Spotify da musikaren streamingeko app liderra, eta onena da doakoa izaten segitzen duela! Horrekin, playlistak egin ditzakezu, podcast-ak deskargatu, musika-bideoak ikusi, kontzertuak bilatu… eta karaoke gisa ere erabil dezakezu. Izugarria da, eta asko gustatzen zaigu, baietz! Bada, adi egon, funtzio berri bat probatzen hasi baita, Instagramen eta Snapchaten storien antzekoa: Storyline izena du, eta, hari esker, inoiz baino hurbilago egongo zara zure kantari gogokoenetatik.
Funtzio berri honen helburua da artistei protagonismo handiagoa ematea beren kantei, sekretuei eta abarri buruzko xehetasunak kontatzeko orduan. Badakizu, beren Despacitoa idazteko inspirazio-iturri izan dutela dioten gauza horiek guztiak. Jakin nahi duzu nola bururatu zitzaien Lunay, Daddy Yankee eta Bad Bunnyri elkarrekin Solteraren mix bat egitea? Bada, reggaetonari egurra ematen dioten bitartean azalduko dizute. Gustura jakingo zenuke norengan pentsatu zuen Alejandro Sanzek Mi persona favorita Camila Cabellorekin idazteko garaian? Esandakoa: Storyline-k kontatuko dizu.
Eta zeure buruari galdetuko diozu: baina hori lehendik ere bazegoen Spotify-n, Behind the Lyrics funtzioarekin… Bada, bai, eta ez: musikako app honen story-formatu berriak duen aldea da edukia artistek berek egina dela, eta ez datu bitxiak jasotzen dituen kanpoko enpresa batek. Orain, adibidearekin jarraituz, Lunay edo Alejandro Sanz edo Maluma edo Bruce Springsteen izango dira beren abestien sortze-prozesuari eta esanahiari buruzko gauza interesgarriak kontatuko dituztenak. Bitartekaririk gabe.
Spotityk berrikuntza hori ekartzeko arrazoia izan da askotan Behind the Lyrics-en dauden datuek akatsak dituztela edo ez daudela eguneratuta. Orain, musikariek eta haien taldeek izango dute erreprodukzioan agertzen den informazioaren kontrola. Edozeinek galdetuko lioke bere buruari: Zer lortzen dute kantariek horrekin? Bada engagement huts-hutsa; izan ere, horrela beren musika beren jarraitzaileen artean modu zuzenagoan sustatu ahal izango baitute.
Hori bai, baliteke pixka bat itxaron behar izatea story kontzeptu berri horretaz gozatu ahal izateko; izan ere, oraingoz, bai IOSentzat bai Androidentzat proba-fasean dago.
Baina behin betiko zabaltzen dutenean, edo orain, proba-taldean parte hartzen baduzu, txinpartak aterako dizkiozu hasiera-hasieratik, oso erraza baita: Storyline-a, pantailaren beheko aldean agertuko den alerta-sistema batekin detektatu ahal izango duzu, eta alerta horrek adieraziko dizu abestiak eduki gehigarria duela. Gero, hatza gora irristatu besterik ez duzu egin behar pantailan edonon, historia ikusteko… eta edukiekin pixka bat jolasteko.
Ikusten duzunez, story horiek ez dira beste sare batzuetakoen oso antzekoak, ezin baituzu zeure edukia sortu. Hori bai, nabigazioa Instagramen antzekoa da: 7 segundoko pantaila gainerakorrak eta ikusteko zenbat Storyline geratzen diren adierazten duten barra batzuk.
Prest zaude abesti gogokoen sekretuak ezagutzeko?