Ethan Egiguren: Ez. Egia esan, ez. Amari ikaragarri gustatzen zitzaion laurogeiko hamarkadako telesail bateko –Treinta y tantos– pertsonaia baten izena da. Hainbeste gustatzen zitzaion, ezen izen hori jarri zidaten.
EKT bloga: Zergatik surfa?E.E.: Nire familiak surf-tradizioa du. Aita eta osabak surfean ibiltzen ziren Zumaian. Haiekin izan nuen nire lehen harremana oholarekin. Gustatu egin zitzaidan, eta surfean jarraitu nuen. Lehendabizi Hendaian, Oiartzundik hurbilago baitago, eta, gero, Grosen (Donostia). Hamabi urte nituela, lehiatzen hasi nintzen, eta hala jarraitzen dut…
EKT bloga: Zein izan dira lehiaketetan orain arte izan dituzun arrakasta handienak?E.E.: Oraingoz, hiru proba hauetan hirugarren postua lortu izanak sortzen dit harrotasun handiena: Espinho 2014 Europako Pro Juniorra, WQS Pantin Galicia pro 2015 munduko proba eta WQS Seat Pro Netanya 2016 munduko proba (Israel).
EKT bloga: Martinikako txapelketa batetik itzuli berria zara. Zer moduz joan da?E.E.: Ez nahi bezain ondo, baina denak balio du hobetzeko. Aurten, hasiberria naiz WQS zirkuituan, eta esperientzia pilatu eta ikasten jarraitzea da garrantzitsuena.
EKT bloga: Zein dira zure hurrengo helmugak?E.E.: Ekainean, euskal zirkuituko proba bat dut; uztailean, mundu-zirkuituko bat, Galizian; eta, ondoren, Indonesiara joango naiz pare bat asterako, entrenatzera.
EKT bloga: Ez da plan txarra. Zer lortu nahi duzu denboraldi honetan?E.E.: Lehen 80en artean bukatu nahiko nuke. Une honetan 110. nago, baina badauzkat aukerak. Dena den, kalitate oneko lehiakideak ditu zirkuituak; esaterako, Aritz Aranburu (ASP World Tour munduko zirkuituan historiako 45 surflari onenen artean surfean aritzea lortu duen lehen euskalduna eta Europako bosgarrena) eta Hodei Collazo euskaldunak. Epe laburrean ez, jakina, baina epe ertainean espero dut munduko topean egotea nire idoloekin; adibidez, Mick Fanningekin.
EKT bloga: 21 urte baino ez dituzu, baina dagoeneko gehiago bidaiatu duzu gutako askok bizitza guztian baino. Zorionekoa sentitzen zara?E.E.: Egia esan, amets bat da gehien gustatzen zaidan horretan jarduteko aukera izatea. Euskaltel eta beste babesle batzuei esker, esklusiboki surfean aritu naiteke, eta hori ezin da diruz ordaindu. Bidaiatzeari dagokionez, betidanik gustatu zait, eta kirol honek aukera ematen dit leku asko ezagutzeko: Australia, Maldivak, Mexiko, Reunion uharteak, Indonesia, Kalifornia…
EKT bloga: Eta zein aukeratuko zenuke?E.E.: Zaila da aukeratzea, baina Indonesiako Sumbawa uhartea izugarri gustatzen zait. Batez ere hango olatuak, noski! Dena den, asko bidaiatzeak hemengoa balioestea ere badakar. Euskadi leku zoragarria da surfean aritzeko.