Zenbat gustatzen zaigun merkatura joatea, postutik postura ibiltzea, bertako produktuak probatzea, kuadrillarekin txakolin bat hartzea, arratsaldea luzatzea... Izan ere, merkatua topagune bat da, ekitaldi sozial bat; Gernikan, asteleheneroko plana duela sei mende baino lehenagotik. Tradizio hori festa bihurtzen da urriko azken astelehenean. Ehun bat mila pertsona inguratzen dira.

Zergatik astelehenez? Hona Gernikako merkatuari buruzko bitxikeria hori eta gehiago.

Zergatik egiten da astelehenetan merkatua Gernikan?

“Lunes gernikes, kolperik ez”. Herri-esaera horren arabera, astelehenetan Gernikan ez da kolpe zorririk jotzen, eta horrexegatik da azoka-eguna astelehena.

Lehen ez zegoen superrik izkina bakoitzean, eta ez zen hain erraza toki batetik bestera joatea; beraz, Busturialdeko eskualde osoko jendeak astelehenetan Gernikara joateko aprobetxatzen zuen, baina, batez ere, jendearekin egoteko eta zesta-partidez gozatzeko.

Mendeak ditu ohitura horrek. Pentsa zenbateraino dagoen errotuta... Euskal Herrian mantentzen diren merkatu tradizional gutxietako bat da.

El mercado de Gernika, el Último lunes de octubre

Zergatik da desberdina urriko azken asteleheneko azoka?

Bada, urteko garrantzitsuena delako, salmenta-postuak merkatutik atera eta herriko kaleetan zehar zabaltzen diren eguna. Bertsolariek eta kalejirak girotzen dituen festa-eguna. Zesta-puntako partidak izaten dira Jai-Alai pilotalekuan, gazta-lehiaketak eta -enkanteak eta beste produktu batzuenak, txakolina, taloak... eta festa luzea txosnetan.

Eta, horregatik, urtero ehun mila pertsona inguru biltzen ditu, gernikarrak eta Euskal Herri osoko bisitariak, ez baitute inondik ere galdu nahi festa handi hori.

Beraz, hobea duzu asteartea libre hartu eta urriko azken astelehena Gernikan pasatzea, merezi bezala.

Zer ordutegi du Gernikako merkatuak?

Galdera garrantzitsua da, jende asko biltzen baita, eta goiz joatea komeni baita. Hemen informazio oso baliagarria duzu, ezer gal ez dezazun:

Merkatua 9:00etan hasten da, eta postuak, salmenten arabera, lehenago edo geroago ixten dituzte. 900 bat postu jartzen dituzte herriko kale guztietan (Artekalea, Juan Calzada, Industria...). Beraz, garaiz joatea komeni zaizu bakoitzari begiratu bat emateko, sagardoa, eztia, gazta, erroskilak... probatzeko eta abar. Gainera, bertako artisautza eta nekazaritzako makineria ikus dezakezu.

Astirik baduzu, ez utzi ikusi gabe erakusketa, gazta-lehiaketa eta enkantea Merkurio plazan eguerdian. Ekitaldirik garrantzitsuenetako bat da. Bertso-saioa eta Jai-Alai pilotalekuko kirol-jarduerak ere galdu ezinekoak dira.

Eta ez alde egin gero Gernikatik txosnetantaloa eta txistorra edo txorizoa jan gabe eta txakolin bat edo sagardoa edan gabe. Han, festa berandu arte luzatzen da; beraz, hobe indarrak hartzea.

El mercado de Gernika, el Último lunes de octubre

Gernikako merkatuaren bitxikeriak

Gernikan inoiz izan ez bazara, ikusten duzunez, merkatua tradizio bat da. Urriko lehen eta azken astelehena egun seinalatuak dira, baina asteroko merkatua duela 650 urte baino lehenagotik egiten da.

Azter ditzagun Gernikako merkatuaren bitxikeria batzuk:

  • 1366an sortu zenetik, Gernikako hiribilduak asteroko merkatu bat egiteko pribilegioa du.
  • Aire zabalean egiten zuten harik eta bonbardatu zuten arte. Orduan, berariazko esparru bat eraikitzea erabaki zuten, eta 1943an amaitu ziren eraikuntza-lanak.
  • 1991n inauguratu zuten gaur egungo merkatua, lehen instalazioa eraitsi ondoren.
  • Hileko lehen larunbatean, ekainetik abendura, produktu baten inguruko azoka bereziak egiten dira: Idiazabal gazta eta Urdaibaiko txakolina, Gernikako piperra, sukalki...

Ikusten duzunez, Gernikako merkatuak historia luzea du atzean, eta hortik dator errotzea eta nortasuna. Plan bikaina Gernikara egun batzuetarako etortzen bazara.

Ba al zatoz?

Irudia: Turismoa Gernika-Lumon.