu nuen YouTuben, niretzat interesgarriak diren gaiei buruz hitz egiteko: beganismoa eta jasangarritasuna, gitarra, makillajea, unibertsitatea, eta abar. Bide hau, bizitza, egiten lagundu nahi dut, eta, era berean, nirekin bat egin nahi dutenen laguntza sentitu.
Euskaltel bloga. Ezer baino lehen, nolatan ez dituzu gogoko bilbotarrak? Argitu iezaguzu hori...Judit Astigarraga. Tira… Esan dezagun donostiar guztiok gaudela genetikoki prestatuta, hasiera batean behintzat, bilbotarrak oso begiko ez izateko. Baina itxura besterik ez da. Ondo ezagututa konturatzen zara maitagarriak direla! Derbia iritsi arte, behintzat.
E.B. Ea bada, has gaitezen berriro: Nola definituko zenuke zure burua sareetan? Youtubera, bloggera, influencera... zara?J.A. Ez naiz oso identifikatuta sentitzen sailkapen horietan, ez baitut nire jarduera modu profesionalean edo serioan egiten, beste batzuek bezala… Esan dezagun neska normal bat naizela, noizean behin YouTubera bideoak igotzen dituena, eta Instagramen idatzitako erretolikak irakurtzeko prest dauden jarraitzaile batzuk dituena. Horrek influencer egiten banau, bada bai, orduan influencer bat naiz, jeje.
E.B. Zure bideo gehienak beganismoarekin, eta gitarrako eta makillajeko tutorialekin lotuta daude. Zer gai interesatzen zaizu gehien?J.A. Bada, ez dakit aukeratzen! Bideoak sortzeko gustukoen dudana musika da, dudarik gabe. Ikaragarri gustatzen zait gitarrako coverak eta tutorialak grabatzea, sentitzenbaitut nire harpidedunak nire aurrean ditudala, nire neska-mutikoekin udalekuetan nagoenean bezala! Gainera, bertsioak egiten ditut, eta horien bidez mezu garrantzitsuak eman ditzakedala iruditzen zait; eta hori oso gustuko dut. Makillajearen gaiarekin ekin nion kanalari. Oraindik ere gustatzen zait besteek egiten dituzten bideoak ikustea, baina une honetan grabatzeko eta editatzeko aspergarrienak dira niretzat… Beganismoa eta jasangarritasuna, berriz, une honetan nire kanalarekin transmititu nahi ditudan gai nagusiak dira. Bideoetan haiei buruz hitz egitea gustatzen zait, uste dudalako oso erabilgarriak izan daitezkeela nire harpidedunentzat, eta inpaktu handiena eragin dezaketen gaiak direla. Beraz, gai bakoitzak du berea. Argi dudana da bideoetan niri benetan interesatzen zaizkidan gaiei buruz hitz egingo dudala. Kanalean lantzen ditudan gai guztiekin geratzen naiz, beraz.
“Beganismoa eta jasangarritasuna dira YouTubeko nire kanaletan transmititu nahi ditudan gai nagusiak”E.B. Blog bat idazten hasi zinen 2009an, baina idazteari utzi zenion hiru urte geroago. Idaztea ez zen nahikoa zuretzat? Zer dela eta egin zenuen jauzi YouTubera 2012an?
J.A. Blogean gehien idatzi nuen urte haietan blogetako eduki asko irakurtzen nuen nik ere. 2011 inguruan, youtuberen munduarekin egin nuen topo, ustekabean. Orduan hasi nintzen bideoak ikusten, eta blogak irakurtzeari utzi egin nion ia. Gainera, urte hartan, eskolan, bideo bat grabatzeko agindu ziguten, eta niri editatzea egokitu zitzaidan; hainbeste gustatu zitzaidan, hilabete gutxira Youtubeko nire kanala ireki nuen. Eta gaur arte. Dena den, komunikatzeko gustukoen dudan bidea idatzizkoa da, eta uste dut nabarmen ikusten dela hori Instagrameko nire jarraitzaileei botatzen dizkiedan erretolika luzeetan (#sorry #enverdáno)
E.B. Esan dezakegu orain plataforma asko dituzula... sare guztietan agertzen zara! Twitter, Instagram, Pinterest, Tumblr, Vinted, Google +… Baten bat ahaztu zaigu?J.A. Instagramen eta YouTuben bakarrik ari naiz aktiboki. Pinterest helburu pertsonaletarako erabiltzen dut (batez ere, Halloweenerako makillajeko ideiak hartzeko, jeje), Vinted bigarren eskuko arropa saltzeko (jasangarritasunarekin lotuta), etaTwitter... Lehen oso aktiboa nintzen, baina orain ez dut ia inoiz erabiltzen; eta gainerakoak inoiz ere ez!
E.B. Zein kanalek funtzionatzen dizu ondoen? Instagram eta Pinterest argazkiengatik erabiliko dituzu, ezta?J.A. Instagramen aritzen naiz gehien, eta han jasotzen dut feedback handiena. Ikaragarri gustatzen zait han idaztea eta nire jarraitzaileekin interakzioan aritzea. Antzematen da, ezta? Izugarria da argazki baten azpian txorakeria pare bat idazteagatik pertsona batek konfiantza hartzea zurekin, eta kontatzea, adibidez, bere familia Venezuelatik irten nahian dabilela (ihesi doala, hobeto esan) ondoko beste herri batera. Ez ditut ondo ulertzen horrelako gauzak, baina ikaragarriak iruditzen zaizkit. YouTubek ere oso ondo funtzionatzen dit: jarraitzaileek nire nortasuna ikusten dute zuzenean, eta, auskalo zergatik, konfiantza eta aldarte ona transmititzen diet, eta interakzio oso politak sortzen dira.
E.B. Facebook ere baduzu, baina zure profila pribatua da! Zergatik?J.A. Bai, Facebook helburu pertsonaletarako bakarrik erabiltzen dut. Uste dut nire lagunekin egindako festetako bideoak edo han partekatzen ditudan bestelako txorakeriak ikusteak ez diela inolako ekarpenik egiten nire jarraitzaileei.
E.B. Ikusten dugu oso aktiboa zarela sarean. Eta aplikazioetan? Aplikazio interesgarririk aurkitu duzu, eta gainerakoei kontatu nahi diguzu?J.A. Ez ditut asko erabiltzen aplikazioak, batez ere nire mugikorraren memoriak ez didalako aukerarik ematen, baina, memoria eskasa izanagatik ere, beti daukat nire mugikorrean Chicfy. Saiatzen naiz jasangarritasuna nire bizitzako arlo guztietan aplikatzen; hori dela eta, duela urtebete inguru utzi egin nion arropa multinazional handietan erosteari. Nire hirian bigarren eskuko arropa-denda gutxi daudenez, onlineko aukerak bilatzen aritu nintzen, eta Chicfyren web-orria/aplikazioa da aurkitu nuen onena. Bizitza salbatu dit: kanpalekuetarako kirol-jertseak nahiz unibertsitateko karrera erdiko jairako arropa aurkitu ditut... Oso gomendagarria da!
E.B. Eta, adibidez, zer erabiltzen duzu argazkiak eta bideoak editatzeko?J.A. Argazkiak editatzeko VSCOcam erabiltzen dut, baina FeedMaster ere asko gustatzen zait argitaratu aurretik ikusteko nola geratuko den argazkia nire Instagrameko feedean (influencer itxura hartzen ari naiz honekin). Bideoei dagokienez, Sony Vegas Pro 13 erabiltzen dut, baina etorkizunean Adobe Premiere Pro erabiltzen ikasi nahi dut.
E.B. Musikaz ari garela, zer irizpide erabiltzen duzu coverak egiteko? Estilo jakin batekin erosoago sentitzen zara?
J.A. Bai, hauxe da irizpidea: nire gustuko kantak erabiltzen ditut coverak egiteko (sorpresa, ezta?), eta nire gustuko musika da balioa duen zerbait ematen didana. Uste dut kontsumitzen dugun guztiak (ikus-entzunezkoa, idatzizkoa eta abar) gure pentsamoldea eraldatzen eta egituratzen duela, modu inkontzientean bada ere. Horregatik, kontu handi samarra izaten dut kontsumituko dudana aukeratzen. Eta gauza berea coverekin: ez dut esan nahi “mezua duten kantuak” bakarrik kantatzen ditudanik; baina saiatzen naiz, adibidez, maitasun-abesti bat entzuten dudanean nire balioekin bat egiten duten hitzak izan daitezen; edo, adibidez, bizi-pozari buruz hitz egiten badu, kutsa diezadala niri ere bizi-poz hori, eta eman diezadala gogoa besteekin partekatzeko.
E.B. Non ikusten duzu zure burua? Gustatuko litzaizuke jarduera honekin jarraitzea?J.A. Horixe da galdera nagusia, baina, egia esan, ez dut pentsatzen hortaz, eta ez diot zentzu handirik ikusten orain hortaz pentsatzeari. Orain dakidan gauza bakarra da oso gustura nagoela “bizitzako une” honetan, eta egiten dudan guztiak zentzu bat duela. Une honetan gehien interesatzen zaidan gaia jasangarritasunarena da; uste dut gai horri eskaini nahi diodala nire bizitza profesionala. Eta gai hori lantzeko gehien gustatzen zaidan tresna, eta ondoen doakidana, komunikazioarena da. Uste dut ekarpen handia egin dezakedala arlo horretan. Aurrerantzean ere sarean jarraituko dudan arren, modu informalagoan egingo dudala uste dut. Lehenik, egunkari batean kazetari gisa nola sentitzen naizen jakin nahi dut (unibertsitateko praktikak egunkari batean egitea espero dut!); gero, beste komunikabide batzuk probatu nahi ditut, ea non sentitzen naizen erosoen, eta non naizen profesional onena. Ikusiko dugu!
E.B. Zorte on, bada! Ea laster zuk idatzitakoak irakurtzeko moduan gauden!