Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadiri esker, barre-algaraka igarotzen dugu igande-gaua ETB1en. Izan ere, umorea da ‘Herri Txiki, Infernu Handi’ saioa telebista-kate horretako saiorik arrakastatsuena izatearen gakoetako bat. Bestea, bisitatzen dituzten Euskal Herriko txokoetako biztanleekiko hurbiltasuna da. Halaxe azaldu digute Euskaltelen haiekin izan dugun hizketaldian.
‘Herri Txiki, Infernu Handi’ saioaren atzean dagoena jakin nahi duzu? Hona hemen elkarrizketa osoa.
7 urte daramatzazue Euskal Herriko txokoak bisitatzen. Badago bisitatzea falta zaizuen herririk?
7 urte hauetan, 200 herritara baino gehiagotara joan gara. Denboraldi honen amaierarako, 215 “herri” baino gehiago izango dira. Saioan ez gara herrietara mugatzen, “komunitate” edo “herri” sena duten auzoak edo eskualdeak ere bisitatu ditugu. 215 herri asko dira, baina Euskal Herrian oraindik badaude ezagutzea falta zaizkigun txokoak.
Zer irizpide erabiltzen duzue herri bat hautatzeko?
Hasieran bisitatzen genituen herriak txikiak ziren, 100 eta 1.000 biztanle artekoak, baina, Euskal Herrian barrena bidaiatzen joan ahala, alde batera utzi ditugu zenbakiak. Lurraldeak txandakatu beharra bai hartzen dugu kontuan, Euskal Herriko 7 probintziak saioan ordezkatuta egon daitezen. Baina herriak berak baino garrantzitsuagoa da herriko biztanleak parte hartzeko prest egotea. Herriaren berezitasunak, istorio kuriosoak, norberaren egunerokoa kontatzeko gogoz dauden eta ondo pasatu nahi duten pertsonak egotea.
Milioika istorio izango dituzue. Zer izan da gertatu zaizuen konturik dibertigarriena?
Proposatzen ditugun egoera edo elkarrizketa gehienak aurrez hitzartuta daude, baina beste asko grabaketaren egunean bertan inprobisatzen ditugu. Behin, Legorretan, kaletik gindoazela zera gertatu zitzaigun. Zuhaitz Gurrutxagak grabazioaren bezperan arazo bat izan zuen ilea mozteko makinarekin. Eta gaizki moztutako ilea zuen ardi latx bat zirudien. Legorretan, balkoitik begira zegoen andre batek bere etxera gonbidatu zuen, eta ile-apaintzaile gisa aritu zen. Bizitasun handiz, sukalde erdian aulki bat jarri, Zuhaitzi txutxu-mutxuen aldizkari bat eman eta ilea behar bezala moztu zion hizketan zebiltzan bitartean.
Nola kudeatzen da ETBko saiorik arrakastatsuenetako bat izatea? Umorean dago gakoa?
Umorean eta saioko aurkezleen, elkarrizketatutako pertsonen eta herriaren edo komunitatearen artean sortzen den konplizitatean dago saioaren arrakasta. Eta, egia da, ez dago ezer sanoagorik norberaren buruaz inolako konplexurik gabe barre egitea eta hori edozeinekin partekatzea baino. Giro ona da gakoa, inolako zalantzarik gabe.
Ez dago ezer sanoagorik norberaren buruaz inolako konplexurik gabe barre egitea eta hori edozeinekin partekatzea baino”
Mikel eta Zuhaitz, nolakoa da zuen harremana hainbeste grabazio-orduren ondoren? Maite ala gorroto duzue elkar?
Mikel Pagadi: Denak emanda maite dugu elkar, zalantzarik gabe. Harremana ona da, astean bitan elkartzen gara, eta azkenean ez dira hainbeste ordu elkarrekin.
Zuhaitz Gurrutxaga: Ez da erraza bikote batek hainbeste denbora irautea, eta uste dut gure harremana oso ongi kudeatzen jakin dugula, bai harreman profesionala, bai pertsonala.
Zuen arteko harremana ona izan zen hasieratik?
Mikel Pagadi: Egia esan bai, bistaz ezagutzen genuen elkar, eta bata bestearen osagarri onak gara. Lehen begi-kolpean antzekoak dirudigun arren, oso ezberdinak gara. Zortzi urtetan oso eztabaida gutxi izan ditugu. Eta halaxe jarraitu dezagula.
Zuhaitz Gurrutxaga: Hasieratik izan dugu harreman ona. Umorea egiteko bi modu ezberdin elkartu ditugu, eta emaitza polit eta iraunkorra lortu da.
Zuhaitz, zu futbolaren mundutik zentozen. Telebistako aurkezle gisa bukatuko zenuenik pentsatu zenuen inoiz?
Zuhaitz Gurrutxaga: Inola ere ez. Futbolarekin erlazionatutako zerbaitetan arituko nintzela uste nuen, baina bizitzak buelta asko ematen ditu, eta, azkenean, telebistan amaitu dut. Kasualitate polita izan da.
Zer da honelako saio bat euskaraz egitearen alderdirik zailena?
Zailena da euskararen presentzia beste toki batzuetan baino txikiagoa den lekuetan egitea saioa. Ez da berdina elkarrizketarako pertsonak Errezilen edo Andosillan bilatzea. Baina egia da, halaber, Andosilla moduko tokietan, euskal hiztunen gehiengorik egon ez arren, euskaldunak badirela, eta horiek dira, hain zuzen, saioan buru-belarri inplikatzen direnak. Gainera, saioaren helburu nagusietako bat da Euskal Herriko txoko guztietara iristea, eta guretzat oso atsegingarria da Oionen (euskara ia guztiz desagertuta zegoen eta orain berpizten hasi den herrian), Andosillan, Sopuertan edo Samaniegon saioa grabatzea, adibide batzuk aipatzearren.
Saioaren helburu nagusietako bat da Euskal Herriko txoko guztietara iristea”
Saio bakoitzean, bizilagunak, kontatzen dituzuen istorioen protagonistak, elkartzen dituzue. Zer ematen dizue halako formatu hurbilak?
Herriaren hurbiltasuna sentitzea oinarrizkoa da guretzat. Zuzeneko harremana dugu, eta, horri esker, herriko kide sentitzen gara.
Pandemiaren eraginez egon den aldaketa sozialaren ondoren, inoiz baino garrantzitsuagoa da pertsonekin hurbiltasun hori izatea?
Inolako zalantzarik gabe. Momentu gogor eta tristeak izan dira itxialdian eta bakardadean igarotako uneak. Besarkadak faltan izan ditugu, kontaktua, jendearekiko hurbiltasuna. Eta konturatu gara ondokoak gabe ez garela inor. Are gehiago gure kasuan, tarte atsegin bat igaro eta umorea egitea helburu baitugu. Herri Txiki-ren lorpen handienetako bat da jendeak beren etxeetako ateak ireki dizkigula eta haien eguneroko jarduna erakutsi digula, haien ohiturak eta egunerokotasuna. Gurea umore kostunbrista da, eta gonbidatuek, hartzen gaituzten herriek, familiako kide sentiarazten gaituzte. Eta hori galdu egin zen pandemiarekin.
Konfinamenduan zehar, etxean formatu bereziko saioa egin zenuten eta saioko unerik onenak errepasatu. Nolakoak izan ziren Euskal Herrian barrena ibili ezinik egon zineten hilabete horiek?
Gogorrak izan ziren hainbat arrazoirengatik. Hasteko, ez genekien nola garatu behar zen pandemia: noiz arte horrela? Bestetik, aurretik esan dugunagatik. Guk zuzeneko harremana behar dugu jendearekin; hori gabe ez gara ezer.
Etxean hilabete horiek egin ondoren Etxebarrin izan zen lehen saioa. Bereziagoa izan zen?
Bai, oso berezia izan zen. Lehenik eta behin, ez genekielako jendeak nola erreakzionatu behar zuen eta guk nola jokatu behar genuen. Pandemian, hauek ziren jarraitu beharreko arauak: isolatu, segurtasun-distantzia zaindu, ez hurbildu gehiegi, kontuz ibili eta abar. Gure saioaren muina den guztiaren justu kontrakoa.
Baina segituan konturatu ginen jendeak bikain hartu gintuela berriro, pandemiako une bakoitzean agindutako segurtasun-neurriak zorrotz betez, baina “besoak zabalik” nolabait esatearren. Hainbeste sufritu ondoren, guztiok behar genuen ongi pasatzeko, barre egiteko, partekatzeko une bat.
Horregatik izan zen berezia saio hura, baita hurrengoak ere, pandemiak ekarri duen guztiagatik.
Zuek bai bereziak. Eskerrik asko hizketaldi honengatik eta astero barre eginarazteagatik.
Eta zuk, badakizu, goza ezazu ‘Herri Txiki, Infernu Handi’ saioko istorioez igandero, ETB1en.
Konta iezaguzu. Zein izan da zure ustez saioko unerik dibertigarriena?