Bazenekien delitu informatikoak asko ugaritzen ari direla? Duela hilabete, Euskal Encounterren, gure ekipoak ziberrerasoetatik babesteko hainbat aholku eman zizkiguten zibersegurtasun-arloko adituek.

Eta gauza bat argi geratu zitzaigun: kontuz ibili fidagarriak ez diren fitxategi erantsiak irekitzean. Izan ere, horrelako fitxategiak exekutatzean sartzen da kode maltzurra gure ekipo informatikoetan.

José Alberto Esteban Domínguez datu informatikoak berreskuratzen aditua da recuperadata.com-en. Tartetxo bat kendu diogu Euskal Encounterren eman zuen tailerrean zer aholku eman zituen konta diezagun.

Euskaltelen Bloga. José Albertok hitzaldi bat eman zuen Euskal Encounterren azken edizio honetan. “Zer ez dugun egin behar datuak galtzen ditugunean” zuen izenburua.  Zer moduzko esperientzia izan zen?

José Alberto. Oso ona. Parte-hartzaileak asko inplikatu ziren: interesa azaldu zuten eta oso galdera interesgarriak egin zituzten.

Tailerrean, xehetasun handiz azaldu genuen zer ez den egin behar informazioa galdutakoan, ahalik eta aukera gehien izateko datu horiek berreskuratzeko gailuek huts egiten dutenean, edozein direla ere: disko gogorrak, SSD diskoak,  flash memoriak, pendriveak, SDak, Micro SDak eta abar. Izan ere, gure esperientziaren arabera, datuak gaizki manipulatzeak ia ezinezko bihurtzen du haiek berreskuratzea; manipulatzen ez badira, ordea, aukera handiak daude berreskuratzeko.

E.B. Guztioi gertatu izan zaigu inoiz edo behin gure gailuetako informazioa galtzea. Zergatik gertatzen da?

J.A. Galtzeko arrazoi nagusiak hauek dira, ordena honetan:

informazioa ezabatzea, ransomware-erasoak, matxura mekanikoak, matxura elektronikoak, tentsio-igoerak, elektrizitate-horniduraren etenak, kolpeak, erorketak, inpaktuak eta abar.

E.B.Eta zer egiten dugu gaizki?

J.A. Akatsik ohikoena da uste izatea irtenbidea dirudien baino errazagoa dela. Informazioa ezabatzen edo formateatzen denean, erabiltzaileek, batzuetan, ezabatutako informazioaren gainean idazten dute, eta horrela ezinezkoa da datuak berreskuratzea.

Beste akatsetako bat da disko gogorrak desmuntatzea, pentsatuz erraz konpontzen direla. Baina askotan nahi gabe urratu egiten ditugu diskoetako platerak, edo hautsa sartzen zaie barruan. Berez, kontrolpeko atmosferan egoten dira, hauts-partikularik gabe, diskoen barneko platerei eta irakurri eta idazteko buruei kalterik ez egiteko.

E.B. Amorratzeaz gain, zer egin dezakegu informazioa galdu dugunean?

J.A. Onena da adituengana jotzea (adibidez, RecuperaData.com). Izan ere, akats txiki bat aski da ondoren datuak berreskuratu ezinik geratzeko.

E.B. Ez dugu inor beldurtu nahi, baina kasu batzuetan ez du irtenbiderik, ezta?

J.A. Gehienetan berreskura daiteke galdutako informazioa, baina ez beti.

E.B. Eta horrelako ezusterik ez izateko aholkurik bai?

J.A. Datu garrantzitsuen segurtasun-kopiak egitea aldizka.

Nik beti esaten dut: “Segurtasun-kopiak, segurtasun-kopiak…”.