Hori da, izan ere, Euskaltel Konekta Fundazioak antolatutako topaketaren egitura definitzeko modurik onena: familia. Aurten ere hazi egin da familia (512 kide gehiago), eta, inoiz baino gehiago, gizarte osoarentzat zabalik izan ditu ateak. Txikienek eta helduenek (aititaren bat tartean zela), denek aurkitu zuten lekua festan; ez da harritzekoa ere, 35.000 metro karratu hartu baitzituen.
Batzuek, lehenbiziko aldia zuten; beste batzuek, berriz (José Elías...), 17 urte daramatzate opor-egun batzuk gordetzen hitzordu horretara joateko; beste batzuk, azkenik, ez dira ondo ohartzen inguruan duten zarata guztiaz, eta lau egun eman dituzte beren bideojoko gogokoenei ekin eta ekin, Euskaltelek jarri dien abiaduraz gozatzen: 40 GB segundoko.
Gurasoak eta seme-alabak
Hona adibide bat: zortzi urteko mutiko bat, Kevin, aitarekin etorri da. Aurreko belaunaldia, oraingo belaunaldia, etorkizuneko belaunaldia. Geroa ziurtatua du, beraz, ekitaldiak, zeinak Growing Communities deritzenak izan dituen ardatz aurten. Zalantzarik gabe, etorkizun oparoa du Encounterrak. Datorren urtean, berriz, 25. urteurrena!
Euskaltel Konekta Fundazioko arduradun eta Euskal Encounterraren antolatzaile dugun Sabino San Vicenteren iritziz, denboraren iragateari egokitzen asmatu du party horrek, bai teknologiari, bai gizarteari dagokienez. “Jendeak dioenez, inoizko partyrik onena izan da aurtengoa. Gu, berriz, hurrengoa prestatzeko amorratzen gaude jada. Bikaina izango da datorren urtekoa ere, ziur egon horretaz”.
Aurtengo Euskal Encounterra, inoiz baino irekiagoa
Bilakaera-prozesu horretan, ordenagailu-eremuan jarri dute aurten Opengunea, ekitaldiko inguru irekia, eta nahi zuen guztiak izan du tailerretan aritzeko eta hitzaldiak entzuteko aukera. Gazteenek led argi-zerrenda bat kontrolatzen ikasi dute, edo beren gustuko filmak Ambilightekin girotzen; helduagoek, berriz, hainbat eta hainbat arlotan probatu dituzte beren trebeziak: hardwarean, softwarean, gamingean, arte digitalean… Denetik egin dute.
Baina zerbait nabarmentzekotan, hor dugu errealitate birtuala. Mundu guztia utzi du aho zabalik, izan ere. Oculus Riftek eta HTC Viveek estimazio handia izan dute aurten. Bakarren batek zorabiotxoren bat ere izan du unibertso paralelo horietan zebilela...
Kontua da beti asmatzen duela ekitaldi horrek, nonahi egiten dela ere. Aurten ere, era guztietako eta jende-mota guztientzako jarduerak antolatu ditu Euskal Encounterrak. Zerbaiten falta ere nabaritu da, ordea: ekitaldiaz gozatzeko ordu gehiagorena, alegia. Datorren urtean, zorionez, berriro antolatuko da.