Julio Solok 31 urte besterik ez ditu, baina ezin uka Nafarroan aspaldi izan den bertsolaririk onena dugula, bost txapela irabazi baititu dagoeneko. Hala ere, Gorritiko gazteak zuhurtziaz erantzun digu, Euskal Herriko txapelketan izan ditzakeen aukerez galdetu diogunean. Haren esanetan, une gozo eta oso interesgarria bizi du orain bertsolaritzak, eta gero eta bertsolari gazte gehiago sortzen ari dira, etorkizunean zer esan ugari emango dutenak.

Euskaltel Bloga. Bost txapel dagoeneko Nafarroan... Hurrengoan, Euskal Herriko txapelketa irabaztea izango duzu helburu , ezta?

Julio Soto. Inondik inora! Oso kontu desberdina dira Nafarroako eta Euskal Herriko Txapelketa. Probatu dut dagoeneko hiru aldiz zer den azken hau, eta izugarria da Euskal Herri mailan dagoen bertso maila. Finalean egotea bera, amets bat da edonorentzat eta oso gutxik lortzen dutena.

E.B. Iaz bezala, aurten ere Eneko Lazkozekin aritu zara buruz burukoan… Bera da orain arte izan duzun lehiakiderik sendoena?

J.S. Eneko Lazkozek asko eta asko egiten du bertsotan. Aspaldidanik dut lagun, bertso eskola, otordu eta hizketaldi asko konpartitu ditugu, eta oso berezia izan da berriz ere buruz burukoa den momentu hunkigarri hori berarekin elkarbanatzeko aukera izatea. Zorionez, beti izan ditut oholtzan bertsolari bikainak, eta hurrengo urteetan halaxe izango da.

E.B. Zure ustez, aurten zertan ibili zara ongien txapelketan?

J.S. Finalera arteko bidean lotu xamarrik sumatu dut neure burua, eta beharbada finalean kontentuen utzi ninduena horixe izan zen, nire lotura horietatik libre kantatzeko suerte izan nuela. Behin urduritasunei gain hartu eta zentratuta baldin bazaude, dena da errazagoa. Horretantxe esango nuke beraz asmatu dudala hobekien azken txanpan, beldurrak uxatzen.

E.B. Alde handia al dago Julio Soto bertsolariaren eta pertsonaren artean? Asko aldatzen al zara agertokian?

J.S. Antzeko pertsonak gara oholtza gaineko eta oholtzatik kanpoko Julio. Bertsolaria horretan ahalegintzen da: egunerokoan pentsatzen, sentitzen eta ikusten duena, gero oholtzan erakusten. Hori da zintzoena eta zuzenena, oholtzan maskararik ez jartzea.

E.B. Zein izan da aurtengo txapelketan entzun duzun bertsorik politena? Zureak alde batera utzita, noski.

J.S. Zaila egiten zait bat aukeratzen. Asko gustatu zitzaizkidan adibidez Eneko Lazkozek buruz buruko mainontzi ariketan kantatu zituenak; goitik beherako bertsoak eta eduki oso mamitsuarekin. Esandakoa hala ere, bertso on asko entzun ditut eta hori pozgarria da.

E.B. Esanahi berezirik izan du zuretzat Joxema Leitzak jartzea zuri txapela?

J.S. Oso berezia! Oso pertsona garrantzitsua izan da Joxema Nafarroako bertsolaritzaren azken urteetako ibilian. Lan asko egin du, eta beti bertsoaren alde. Bertsolari gazteei izugarri lagundu dien pertsona da: autoz hona eraman, hara, bertso eskolak eman, aholkuak.. Beti sentitu dugu denok gertu bere babesa eta nik pertsonalki asko maite dut. Berezia izan zen beraz azken momentu hunkigarri hori berarekin konpartitu izana.

E.B. Askotariko gaiak izan dira aurten, gaurkotasun handikoak. Baina faltan sumatu duzu gairen bat?

J.S. Uste dut oso lan txukuna egin dutela gai egileek aurtengoan ere. Suerte handia dugu Nafarroan dugun gai egile taldearekin. Oso ikuspegi anitza eta aitzindaria dutela iruditzen zait. Bertsoak bezala, denetatik egon da, baina orokorrean, asko asmatu dutela uste dut.

E.B. Eskarmentu handiko bertsolaria zara dagoeneko. Gaur egungoen artean, nork du proiekziorik handiena, zure ustez?

J.S. Txapelketa honetan gertatu den gauza politenetako bat bertsolari gazteen sendotzea eta are eta gazteagoen agerpena izan da. Finalean egon ziren Ilarregitarrek bide oso oparoa egingo dutelakoan nago, eta finalean egon ez arren, beste bertsolari gazte batzuk ere aurrerapauso bat egin duten honetan, datozen urteetan distira egingo duten bertsolari bat baino gehiago izango ditugu.

E.B. Eta emakumeei buruz, zer? Oraindik gutxi dira goreneko mailara iristen direnak…

J.S. Euskal Herri mailan geroz eta gehiago dira goi mailan dabiltzanak. Egia da Nafarroan gabezia bat dugula zentzu horretan, baina ari dira pixkanaka gauzak aldatzen eta bertso eskoletan egiten ari den lanari esker, gizartean ematen ari diren iraulketei esker, gurean ere finaleko aurtengo argazkia joango da anizten.

E.B. Zure ustez, nola dago bertsolaritza gaur egun?

J.S. Oso osasuntsu eta oso momentu interesgarrian. Beti bezala, gizartearen martxarekin bat egiteko eginahalean ari gara bertsolariak, gure bertsoek beti izango duten azal betiko horri, aldiro mami berriak sartzen. Zaharrean moderno izaten asmatzen du bertsoak, eta hortxe dago koska. Bertsozale Elkartea lan oso ona egiten ari da, bertsoa gero eta gazte gehiagorengana iristen da, entzuleak zintzo erantzuten du.. Despistatzeko denborarik gabe, baina bide onean goaz.

E.B. Eskerrik asko eta zorte on!