Badira 25 urte baino gehiago gure jarduera hasi genuela, eta hasieratik bertatik hartu genuen euskara bultzatzeko konpromisoa, gure ikurra baita.
Eta konpromiso horrekin jarraitzen dugu oraindik, erabilera linguistikoa egiten dugun guztira egokituz etengabe:
- Euskara erabiltzen dugu bidaltzen dizkizugun komunikazio guztietan (webgunea, mailingak, fakturak, etab.).
- Eta bezeroen arretako zerbitzu guztietan ere bai (salmenta-puntuak, call centerra, salmenta osteko zerbitzuak, etab.).
- Gure lurraldearen eta kulturaren alde egiten dugu, euskara bultzatzen duten ekimen eta proiektuetan parte hartuz; besteak beste, hauetan: Durangoko Azoka, ikastolen aldeko jaiak, Bertso Txapelketa, Korrika eta Euskaraldia.
Euskara barrutik sustatzeko eta erabiltzeko konpromisoa
Konpromiso hori gauzatzeko, euskara bultzatzen barrutik hasi behar genuela ikusi genuen, gure pertsonak euskara erabiltzera bultzatuta.
Horretarako, 2002an Euskalteleko Euskara Plana abiarazi genuen enpresa barruan, euskara bultzatzeko proiektu integral bat: prestakuntza eskaintzeaz gainera, euskara dinamizatzeko jarduerak ere badira; esate baterako, Berbalagunak, Irakurle Klubak eta beste asko.
Ekimen horiei guztiei esker, gaur egun langileen %50 inguru gai dira euskaraz erlazionatzeko enpresa barruan eta gure bezeroekin.
Euskara bultzatzen duten ekimenak babesten ditugu
Euskaltelentzat funtsezkoa da egunero-egunero euskararen alde lan egiten duten elkarteekin eta talde sozial, kultural eta enpresarialekin lankidetzan aritzea. Izan ere, konpromiso-balio berek batzen gaituzte.
Urtero izaten gara ikastolen jaietan, eta, hain zuzen, han estreinatu ditugu aurten Euskal Joko eta Kirolak.
Halaber, abenduko zubian urtero joaten gara Durangoko Azokara, euskal kulturaren azoka handira.
Eta Bertso Txapelketa, Korrika eta beste ekimen ugari babesten ditugu.
Eta, hori guztia gutxi balitz bezala, Euskaraldiarekin ere aritzen gara martxan jarri zenetik (2018), gure lurraldean euskara bultzatzeko jarduera sozial bat baita.
Gure bulego eta salmenta-puntuetako kideak Ahobizi eta Belarriprest izaten dira ekitaldiak dirauen artean. Eta ekimena mundu digitalera igaroarazteko prozesuan ere lagundu dugu, iazko ekitaldirako (2. Euskaraldia) garatutako mugikorrerako aplikazioari laguntza eman baikenion.
Bertako eta euskarazko eduki gehiago
Badira zenbait hilabete Euskalteka —euskarazko ikus-entzunezko edukien plataforma— erabil dezakezula Replayteka zerbitzuan.
Doako edukien katalogo bat da, EITBrekin lankidetzan eskainia, eta, nola ez, ‘Go!azen’ telesaileko atalak ere bertan dituzu, lehenengo ataletik.
Horrez gainera, gertu dituzun lurraldeko tokiko telebista guztietako —esate baterako, ETB1, ETB3, Hamaika TB, Oizmendi TB, Goierri TB, 28 Kanala, Erlo TB eta Goiena TB— saioak ikusi ahal izango dituzu.
Ikusten duzunez, euskara bultzatzeko konpromisoa sendo mantentzen dugu egunero, gure nortasunaren ikurretako bat delako, eta gizartera gerturatzen gaituelako.