Estatuak, bustoak, eskulturak, plakak, kaleak, olerkiak, eskaintzak... Garai guztietako euskaldun ospetsuenak gogoratzeko modu asko daude. Inguruan ditugu gure egunerokoan. Baina zein dira euskal pertsonaia garrantzitsuenak?Historiako euskaldunik ospetsuenetako batzuen zerrenda egingo dugu gaur.
Ez da populartasun-indize bat. Ez du hori izan nahi. Garai guztietako euskaldun ospetsu batzuei omenaldi xume bat egitea da asmoa.Euskadiren eta mundu osoaren historia baldintzatu zuten, gogoan ditugu oraindik, eta erreferentzia dira guretzat.
Nolanahi ere, badakigu izen asko falta direla eta beharrezkoa dela zerrenda hori osatzen jarraitzea, kulturan, ekonomian edo arlo sozialean lan egin duten beste hainbat euskaldunen informazioarekin.
Juan Sebastian Elkano eta haren mundu-bira
Juan Sebastian Elkano (Getaria, 1476-Ozeano Barea, 1526) etenik gabe munduari itzulia egin zion lehen marinela izan zen. Magallaes-Elkano espedizioan osatu zuen balentria hura; Magallaes hil ondoren, Elkano jarri zen espedizioaren buru.
Espedizioa 1519an abiatu zen, bost ontzirekin, Mendebaldetik itsasbide bat aurkitzeko asmoz, Amerikako hegoaldetik igaro ondoren espezien uharteetara eramango zuena. Horrela aurkitu zuten gaur egun Magallaesen itsasartea deitzen dutena, eta Ozeano Barea zeharkatu zuten lehen aldiz.
Ia hiru urteko nabigazioaren eta 14.000 legoako espedizioaren ondoren, 1522ko irailaren 6an iritsi zen espedizioa Sanlúcar de Barramedara, eta bi egun geroago Sevillara, hasierako espedizioa osatzen zuten 285 marineletatik 18rekin eta ontzi bakar batekin: Victoria ontzia, espeziaz betea.
Hain zuzen ere, 2022an espedizioaren 500. urteurrena ospatu zen. Hemen duzue haren berri.
Inazio Loiolakoa, Jesuiten sortzailea
Inazio Loiolakoa (Loiola, 1491-Erroma, 1556) Jesusen Lagundiaren sortzailea izan zen —Jesuitak izenarekin ezaguna—; hura hil zenean, mila kide baino gehiago zituen ehun etxe baino gehiagotan (gehienak ikastetxeak eta prestakuntza-zentroak), hamabi probintziatan banatuta.
Haren Gogo-jardunak 1548an argitaratu ziren, eta eragin handia izan zuten garai hartako Elizan nahiz gizartean, pentsamendu-tresna gisa. XVI. mendeko pertsona garrantzitsuenetako bat jotzen da. Eliza katolikoak 1622an kanonizatu zuen. Pio XI.ak gogo-jardunen patroi izendatu zuen 1922an.
Miguel Unamuno, 98ko belaunaldiko idazlerik ikasiena
98ko belaunaldiko idazle eta filosofoa, bere eleberri, saiakera eta antzerki-obrengatik ezaguna. Garrantzitsua izan zen garai hartako giro intelektualean. Salamancako Unibertsitateko errektorea izan zen hiru alditan, eta Bigarren Errepublikaren konstituzioa osatu zuten Gorteetako diputatua ere bai. Gerra Zibila hasi zuen altxamendu militarrarekin bat egin zuen, nahiz eta gero atzera egin zuen.
Bere belaunaldiko idazlerik ikasiena izan zen Miguel Unamuno (Bilbo, 1864-Salamanca, 1936); intelektual inkonformista bat izan zen batez ere, eztabaida bilaketa-modu bihurtu zuena. Kezka filosofikoz betea dago haren obra. Unamunok heriotzaren aurreko larritasun handia erakusten du beti, bai eta betiereko bizitzaren nahia ere.
Cristobal Balentziaga Eizagirre, goi-mailako joskintza odolean
Moda-diseinatzaile ospetsua izan zen Cristobal Balentziaga Eizagirre (Getaria, 1895-Xavea, 1972), goi-mailako joskintzaren sortzailerik garrantzitsuenetako bat. Jostuna zen, eta marka propioak sortu zituen; hala, historiako jostunik garrantzitsuenetako bat izan zen.
Goi-mailako gizarteko eta ikuskizunen munduko bezero hauek izan zituen, besteak beste: Marlene Dietrich, Greta Garbo, Grace Kelly, Ava Gardner, Audrey Hepburn eta Jackie Kennedy.
Modaren eta goi-gizartearen munduan ospetsua izan zen, bai bere diseinuengatik, bai lan-metodo zorrotz eta diskretuagatik. Aurrez hitzordua eskatuta hartzen zituen bezeroak, eta desfile pribatuak antolatzen zituen. Ez zituen gustuko jendetzak, ezta bizitza mundukoia ere.
Getarian, jaioterrian, Balenciaga Museoa bisitatu dezakezu. Han ikus daitezke haren diseinu asko.
Dolores Ibarruri, “Pasionaria”
Dolores Ibarruri Gómez (Gallarta, 1895-Madril, 1989), Pasionaria izenez ezaguna, Espainiako Alderdi Komunistako kide izan zen sortu zenetik, eta diputatu hautatu zuten 1936ko otsaileko hauteskundeetan, Bigarren Errepublikan egindako azkenetan. Bere alderdiko idazkari nagusi izendatu zuten José Díaz hil zenean, eta 1960ra arte bete zuen kargu hori, Santiago Carrillok haren tokia hartu zuen arte. Urte hartan, PCEren lehendakaritza hartu zuen, 1989an hil zen arte.
Diktadura frankista amaitu ondoren, erbestetik itzuli eta Trantsizioko diputatu izan zen 1977an eta 1979an. Emakumeen eskubideen aldeko borroka ekintza politikoarekin lotu zuela esaten da.
Hark esandako esaldi batzuk, hala nola "Hobe da zutik hiltzea belauniko bizitzea baino" edo "Ez dira pasatuko! ", gizateria osoaren iruditeria kolektiboaren parte dira dagoeneko.
Jose Antonio Agirre, lehen lehendakaria
Jose Antonio Agirre (Bilbo, 1904-Paris, 1960) abokatua zen, Deustuko Unibertsitatean 1925ean graduatua. Politikaria izan zen, Eusko Alderdi Jeltzaleko militantea. Athleticeko jokalaria ere izan zen 1921etik 1925era, eta Getxoko alkatea ere bai.
II. Errepublikan, Euskadirako Autonomia Politikoaren Estatutua onartu zen, eta Eusko Jaurlaritza sortzea eta Euskadiko lehen lehendakaria aukeratzea ekarri zuen horrek. Jose Antonio Agirrek hartu zuen erantzukizun hori, eta, hala, euskaldunen lehen lehendakari gisa pasatu da historiara.
Elbira Zipitria, lehen andereñoa eta euskarazko irakaskuntzaren bultzatzailea
Elbira Zipitria Irastortza (Zumaia, 1906-Donostia, 1982) pedagogoa, maistra eta euskarazko irakaskuntzaren bultzatzailea izan zen. Zumaian jaio zen, eta haurra zela Donostiara joan zen bizitzera. Han egin zituen Lehen Hezkuntzako maistra-ikasketak.
Bigarren Errepublikan, lehen ikastola sortu zuen Donostian. Gerra amaitu zenean klase partikularrak ematen hasi zen, frankismoan ikastolak klandestinitatean funtzionatzera behartu baitzituzten.
Jarduera hori Donostiako etxebizitza partikularretan egin zuen, eta, urteak joan eta urteak etorri, taldeak gehituz joan ziren eta beste andereño batzuei bere lanbidea erakutsi behar izan zien.
Menchu Gal, Pintura Sari Nazionala irabazi duen lehen emakumea
Menchu Gal (Irun, 1919-Donostia, 2008) gerraosteko pinturaren berriztapenaren egile nabarmenetako bat izan zen, eta pinturaren munduan ezaguna gaztetatik. 1959an, Pintura Sari Nazionala irabazi duen lehen emakumea bihurtu zen.
Paisaiek eta, neurri txikiagoan, erretratuek eman zioten ospea; izugarri erakartzen zuen koloreak. Mantxako eta bere jaioterriko paisaiak izan zituen nortasun-ezaugarri, eta gerraosteko artista handienetako bat bihurtu zen.
Hainbat erretratu eta bodegoi ere egin zituen, eta haiekin erakusketa ugari egin zituen mundu osoko museoetan eta arte-zentroetan: Gulbenkian Fundazioa 1971n, Centro Cultural Conde Duque 1990ean eta Centro Cultural de la Villa de Madrid. Veneziako Biurtekoan ere hiru aldiz parte hartu zuen.
Eduardo Txillida, XX. mendearen bigarren erdiko eskultore onena
Eduardo Txillida Juantegi (Donostia, 1924-Donostia, 2002) eskultore eta grabatzaile ezaguna izan zen burdinarekin eta hormigoiarekin egindako lanengatik. Julio Gonzálezen eta Pablo Picassoren tradizioaren jarraitzaile nabarmena ere izan zen.
Haren lana Europako eta Estatu Batuetako museo eta arte-bilduma nagusietan erakutsi da. Saritua eta hainbat museotan erakutsia, arte-panorama garaikidean ezinbesteko erreferentzia da. Askoren ustez, XX. mendearen bigarren erdiko eskultore onena da. Denok ezagutzen dugu haren lanen bat, hala nola Haizearen Orrazi ezaguna, Donostiako Ondarreta hondartzan. Haren lana ezagutu nahi baduzu, aukera ezin hobea daukazu Chillida Lekun, Hernanin.
Txillidari buruz askok ez dakitena da 1940ko hamarkadaren hasieran 14 partida jokatu zituela Realarekin.
Joaquín Achúcarro, nazioartean ezaguna den piano-jotzailea
Joaquín Achúcarro Arisqueta bizirik dagoen euskal pianista garrantzitsuena da; oso estimatua da Erresuma Batuko eta Estatu Batuetako auditorioetan. Mundu osoko 200 orkestrarekin baino gehiagorekin aritu da bakarlari gisa, eta, besteak beste, Zubin Meht, Claudio Abbado eta Simon Rattle zuzendari ospetsuekin aritu da eszenatokietan.
Bilbon jaio zen, eta ikasle-garaian nazioarteko hainbat sari irabazi zituen, Espainian, Frantzian, Italian eta Suitzan. 1959ko Liverpooleko Nazioarteko Lehiaketa irabazita, eta London Symphony-rekin Royal Festival Hall-en debuta egin ondoren Londresko egunkarietan jasotako kritika beroari esker, mundu osoan ezaguna da Achúcarro, eta haren nazioarteko ibilbidea gaur egungo emankorrenetako bat da.
Ezagutzen al zenituen euskaldun ospetsu hauek guztiak? Segur aski, bizi zaren lekutik oso gertu egongo da bustoren bat, eskulturaren bat edo kaleren bat haietako baten izenarekin.
Oraingoz, zerrenda txiki bat da, baina Euskadiko pertsona ospetsu gehiagorekin osatzea espero dugu.