Gotzon Martínek Vueltan egingo du debuta talde laranjan. Ilusioz heldu dio erronkari, talde-helburu batekin: etapa bat irabazteko borrokatzea. Lasterketa larunbatean hasiko da, hilaren 14an. Ordu gutxi falta dira hasteko, eta Orozkoko txirrindulariak gurekin partekatu du une historiko hau nola bizi duen. Handia da Gotzon, handia marea laranja!

Euskaltel Euskadi Vueltara itzuli da zortzi urte pasatu eta gero, eta taldekidea zara zu. Zer da hori zuretzat?

Ilusio handia egiten dit Espainiako Vueltara itzultzeak. Ilusio handia egiten dit, halaber, Euskaltelen taldearen ordezkari izateak hainbeste urteren ondoren Vueltara itzultzen den unean, eta harro nago.

Zer sentitzen duzu gaur, eta, zure ustez, zer sentituko duzu bihar?

Gaur lasai nago. Erlojupekoaren irteera-unea hurbildu ahala, urduriago egongo naiz, segur aski. Baina, tira, nahiko lasai nago. Gogoa eta ilusioa dut, eta urduritasun-puntu bat ere bai; besterik ez.

Nola jakin zenuen Vueltan izango zinela?

Jorge Azanzak ez zidan egun batetik bestera esan Vuelta egitekoa nintzenik. Oso denboraldi ona egiten hasi nintzen, eta Jorgek, ordurako, ni eramateko asmoa zuen, non eta, dena delakoagatik, ez nuen maila egokia hartzen, edo baldin eta ez banuen lesiorik. Hasieratik nengoen horretara jarria; oso ondo hasi nuen urtea, eta banekien Vuelta prestatu behar nuela, joateko aukera asko nituelako.

Inoiz ez duzu egin 3 asteko lasterketarik. Errespetua diozu?

Bai, errespetua diot. Etorkizuneko Tourra eta Portugalgo Itzulia dira egin ditudan lasterketa luzeenak. 10-12 egun dira, bada zerbait, baina ez dira, Espainiako Vuelta bezala, hiru aste. Azken astea luzea izango da, izango denez.

Beste guztientzat ere bai.

Bai. Esperientzia handiko jendea dago hemen. Gazteok gehixeago estutu beharko dugu ipurdia, eta helduagoei erreparatu; baina ez dut uste guretzat arazoa izango denik lasterketa luzea gertatzea.

Elkarrekin pasatako lehenengo orduak dira gaurkoak. Nola ikusi duzu taldea?

Ilusioz betea. Izugarrizko gogoa du taldeak, bai laguntzaileek, bai txirrindulariok. Hasteko gogo handia dugu.

Nola prestatu zara azken hilabetean?

Murtziako Itzulia egin nuen azkena. Ondoren, astebetez, ez nuen bizikleta ukitu. Gero, pixkanaka prestatzen hasi nintzen, eta bi hilabetetik gora egon nintzen lasterketarik egin gabe. Bi aste eman nituen Andorran, Donostiako Klasikoa egin aurretik, eta, haren ondoren, Burgoskoa egin nuen.

Uste dut ondo eta fresko iritsi naizela, eta hori nahi nuen. Izan ere, ez ditut hiru asteko lasterketak ezagutzen, eta nahiago nuen fresko samar iritsi, nekatua baino.

Argi dago kirol gogorra dela eta elitean zaudetela. Ulertzekoa da Jorge Azanza ere zorrotza izatea.

Badaki zer eman dezakegun, eta horixe eskatuko digu. Gure taldea ihesiren batean etaparen bat lortzeko borrokatzeko moduan dago. Eta espero dut Juanjo esprintetan sartzea eta lan polita egitea. Egiteko gai garena lortzeak izan behar du gure helburua. Jorgek ez digu eskatuko egiteko gai ez garenik.

Zuk zeuk zer helburu duzu zeure buruarentzat?

Ihesiren batean sartzea, helmugara iristea, eta etapa irabazteko lehian sartzea.

Iazko urtea konplikatuagoa izan zen: lehiaketa asko utzi ziren bertan behera, urtearen lehen erdian bereziki, nahiz gero egin zen lasterketarik... Nola bizi izan zenuen hori?

Oso urte arraroa izan zen guztiontzat, baina, niretzat, aurrerapauso bat eman nuen urtea izan zen. Ez genuen egutegirik, baina egin nituen lasterketa guztietan ibili nintzen aurreko urtean baino hobeto. Saltoa eman eta hau esateko urtea izan zen: datorren urtea aprobetxatu behar dut. Eta aurtengoa aprobetxatzen ari naiz. Urte gogorra izan zen, baina askotarako balio izan zidan.

Aurten, Vuelta ez da Euskaditik pasatuko, baina han izango da marea laranjaren laguntza leiala. Zer ematen dute zale horiek?

Vuelta, iaz, bitan pasatu zen Urduñako igoeratik, eta askotan entrenatzen dut han nik. Nahiko nuke aurten ere Euskaditik pasatzea. Baina, tira, zaleak bide-bazterrean izango dira, nola Andaluzian hala Asturiasen. Badakit marea laranja han izango dela, eta, guretzat, funtsezkoa da.

Jakina baietz, Gotzon. Han izango gara, zuek helmugara eramateko.

Itzuli da marea laranja WorldTour-eko eta Espainiako Vueltako erakusleiho nagusira, inoiz baino indar handiagoz itzuli ere, posible bada.

Zorte on!