Metal-hotsak eta musika-doinuak, inauterien bezperan. Donostiako Kaldereroak Euskadiko ospakizunik zaharrenetako bat dira, eta otsaileko lehen larunbatean edo Kandelario egunaren hurrengo larunbatean ospatzen dira. 2025eko Donostiako Kaldereroak otsailaren 8an izango dira aurten. Kontsultatu hemen konpartsen desfilearen ibilbidea eta abestiak. Horretaz gainera, kaldereroak nor ziren kontatuko dizugu, eta nondik datorren tradizio hori.
Donostiako Kaldereroak
Jai horrek kaldereroak Donostiara iritsi zirenekoa eta inauterien iragarpena sinbolizatzen ditu.
Otsailaren lehen larunbatean, Kaldereroen Konpartsa ikusgarri batek, musika-doinuekin alaiturik eta metalezko objektuak astinduz, Hungaria aldetik iritsitako metal-merkatari haien estiloa gogoratuko du Donostiako kaleetan.
Modu ikusgarria, inondik ere, 2025eko Donostiako inauteriak iragartzeko!
Donostiako kaldereroen konpartsa
Kaldereroen konpartsa tradizionalak makina bat jantzi original elkartzen du, zein baino zein ikusgarriagoak eta koloretsuagoak.
Guztira 19 tribu dira: Aitzarte, Akelarre, Antiguotarra, Ardatza, Arrano, Artesana, Artikutza, Bare-Bare, Esperanza, Euskal Billera, Gaztelubide, Herria, Kasilda, Kresala, Tenis errege-kluba, Suharri, UR, Urgull eta Zarauztarra.
Horietaz gainera, konpartsan izaten dira erregina, damak, zuzendariak eta haren laguntzaileak, hartza eta domatzailea.
Guztira, 400 lagun baino gehiago ibiltzen dira Donostiako kaleetan zartaginak, pertzak, galdarak, mailuak, eltzeak eta gainerako tresnak astintzen, Raimundo Sarriegiren doinuak dantzatzen eta abesten dituzten bitartean. Sarriegi musikari donostiarrarenak dira, era berean, Danborradako abestiak, bai eta San Sebastian martxa ere.
Noiz dira 2025eko Donostiako Kaldereroak?: ordutegia

Irudia: Donostiako udala
Genion bezala, 2025eko Donostiako Kaldereroak otsailaren 8an izango dira, larunbatarekin, baina egun batzuk lehenago hasiko dira entseguak. Gainera, hilaren 9a, igandea, Inude eta Artzaien konpartsaren eguna da. Hemen dituzu datak eta ordutegiak.
Parte Zaharreko Konpartsa Tradizionalari, auzoetako desfileei eta Inude eta Artzainen konpartsei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, eskura duzu Donostiako Kaldereroen 2025eko programa osoa:
Otsailak 3, astelehena
- 20:00. Entseguak Orixe ikastolan.
Otsailak 4, asteartea
- 20:00. Entseguak Orixe ikastolan.
Otsailak 5, asteazkena
- 20:00. Entseguak Orixe ikastolan.
Otsailak 6, osteguna
- 20:00. Entseguak Orixe ikastolan.
Otsailak 7, ostirala
- 19:00. Entsegua orkestrarekin udaletxeko batzar-aretoan. Kaldereroentzat bakarrik.
Otsailak 8, larunbata: 2025eko Donostiako Kaldereroak
- 21:30. Kaldereroen kontzentrazioa Fermin Calbeton kalean, Lasala plazaren parean.
- 21:45. 2025eko Donostiako Kaldereroak. Ibilbideari hasiera ematea Fermin Calbetonetik.
Otsailak 9, igandea: Inude eta Artzaien konpartsak
- 12:00 Inude eta Artzaien konpartsen desfilea Alde Zaharrean.
2025eko Donostiako Kaldereroak: konpartsa tradizionalaren ibilbidea

Otsailak 8, larunbata. Konpartsa tradizionaleko kaldereroek Donostiako kale ugari zeharkatzen dituzte haien soinu eta kantuekin.
Donostiako Alde Zaharretik abiatzen dira, 21:30 aldera.
Handik gutxira, 22:00etan, Konstituzio Plazan elkartzen dira.
Oso une berezia izaten da bi arrazoirengatik: Konpartsaren erreginak eta damek ohiko agurra egiten diete donostiarrei, eta konpartsak oso-osorik interpretatzen du kantu- eta musika-errepertorioa. Haiekin batera izaten dira tokiko musikariak eta bandak, bai eta dantzariak ere.
Hona hemen zer ibilbide egingo duten Donostiako kaldereroek 2025ean:
Kaldereroen konpartsa tradizionalaren ibilbidea
- 21:30: Kaldereroen kontzentrazioa Fermin Calbeton kalean, Lasala plazaren parean.
- 21:45: Fermin Calbeton kalea. Ardatza.
- 21:50: Fermin Calbeton kalea. Bartolo taberna.
- 22:00: Konstituzio plaza. Kanpamentua
- 23:00: Sarriegi plaza, San Juan kalea, Bretxa, Aldamar eta Euskal Herria kaleak
- 23:15: Euskal Herria kalea. Unión Artesana - Kresala
- 23:40: Abuztuaren 31. Oroitzapen-plaka
- 00:00: Abuztuaren 31. Eikarteak
- 00:25: Santa Maria
- 00:40: Euskal Billera
- 01:00: Gaztelubide
- 01:30: Amaiera
Donostiako Kaldereroen ibilbidea goizaldeko 01:30 aldera amaitzen da, eta horrekin agurtzen dira hurrengo urtera arte.
2025eko Donostiako Kaldereroak: Inudeak eta Artzainak
Otsailaren 9an, igandea, Inude eta Artzainen konpartsen desfilea egingo da Alde Zaharrean.
Kresala Elkartearen konpartsa 12:00etan irtengo da Euskal Herria kalean duen egoitzatik.
Ibilbide hau egingo du 2025ean Inude eta Artzainen konpartsak:
- Euskalerria
- Aldamar
- Ijentea
- Nagusia
- Abuztuaren 31
- Narrica
- Iñigo
- Konstituzio pl.
- Antzezpena
- San Juan
- Bretxa
- Aldamar
- Euskalerria
Gainera, Inude eta Artzainen beste konpartsa batzuk ere ibiliko dira beste auzo batzuetan. Lehen emandako estekan duzu informazio guztia.
Donostiako Kaldereroak: abestiak
Abesti-errepertorioa da Donostiako Kaldereroen ezaugarri nagusietako bat.
Oso ezaguna da, berezia, eta urtero errepikatzen da.
Besteak beste, hauek:
Coros de Caldereros Húngaros.
Comparsa de Caldereros.
Recorrimos.
Caldereros Húngaros en el trabajo: Mazurca.
Canto Húngaro.
Famaren hotsak.
Pixka bat praktikatu dezazun, Caldereros Húngaros en el trabajo. Mazurca abestiaren parte bat duzu jarraian:
Queridos compañeros,
vamos a trabajar.
Componemos, bien y pronto,
peroles, chocolateras,
los braseros y calderas
barato y con perfección.
Y trabajamos de balde,
aunque el maestro nos riña,
si nos miran esas niñas
que están en ese balcón.
Donostiarras, hechiceras,
¿quién nos llama? que nos vamos.
¡Grato recuerdo llevamos
al separarnos de aquí!
Eta bideo honetan, berriz, konpartsako kideak kantuan.
Donostiako Kaldereroak: tradizioa
Donostia pasabide eta lanerako leku tradizionala izan da metalgintzan jarduten duten artisau, konpontzaile eta saltzaileentzat.
XIX. mende hasierako kronikek diotenez, Inauterietako astelehen batean, Turkiako eta Italiako galdaragileen segizio berezi bat ibili zen hiriko kaleetan, eskuetan zeramatzaten tresna metalikoak astinduz: donostiarrei atentzioa ematea zen haien helburua, eta, bide batez, beren produktuak saltzea.
Horixe da egungo Kaldereroen Konpartsaren aurrekaria. 1884an irten ziren lehenbizikoz, eta, gaur egun, otsaileko lehen larunbatean ateratzen dira desfilean kalera.
Lehen edizio hura Kandelario egunez egin zen, eta inauterietako ospakizunen parte zen.
Lehenbiziko desfile hartan ere Raimundo Sarriegiren musika jos zuten,Adolfo Combaren letrekin Begi urdin bat ospetsua, berriz, urte pare bat geroago iritsi zen.
1912an desfilea desagertu egin zen, eta 1924an berreskuratu zuten Gaztelupe elkartearen ahaleginari esker. 1940ko hamarkadatik aurrera, Gaztelubidek antolatu zuen.
Ospakizuna 1960ko hamarkadatik aurrera finkatu zen erabat, eta orduan areagotu zituzten kideak eta parte-hartzaileak.
Hasiera batean, gizonek bakarrik osatzen zuten Kaldereroen Konpartsa. Urteen poderioz, baina, aldatzen joan zen: gaur egun, emakumeak dira kideen % 60.
Alabaina, bada aldatu gabe jarraitzen duen zerbait: donostiarren berotasuna kaldereroei ongi-etorria egiteko. Kaldereroetako kantuak, dantzak, pertz-hotsak eta alaitasun kutsakorra baitira inauteriak iragartzeko modurik onena.
Goiburuko irudiaren iturria: Donostia Turismoa.