Ez daukazu planik udazkenerako? Uda osteko ajea pasatzen laguntzeko errezetarik onena daukagu Euskaltelen. Besteak beste, ikastolen aldeko jaiak, kirola, abentura, zinema eta musika. Animatuko zara?
Euskara
Urriaren 3an egingo da Kilometroak jaia, Goierrin, 'Batera, bagara, bat gara’ lelopean. Hain zuzen ere, ikastolen batasunaren, esentziaren eta zatiezintasunaren aldeko alegatua egin nahi da jaiaren berrogeita bosgarren edizio honetan. Beasaini, Lazkaori eta Ordiziari dagokie aurten euskara eta euskal kultura inork ez bezala aldarrikatzen dituen jai hau antolatzea. 2021ean, ibilbidea eta jarduerak osasun-egoerara egokitu dira, baina ospakizunaren funtsa galdu gabe. Gainera, nobedadeak ere izango dira: besteak beste, liburu bat argitaratuko da, eta ikastolen historiari buruzko komiki-lehiaketa bat jarriko da martxan. Zatoz gure jaira, eta egin bat Goierriko hiru ikastolekin.
Gainera, 'Euskal Joko eta Kirolak’ topaketa ere egingo da aurtengo Kilometroetan, Euskaltelek babestuta. Gure jokoetan eta kiroletan zein trebeak diren erakutsiko beharko dute parte-hartzaileek: lokotxak, txinga, zaku-saltoak, giza proba, zaku-eroatea, toka, harri-jasotzea, trontza, ingudea eta sokatira.
Lehiaketaren finala Nafarroa Oinezen egingo da. Nafarroako ikastolen jaia larunbatean, hilak 16, eta igandean, hilak 17, egingo da Lizarran, herri horretako ikastolaren berrogeita hamargarren urteurrena aprobetxatuz. Han, besteak beste, jolasak, kirola, tailerrak eta kontzertuak izango dituzu zain, euskara, kultura kolaboratiboa eta elkartasuna aldarrikatzeko, hizkuntza txikien handitasuna aldarrikatuko duen ikastola jasangarri bat baitugu xede. Ikusi aurtengo abestia eta bideoklipa, festarako prestatzen hasteko.
Kirola
Irailaren 24tik (ostirala) 26ra (igandea), leku paregabe batera eramango zaitugu, paraje ikusgarriak dituena. Gorbeia Suzieni buruz ari gara, Gorbeiako parke naturalaren barnean egingo den ibilaldi zirkular bat, aldapa gora eta behera pikeak eta ordoki berde ederrak ere badituena, nahi bezain azkar aritzeko.
Ez zaitugu engainatuko. Lasterketa gogorra da benetan, sufritzeko eta zure gorputzaren mugak probatzeko aukera ematen duena, baina ez da kirol-kontua bakarrik. Kirol-proba izateaz gain, aitzakia bikaina da giro ona nagusi den leku ikusgarri batera hurbiltzeko, asteburu batean, eta hainbat jardueraz gozatzeko: musika, dantza, herri-bazkaria…
Hasi indarrak biltzen urriko lehen astebururako, larunbatean, hilak 2, eta igandean, hilak 3, WOP Challenge Bilbao-Bizkaia 2021 izango baituzu zain. Zertan datza? Taldeka erreleboan egin beharreko lasterketa gogor bat da, 19 etapakoa eta maila guztietakoa. 226km inguru egingo dituzte Bizkaian korrika, mendian nahiz menditik kanpo, gau eta egun, gelditu gabe.
Eta, WOPen eskutik, hilaren 3an (igandea) 2021eko Bilboko Ahate Estropada egingo da,WOPahateen Bilboko itsasadarreko lasterketa harrigarria. Landare-jatorriko materialekin egindako lehen ahateak martxan jartzea arrazoi ezin hobea da familiako festa handi hau ospatzeko.
WOP Challengek eta Ahate Estropadak kausa on baten eta amets kolektibo baten alde egiten dute: gaixotasun neurodegeneratiboekin amaitzea. Aho-zabalik utziko zaituzte.
Zinema
Ezagutzen duzu zinemaldirik parte hartzen duten film labur guztiak jaialdiaren egun berean grabatzen direnik? Halakoxea da Portugaleteko Express Zinema Jaialdia, eta seguru orain hobeto ulertuko duzula nondik datorkion izen hori :) Hamar orduan, eta bakoitzak bere ekipamendua erabilita, parte-hartzaileek beren obrak asmatu, gidoiak idatzi, filmatu eta editatu behar dituzte. Gai jakin baten bueltan egin behar dute, eta eguna iritsi arte ez dute jakiten zein den. Aurten, irailaren 25ean (larunbata) egingo dute. Beti da une egokia kultura eta aisia nahasteko, eta zinema elkarbizitzarekin, topaketarekin eta dibertsioarekin fusionatzeko. Zain izango gaituzu Portugaleten.
Musika
Musikarik ez dadila falta! Urriaren 10ean (igandea), disko arrakastatsu franko, sari ugari eta —garrantzitsuena!— jarraitzaile mordoa dituen talde bat arituko da Kursaalen. Eva Amaralek eta Juan Aguirrek osatzen dute Amaral. Zaragozako talde bat da, 20 urte baino gehiago daramatza arrakastatsu eszenatokietan, eta beren zortzigarren diskoa, Salto al color, aurkeztera etorriko dira Donostiara. Sarrerak agortuta daude; baina, lasai, Euskaltelen bezerook lor ditzakezue oraindik. Begiratu gure sare sozialetan...
Ikusten duzunez, agenda osatua eta askotarikoa utzi dizugu udazkenerako. Gozatu, eta gero kontatu guri :)