Euskal dantzak dira gure folklore eta kulturaren erakusgarri ederrenetako bat. Harriturik uzten gaituzte ikusgarritasunagatik eta dotoretasunagatik, tradizioari uko egin gabe. Jakin nahi duzu zer-nolako euskal dantza tradizionalak ditugun eta zer jantzi izaten dituzten? Post honetan argituko ditugu zure zalantzak.

Musika eta dantza tradizionalek mende luzeak daramatzate gure ospakizunetan. Guk gustuko dugu gure sustraiak aldarrikatzen dituen folklorea gureekin gozatzea; hau da, herri-ukituarekin eta taldean.

Euskal dantzen emanaldiak ohikoak izaten dira herriko jaietan, omenaldietan, ekitaldi ofizialetan, baita egun berezietan ere, hala nola inauterietan. Ohikoak izan dira ezkontza eta bataioetan ere.

Euskal dantzen jatorriari buruz, denetik dago pixka bat: badira batzuk oso zaharrak, XVIII. mendekoak, eta badira berriagoak ere, baina ia guztiak dantza tradizionalen batean oinarrituak.

Horretaz gainera, toki bakoitzak bere gustu eta tradizioetara egokitzen ditu, eta batzuek presentzia handiagoa izaten dute besteek baino.

Gipuzkoan, esate baterako, ospetsuak dira Zumarragako ezpata-dantza edo Lizartzako inauterietako dantzak. Bizkaia aldean, berriz, Durangaldeko dantzari-dantza, Lekeitioko kaxarranka edo Markina-Xemeingo ezpata-dantza. Eta, Araban, oso ohikoak dira Eltziegoko dantzak edo Ekorako kate-dantza.

Beraz, euskal dantza ugari ditugu, Euskadi osoko herri eta hirietan ikus daitezkeenak.

Euskal dantza motak

danzas vascas tradicionales baile
Iturria: Bilbao Turismo

Genioen bezala, askotariko euskal dantzak ditugu, eta batzuk ohikoagoak dira toki batzuetan, eta beste batzuk besteetan; aldaerak ere badituzte. Hona hemen euskal dantza ezagunenetako batzuk:

Aurreskua

Aurreskua da Euskadiko dantza ezagunenetako bat. Nolabaiteko solemnitate- edo omenaldi-kutsua eman nahi zaien ekitaldi ofizial eta protokolarioetan egiten da, bai eta zeremonia publiko eta pribatuetan ere.

Bazenekien soka-dantza dela aurreskuaren jatorria? Elkarri eskutik helduta, partaideak soka bat osatuz mugitzen ziren; hortik datorkio izena. Gaur egun, gehiago dantzatzen da bakarka.

Izan ere, dantzari bakarra aritzen da; aurreskularia, alegia. Alkandora eta galtza zuriak, abarketak, txapela beltza eta gerriko berdea izaten ditu jantzita. Txistulari batek laguntzen dio, eskuarki txistu eta danbolinarekin.

Aurresku tradizionalak lau zati ditu: Aurrez aurrekoa, esku aldatzea, zortzikoa eta agurra.

Kaxarranka

Ez da batere egokia bertigoa dutenentzat. Zortzi arrantzalek bizkarrean eutsitako kaxa baten gainean dantzatzen da.

Tipikoa izaten da Lekeition San Pedro egunez, orduan aukeratzen baitute arrantzaleen kofradiako idazkaria.

Xemeingo dantza

San Migel egunean (irailaren 29an), dantzariek arkanjeluaren eskapularioak eramaten dituzte, eta ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka antzezten dute Markina-Xemeinen.

Dantzari-dantza

Bederatzi dantza dira, txistu- eta atabal-doinuekin dantzatzen direnak.

Tradizio handiko dantza da Durangaldean, bereziki Abadiño, Berriz, Garai, Mañaria, Izurtza eta Iurretan.

Dantzariek donienatxa izeneko enbor bat altxatzen dute herriko plazan, eta herriko zaindariaren egunean dantzari-dantza izeneko ziklo osoa egiten dute, batzuetan makilak eta ezpatak erabiliz.

Ezpata-dantza

Dantza hori zenbait tamainatako makilekin eta ezpatekin egiten da. Hala, bi aldaera ditu: ezpata joko txikia (ezpata txikiekin dantzatua) eta ezpata joko nagusia (ezpata handiekin).

Errenkadan antolatutako konpartsa batek parte hartzen du, buruzagi batek zuzenduta eta beste lau dantzarirekin.

Arku-dantza

Hasiera batean, gizonek bakarrik dantzatzen zuten, baina gaur egun emakumeek ere parte hartzen dute, irule jantzita.

Dantzari bakoitzak arku bat izaten du, eta, harekin, zenbait mugimendu sinple eta erritmiko errepikatzen ditu; lehenik posizio bertikalean, eta gero horizontalean.

Zinta-dantza

Arku-dantzaren antzekoa da, baina zinta-dantzan muturrean loreak dituen makila bat erabiltzen da; musika alaiagoa eta modernoagoa du.

Sorgin-dantza

Oriako inauterietako dantza tipiko bat da. Bikoteka dantzatzen da; losintxak eta mugimendu nabarmenak egiten dizkiote elkarri, parodia modura. Dantzaldia amaitzeko, multzoan jarri eta konjuruak botatzen dituzte, bertan daudenei mota guztietako gaitzak (umorez) helarazteko.

Euskal dantza tradizionalaren historia

Aurreskuak eta euskal dantza tradizional gehienek gorakada handia izan zuten XX. mendearen lehen herenean.

40ko hamarkadan, dantza-taldeak sortzen hasi ziren gure herri eta hirietan (Oldarra, Goizalde, Dindirri...). Herriko jaietan parte hartzen zuten eta topaketak antolatzen zituzten.

Hasiera batean, gizonak ziren nagusi dantza-mota horietan. Denboraren poderioz, ordea, gaur egun emakumeak dira dantza-taldeetako kide gehienak.

Gaur egun, 250 dantza-talde baino gehiago daude Euskadin. Bizkaia da dantzari gehien dituen lurraldea, eta hantxe daude errotuen euskal dantzak.

Bestalde, gure musika tresna tradizionalak dira euskal dantzetarako laguntzailerik eta osagarririk onenak. Esate baterako, dultzaina, alboka, txistua edo txalaparta.

Euskal dantzetako abarkak

Dantzarien jantziak dira euskal dantzen alderdirik deigarrienetako bat.

Zer-nolakoak dira euskal dantzetako jantziak?

XX. mendearen hasieran, jantzi tradizional bilakatu ziren baserrietan eguneroko lanetarako erabiltzen zituzten arropak, eta festa eta egun seinalatuetan hasi ziren erabiltzen.

Baina euskal dantza tradizional bakarra ez dagoen bezalaxe, gure dantzarien jantziak ere aldatu egiten dira dantza-motaren, adinaren, sexuaren eta lurraldearen arabera.

Bateratu gabe egoteaz gainera, gero eta herri gehiagok dute nahiago ukitu bereizgarria ematea beren jantziei.

Nolanahi ere, baditugu elementu komun batzuk: gona luzea eta kolore bizikoa eta zapia emakumeentzat; eta gizonentzat, berriz, galtza luzeak, atorra, txalekoa eta txapela, gehienetan beltza edo gorria.

Mahuka luzeko eta lepo altuko alkandora dira ohiko beste jantzi batzuk, askotan parpaila edo brodatu zainduz apainduak.

Eta gizonak zein emakumeak abarkak jantzita ibiltzen dira.

danzas vascas tradicionales alpargatas
Iturria: Turismo Bizkaia

Abarketa tradizionalak dira, orkatilan lotzeko zintak dituztenak eta mugitzeko askatasuna ematen dietenak. Zola kalamuz egina da, eta eskuz josten dira, kotoizko oihal lauarekin. Zuriak eta beltzak dira kolorerik ohikoenak.

Iraganean gure arbasoek landan lan egiteko erabiltzen zituzten oinetako horiek euskal dantzen ezaugarri nagusietako bat bihurtu dira.

Gure euskal dantza tradizionalak belaunaldiz belaunaldi transmititu dira, eta sasoi betean jarraitzen dute. Euskal Herri osoko jaiak eta ospakizunak animatzen dituzte, jantzi koloretsuekin, musika alaiarekin eta koreografia ikusgarriekin.

Goiburuko irudiaren iturria: Bilbao Turismoren kontu ofiziala.