Urriaren 31, asteartea, gau beldurgarria izango da... Eta Euskadin aspaldidanik beldurtzen genuen jendea, kalabazei begiak eta ahoak zulatuz eta barnean sua piztuz. Ezagut itzazu hobeto euskal Halloween jaiaren jatorria, historia eta harekin lotutako ohiturak: hauxe da gure Gau Beltza. Eta Gau Beltza gure lurraldeko hainbat hiritan non eta nola ospatzen den ere azalduko dizugu.
Gau Beltzaren jatorria
Gaur egun Halloween izenez ezagutzen dugun jaiaren jatorria aspaldikoa da oso.
Datuek diotenez, Irlandan bazen tribu zeltek ospatzen zuten “Samhain” izeneko jai pagano bat K.a. XIII. menderako. Egun horrekin ospatzen zuten uztaren amaiera nahiz aro hotzaren hasiera, bai eta urte berriaren abiapuntua ere beren egutegian.
Gainera, zeltek uste zuten gau hartan ireki egiten zela bizien eta hilen munduak bereizten zituen atea, eta, hortaz, joandakoen mamuak libre ibiltzen zirela nonahi. Horregatik, zori gaiztoko ustekabeak saiheste aldera eta hildakoen arimei bidea erakusteko asmoz, ikatza sartzen zuten arbien barruan, eta linterna gisa erabiliz argitzen zituzten beren herri eta etxeak.
Egun hartan bertan ospatzen zuten orobat beren jainko-jainkosen jaiotza, eta haurrek eskaintzak biltzen zituzten druidek erritu sakratua presta zezaten. Orduan ez zen gozokirik izango, baina ziur eskuratzen zutela garai hartako gutizia goxoren bat edo beste.
Gau Beltzaren historia Euskadin
Eta nola iritsi zen ohitura hura Euskal Herrira? Ustez herri zeltek ekarri zuten, Araba eta Nafarroa inguruetan finkatu ondoren Gipuzkoa eta Bizkaiko gune garaietako kastroetara joan zirenek.
Horrela bada, kalabaza eta kandelen ohitura zinez amerikartzat jotzen genuen arren, ikerketek diote tradizio hori bazela Euskal Herrian askoz ere lehenagotik.
Arbi, kalabaza, kandela eta eskaintzak biltzen zituzten erritu pagano haiek hainbat modutara zabaldu ziren Euskal Herriko herrietan zehar; batzuetan Gau Beltza izena hartu zuten, eta beste batzuetan Arimen Gaua izenarekin egin ziren ezagun.
Jaia urtez urte zabaldu zen tradizio herrikoiari esker eta, aurrerago, erlijio katolikoari esker.
Erromatarrak eta eliza katolikoa iristearekin batera, ohitura hura kristautu egin zen ofizialki, eta 835. urtean Gregorio IV.a aita santuak erabaki zuen “Santu Guztien Eguna” maiatzetik azarora pasatzea.
Udazkenean finkaturik, Gau Beltzak sustraitu egin zituen bere tradizio eta errituak, gehienbat landa-inguruneetan.
Non ospatzen da Gau Beltza Euskadin?
Kalabaza moldatuak, kandela piztuak, beldurrezko istorioak ilunpean, sua, etxez etxeko janari-bilketa. Haur zein helduek Gau Beltza bizi zuten eta, orain, biziberritu egin dute Euskadin.
Herriz herri, pertsona nagusi askok gogoan dute nola haurtzaroan arbi eta kalabazak biltzen zituzten, nola barrutik husten zituzten giza aurpegi baten forma emateko, eta nola kandela bat pizten zieten barruan auzokoak eta adiskideak izutzeko. Edo nola ibiltzen ziren baserriz baserri, trapu zaharrez eginiko mozorroak soinean jantzita, fruitu lehor eta gaztaina eske.
Honelaxe oroitzen dute Gau Beltza:
Gau Beltzeko ohitura zabalduenetako bat da herrietako elizen kanpandorreetan kalabaza bat jartzea barruan kandela piztu bat duelarik.
Toki askotan, jakirik ere ez da falta izaten. Esaterako, Deba ibaiaren ertzetan ohikoak izaten ziren gaztaina erreak, bai eta Artzibar bailaran edota Arrasaten ere.
Mutrikun bada Gau Beltzaren beste bertsio bat: XIII. mendearen hasieran kalabazak jartzen ziren etxeetako ezkaratzetan, eta, jartzerakoan, herritarrek kantu bat kantatzen zuten Xestero ehorzlearen kontra: “Xesteron kontra, animen alde…” Ospakizun haren izena “Gaba Beltza” zen, eta azken urteotan ohitura berreskuratu nahian dabiltza, herriko kaleak zuzi, mozorro eta kalabazaz betez urtero, urriaren 31ko iluntzean.
Izan ere, Gau Beltzaren ospakizuna asko ahuldu zen Euskadin XX. mendearen erdi aldera, baina ez dugu ahantzi, eta gaur egun badira hainbat herri antzinako tradizioa berreskuratzen ari direnak.
Non ospatzen da Gau Beltza Euskadin?
Euskadiko herri askotan ospatzen da Gau Beltza urriaren 31ko gauean. Jakin nahi duzu zein diren? Hona hemen aipagarrienak:
Gau Beltza Bizkaian
- Gau Beltza Gorlizen: Gorlizko Ibarreta plaza kalabaza argiztatuz eta oihal zurizko mozorroz betetzen da. Tailerrak eta jolasak egiten dituzte eta gaztainak jaten dituzte, beste gauza askoren artean, tradizioa berreskuratzeko.
- Gau Beltza Mallabian: ospakizunez beteriko hainbat egun izango dira Urriko Jaien barruan. Iluntasuna pizten dute urriaren 31n: musika ez da falta izaten, eta txorizo-pintxoak banatzen dituzte. Gainera, kalabazak apaintzen dira, tailerrak egiten dira...
- Gau Beltza Orozkon: mozorro-tailerra eta kalejira handi bat dira Arimen Gauaren jarduera nagusiak Orozkon.
Beste hainbat herritan ere egiten dute Gau Beltza: Lekeition, Bermeon, Ondarroan...
Gau Beltza Gipuzkoan
- Gau Beltza Donostian: Donostian, Gau Beltzak indar handia du Altzan, non “Animen Ibilbide” berezi bat antolatzen baitute, Lantzeko inauterietako dantzekin amaitzen dena. Antigua eta Txomin auzoetan ere antolatzen dira bereziki txikienentzat prestatutako txokolatada, jarduera zein jolasak, Gau Beltza zer den ikas dezaten.
- Gau Beltza Astigarragan: hemen protagonista Gau Beltzeko desfilea da; hilerritik udaletxe-plazaraino egiten da, eta, han, beldurrak erretzen dira.
- Gau Beltza Errenterian: Kalabazaren Ibilbideagatik da ezaguna; kaleetan zehar Agirre Lehendakariaren plazaraino joaten da, musikaz, dantzaz eta zuziz lagunduta. Ondoren, paper batean idatzitako beldurrak Beldurren Lapikoan erretzen dira.
- Gau Beltza Lezon: ekitaldi nagusietako bat urriaren 31ko arratsaldean izaten da; Gau Beltzeko kalejira Goiko Plazatik ateratzen da eta Lezoko kaleak zeharkatzen ditu. Amaieran, gaztaina erreak jaten dira eta beldurrezko istorioak kontatzen dira Atzekoateko leizean.
- Gau Beltza Mutrikun: Axuri Beltzaren kalejira eta Talaixako mamuaren erreketa, musikaz eta dantzaz lagundua, dira urriaren 31ko arratsaldeko programazioaren ardatz.
Gau Beltza Araban
- Gau Beltza Aramaion: tailerrak, ipuin kontalariak eta, batez ere, desfilea dira jarduera nagusiak; desfilearen ondoren, dantza-saioa egiten dute, eta edabe magikoa edaten.
- Gau Beltza Zuian: urriaren 31ko desfilea baino lehen, kaleak apaintzen dira herritarrek etxetik ekarritako kalabazekin. Eta, desfilearen ostean, dantzak eta txokolate beroa izaten dira plazan.
Gau Beltzari eman zaion bultzada berri honetan, bada izen azpimarragarri bat, Euskaltzaleen Topagunea hain zuzen, aktiboki ari baita lanean tokian tokiko talde nahiz erakundeekin antzinako tradizio hau merezi bezala ospatu dadin Euskadin, gure arbasoek egiten zuten moduan.
Ikusten duzunez, aspaldidanik dugu gure Halloween jaia Euskal Herrian ere. Orain Gau Beltzaren jatorria eta historia zein diren badakizunez, hustu kalabaza, piztu kandela eta presta zaitez urteko gau beldurgarrienaz gozatzeko.