Badakizu zein den Zeledon? Urtero, Gasteizko Andre Maria Zuria zaindariaren jaiak hastean, Gasteizko zerua zeharkatzen duen pertsonaia ezaguna da. Jaiak abuztuaren 4tik 9ra ospatzen dira. Aspaldiko ohitura da, eta jarduera asko izaten dira egun horietan.

Urtero, abuztuaren 4an, arratsaldeko 6etan, gasteiztarrek dena emanda agurtzen dute Zeledon. Gasteizko 2024ko Andre Maria Zuriaren jaien hasiera irudikatzen du Zeledonen jaitsierak, eta jaiak, aurten ere, musikaz, antzerkiz, barrakaz, su artifizialez, gastronomiako eta artisautzako azokez eta kultura-, jolas- eta kirol-jardueraz beteta datoz.

Baina Gasteizko 2024 jaiak zenbait egun lehenago hasten dira girotzen, 2024ko Andre Maria Zuriaren jai-atarikoekin eta Blusen eta Nesken egunarekin (uztailaren 25a), Santiago egunez; 2024an jaieguna da Euskadin. Ospakizun horiek abuztuaren 3an amaituko dira, larunbatean, eta Gasteizko 2024ko jaiak hasiko dira.

Gasteizko 2024ko Andre Maria Zuriaren jaietako egitaraua

Programa de las Fiestas de La Blanca 2024 en Vitoria

Irudia: Gasteizko Udala

Gasteizko 2024ko Andre Maria Zuriaren jaiak abuztuaren 4an hasiko dira, igandean, txupinazoa jo (18:00etan) eta Zeledon jaistearekin batera. Modu horretan hasiko dira jarduera eta kontzertuz betetako arratsaldea eta gaua. Gainera, lasai asko ospatu ahal izango duzu, astelehena, abuztuak 5, jaieguna baita Gasteizen.

Jai-giroko sei egun izango dituzu artean aurretik. Izan ere, jaiak abuztuaren 9tik 10erako gauean amaituko dira, 01:00etan. Orduan, Zeledonek agur esango digu hurrengo urtera arte, eta San Migel elizako kanpandorrera igoko da berriro, su-festak dirauen artean.

Gasteizko Udalak 2024ko Andre Maria Zuriaren jaietako egitaraua argitaratu du; hemen deskargatu dezakezu:

Gasteizko 2024ko jaietako kontzertuak

Abuztuak 3, larunbata:

  • 23:59 h. – Foruen plaza: Los 40 La Blanca

Abuztuak 4, igandea:

  • 23:59 h. Foruen plaza: Esne Beltzaren kontzertua

Abuztuak 5, astelehena

  • 23:00 h. Aihotz plaza: Modus Operandiren kontzertua
  • 23:59 h. Foruen plaza: Nil Molinerren kontzertua

Abuztuak 6, asteartea

  • 23:00 h. Aihotz plaza: Süneren kontzertua
  • 23:59 h. Foruen plaza: Luz Casalen kontzertua

Abuztuak 7, asteazkena

  • 23:00 h. Aihotz plaza: Sara Zozayaren kontzertua
  • 23:59 h. Foruen plaza: Doctor Deseoren kontzertua

Abuztuak 8, osteguna

  • 23:00 h. Aihotz plaza: Kalakanen kontzertua
  • 23:59 h. Foruen plaza: Zetaken kontzertua

Gasteizko 2024ko Andre Maria Zuriaren jaietako beste jarduera batzuk

Gasteizko 2024ko Andre Maria Zuriaren jaietako egitarauan, 400 jarduera baino gehiago ageri dira. Hona hemen Gasteizko 2024ko Andre Maria Zuriaren jaietako egitarauko ekitaldi nagusiak:

  • 2024ko Andre Maria Zuriaren jaietako pregoia: Espainia plazan, abuztuaren 2an, ostirala, 21:30ean.
  • Kontzertu handiak: Foruen plazan, 23:59an.
  • Kontzertu gehiago: Aihotz plazan, 23:00etan.
  • Arratsaldeko kontzertuak: Santa Maria plazan.
  • Orkestrak: Plaza Berrian, 00:30 inguruan.
  • Bestelako musika-emanaldi batzuk: Probintzia plazan, 23:00 inguruan.
  • Kontzertuak Txosnetan: Unibertsitate-inguruan, gauez.
  • Emanaldiak eta DJa: Falerina Lorategian.
  • Dantzatzeko musika: Floridako kioskoan.
  • Dantzaldiak: Arka plazan.
  • Folklorea: Plaza Berrian, dianak eta kalejirak goizez.
  • Umorearen Txokoa : Prado parkean.
  • Haurrentzako ikuskizun eta jarduerak: Peñafloridako Kondearen plazan, Ramon Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategian eta Arriaga parkean.
  • Azoka arabiarra: Francisco Juan Aiala plazan; artisau-postuak, janari-postuak...
  • Ikuskizun piroteknikoak: gauero Mendizabalean, azoka-eremuaren ondoan, 23:00etan.
  • Barrakak: Mendizabaleko azoka-eremuan.
  • Gasteizko jaietako azoka: Santa Barbara plazan.

Horrez gainera, erraldoi, buruhandi, zaldi eta txoten konpartsak, dantza, bertso-saioak, kalejira, Gargantua eta askoz gehiago. Guztiaren berri emango dizugu hemen.

Andre Maria Zuria, Gasteizko zaindaria

Andre Maria Zuria 1921az geroztik da Gasteizko zaindaria, eta hari eskaintzen dizkiote festak.

Andre Maria Zuriaren irudiaren gurtza oso errotuta dago gasteiztarren artean: 1954an, koroatu eta Hiriko Erregina ofizial bihurtu zuten, ekitaldi jendetsu batean.

Baina Elurretako Ama Birjinaren —hots, Andre Maria Zuriaren— gurtza, askoz lehenago hasi zen; zehazki, 1181ean, Antso VI.a erregeak hiria fundatu zuenean.

Eta aspaldikoak dira Gasteizko jaiak ere, nahiz eta 1883ra arte irailean ospatzen ziren. Andre Maria Zuriari eskaintzea erabaki zutenean aldatu zituzten abuztura.

Gaur egun, Andre Maria Zuriaren jaiak ezinbesteko hitzordua dira Euskadin.

Erraldoiak eta buruhandiak. Eta nor da Gargantua?

Ospakizun herrikoi honetan, ez dira falta erraldoiak eta buruhandiak, ehun urteko Gargantua izugarria buru dutela: 4,30 metroko altuera, 2,50 metroko zabalera eta 8 metroko luzera ditu.

Baina, zalantzarik gabe, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietako protagonista nagusia Zeledon da.

Zeledonen jaitsieraren historia

Zeledonek 1957an zeharkatu zuen Gasteizko zerua aurreneko aldiz. Blusa-talde batena izan zen ideia, egia bihurtu nahi izan baitzuten aldizkari batean irakurritakoa: "Zeledon loriatik iritsi da Gasteiza". Beraz, panpina bat irudikatu zuten, baina hezur-haragizko pertsona batek antzeztua, San Miguel elizatik Plaza Berrira soka baten bidez jaitsiko zena.

Lehenengo jaitsiera hura gorabeheratsua izan zen, kablea hautsi eta udaletxeko teilatuan amaitu baitzuen Zeledonek. Baina ustekabe handiek erremedio are handiagoak eskatzen dituztenez, Zeledonek teilatutik bertatik agurtu zuen plazan bildutako jendetza.

Lehenengo Zeledon hura José Luis Isasi izan zen, ideia bultzatu zuen kuadrillako kideetako bat, eta, egia esan, “Los tímidos” blusa-kuadrillako maskotaren antz handia zuen panpinak.

60 urtetik gorako tradizioa

Harrezkeroztik, urtero zeruratzen da Zeledon, txupinazoaren ondoren, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaien aitzindari. Dena dela, jantziak eta ibilbidea ere aldatu ditu urteotan. Txapela badarama oraindik, baina, hasierako alkandora beltzaren ordez, koadrodun bat darama orain, eta 1970ean, eraikuntza-lan batzuk tarteko, Andre Mari Zuriaren plazara lekualdatu ziren Zeledon eta haren urteroko hegaldia, eta han jarraitzen du hitzorduak gaur egun.

Bada aldatu ez den beste gauza bat: Zeledonek hegan egiteko darabilen aterki irekia, betiere marra zuri batez inguratua. 2012an ez zen izan zuria, gainerako urteetan bezala. Izan ere, urte hartan berdea izan zen, Gasteiz Green Capital izan baitzen urte hartan.

Urte hauetan, lau gizon izan dira Zeledon. Lehenengoa, aipatu bezala, José Luis Isasi izan zen; 1976an, Enrique Orive Galindok ordeztu zuen; 1980tik 2000ra eta 2007an Iñaki Landa izan zen; eta 2001etik Gorka Ortiz de Urbina da.

Baina, nor izan zen jatorrizko Zeledon hura?

Zeledon: benetako pertsonaia edo mito berrasmatua?

Askotariko teoriak daude Zeledonen jatorriari buruz. Batzuentzat gerrillari karlista izan zen, eta, beste batzuentzat, enaren etorrera eta udaberria sinbolizatzen duen mito bat (grezieraz, enara hitzak Zeledon hitzaren antzeko doinua du).

Baina teoria zabalduenak dio Zeledonio Anzola eta García de Andoain izan zela Zeledon, XVIII. mendearen amaieran jaiotako Zalduendoko semea. Hortik aurrera, bi bertsio daude: lehenengoaren arabera, jaietan bakarrik joaten zen Gasteiza, eta jai-giroa eta bizipoza zabaltzen zituen herritarren artean; bigarrenaren arabera, berriz, Arabako hiriburura joan zen bizitzera 21 urte zituelarik.

Edonola ere, gizon handi, adeitsu eta on-ona zen, eta oso tabernazalea zenez, oso umore “berezikoa”.

Gasteizen bizi zela zioen teoriari jarraituz, Zapatari kalean eraiki omen zuen etxea, igeltseroa baitzen ogibidez. Eta etxe hori, hain zuzen, gasteiztarrek urtero kantatzen duten abesti ezagunaren protagonista bihurtu da: "Celedón ha hecho una casa nueva, Celedón con ventana y balcón".

Fiestas de Vitoria
Irudia: https://www.vitoria-gasteiz.org/

Zeledonen kanta

Esan bezala, Zeledonen abestiak esaldi bakar bat du:

"Celedón ha hecho una casa nueva, Celedón con ventana y balcón".

Behin eta berriz errepikatzea da kontua, bat eginik hain egun berezia ospatzen duten ehunka gasteiztarren ahots eta pozarekin.

Gainera, orain euskaraz ere badugu abestia, bertsio egokitu bat baitago:

“Zeledon etxe berria egin duk, Zeledon balkoian leiho on”.

Bitxikeria gisa, Zeledonen abestiak mende bat du. Iturrien arabera, 1918koa edo 1922koa izan daiteke testua. Baina argi dago Mariano San Miguel musikariaren partitura bat erabili zela abestirako.

Zeledonen ospea

Zeledon ikur bihurtu da gasteiztarrentzat.

Kontua ez baita soilik Zeledon agurtzea; ukitu ere egin behar da. Badakizu zergatik? Zurrumurruek diotenez, Zeledon ukitu beharra dago gau horretan ligatu nahi izanez gero.

Zeledonen jaitsiera plazan amaitzen da, lurrean. Han, hezur-haragizko Zeledonek ordezten du, eta, agintarien balkoira heldu ondoren, ohiko agurra egiten du.

Zeledonen festa-hasierako bidaiaren ondoren, musikaz, jaialdi gastronomikoz, antzerkiz eta txikientzako hamaika jardueraz beteriko jaiegunak datoz. Bada tradizioetarako lekurik ere: esate baterako, argi-ontzien arrosarioa, duela ehun urte baino gehiagotik egiten dena.

Handik sei egunera, jaiak amaitu egingo dira eta Zeledonek agur esango dio hiriari 01:00etan, eta San Migel elizako kanpandorrera igoko da.

Hurrengo urtean, berriz jaitsiko da plazara, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak hasteko.

Goiburuko irudiaren iturria: Euskadi turismoa