2009ko otsailean, Hamaika Telebistak leiho berri bat ireki zuen zure telebistan, Bilboko eta inguruko istoriorik hurbilenak kontatzeko. Euskarazko kanal bat sortu zen, herrikoa, modernoa eta hiritarra; gero, Donostiara eta Iruñera iritsi zen, eta, duela gutxi, Gasteizera.
Euskaltelek hasieratik lagundu die ibilbide horretan, gure hizkuntza babesteko konpromiso bera baitugu. Orain, 13 urteko emisioen balantzea egin digute.
Hamar urte baino gehiago da hasi zinetela. Nola sortu zen euskarazko telebista-kate bat sortzeko ideia?
Euskarazko toki telebisten lizentziak esleitzera atera behar zirenean ikusi genuen komeni zela barruti bakoitzean euskarazko telebista bat behintzat bermatzea. Hori izan zen hasierako bulkada.
Nolakoak izan ziren lehenengo saio haiek?
Bilbon hasi ginen. Nahi genuen euskararen aldeko egitasmo berria Bizkaiko hiriburuan hastea nahi genuen, proiektu modernoa eta urbanoa izatea. Asko kosta zitzaigun jendea lortzea eta prestatzea, eta baita nahi genuen eredua irudikatzea. Lortu genuen Bilbon zeuden toki telebista erdaldunek baino irudi modernoago eta gaurkotuagoa eskaintzea. Oso intensoa izan zen. Nekeza.
Zenbat aldatu da urte hauetan guztietan?
Dena aldatu da. Analogikotik digitalera pasa da ekoizpen guztia. LTD emisioetatik zuntza eta internetera iragan da. Telebista aparailuak Smart bihurtu dira eta telebista ikusteko modua erabat aldatu da, telebista lineala baino nahieran kontzeptua indartu delarik. Hauekin batera erabat aldatu da negozio eredua. Publizitatea erori egin da telebista munduan. Azkenik, Sare Sozialak indartsu sartu dira eta ikus-entzunezkoak kontsumitzeko modu berriak sortu dira, etengabe formatu eta eskaintza berriak birpentsatzera behartzen gaituztenak.
Nolakoa izan da eboluzioa, zuen ustez?
Positiboa hitz batean esateko. Baina gogorra. Oso gogorra gertatzen ari da baliabide gutxirekin hainbeste erronkari aurre egitea.
Zer da zailena tokiko telebista-kate batentzat egungo egoeran?
Definizio beretik hasi gaitezke. GiTB lokala da Beasainen. Aldiz, zer da lokala Bilbo Handia batean? ETB bera, kanpotik ikusita, tokiko telebista bat da. “Gertukoa” da bere oinarrietako bat. Hamaika Telebistaren kokapenak eta kontzeptuak gainditu egiten du herri baten gertutasuna eta ezin da izan ETB bezain autonomikoa.
Horretaz gain, finantzaketa zaila dago. Ekoizpen lanabesak garai batean baino merkeagoak izan arren, jendea behar da telebista egiteko eta ez dago erraza finantzatzea.
Zuen helburua euskararen erabilera sustatzea eta gertuko telebista bat egitea da. Zergatik da hain garrantzitsua tokiko informazioa eta euskaraz ematea?
Gertutasuna eta euskara dira gure bereizgarriak eta gure altxorra. Fikzioan, Kirol evento handietan… beti egongo dira baliabide gehiagoko telebista handiagoak eta plataformak gure aurretik. Beraz, garrantzitsua da guretzat, eta egiten dugun lana oso garrantzitsua da ere euskal herritarrentzat, bestela apenas baitaukate ikusentzunezko eskaintzarik euskaraz.
Kultura, kirola eta eguneroko albisteak dituzue oinarri. Zein dira ikusleek gehien eskatzen dizkizueten saioak?
Gaurkotasunari eskaintzen diogu ahaleginik handiena. Albistegiak, magazinak eta zuzeneko ebentoak ekoizten ditugu eta hauek dira gehien eskatzen dizkigutenak. Aktualitatearen barruan, garrantzia berezia eskaintzen diegu kirola eta kulturari.
Zein dira Hamaika Telebistaren hurrengo erronkak?
Dagoeneko martxan daude Bilboko, Donostiako eta Iruñeko ekoizpen-zentroak, eta, 2021. urtearen amaieratik, Hamaika Gasteiz Telebista ere martxan dago. Honela, bertako aktualitateari hobeto heltzeaz gain, Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak sortzen dutena ere hobeto jarraitu ahal izango ditugu.
Ipar Euskal Herriko berriemaleak ere iraunkortasunez ekarri nahi ditugu gure pantailetara.
Edukien arloan zerbitzu eta entretenimendu saioak ere eskaintzen hasi gara KM0 sukaldaritza edota Txukuntzen moduko saioekin.
Gainontzekoan adimen artifiziala erabiliz ahotsa testu bihurtzeko egitasmo batean sartuta gaude, Euskaraz ikasten ari direnentzat interesgarri suertatuko delakoan.
Euskaltelen izenean, eskerrik asko elkarrizketagatik eta urte hauetako guztietako entretenimenduagatik.
Eta orain, esan zuk: Hamaika Telebistako zer programa gogoratzen duzu kariño bereziarekin? Iruzkinetan irakurriko dugu zure erantzuna.