GKE bati dohaintza egiteko likeak eskatzen dizkizun mezurik jaso duzu inoiz? Edo espiritu batek idatzi dizu esanez 20 minutuan 20 pertsonari mezu bat bidaltzen ez badiezu zure ohean agertuko zaizula goizaldean?

Gure mugikorretan eta sare sozialetan mito faltsuak, gezurrak eta iruzurrak dituzten ehunka mezu jasotzen ditugu urtero, eta hiru helburu izaten dituzte:

  • Pertsona horri kalte egitea, zalantza sortuz (“kontuz lotura honekin, zure ordenagailua infektatuko du eta”)
  • Alarma soziala sortzea (“alerta terrorista zure hiriaren erdigunean”)
  • Gure helbide elektronikoak edo telefono-zenbakiak lortzea publizitatea bidali ahal izateko; normalean, spama izan ohi da.

Arrazoia edozein dela ere, kate horiek hasten dituztenek inoiz ez dute asmo onez egiten. Eta, gainera, beren alde dute gauza bat; mezu horiek jasotzen ditugun bakoitzean, gure burmuinean zerbaitek esaten digu: “Egia esan, ez da ezer kostatzen birbidaltzea”, “Fidatzen naiz bidali didan pertsonaz”, eta “Birbidali egingo dut badaezpada, beharbada egia izango da eta”. Horregatik, fake news horiek identifikatzen lagunduko dizuten aholku batzuk eman nahi dizkizugu.

Interneteko kateak

Duela ia bi urte, Macaco abeslariak bideoklip bat egin zuen, Sant Joan de Déu Ospitalearen kanpaina baten barruan, haurren minbiziaren kontra borrokatzeko. Helburua zen gizartea gaixotasunari buruz sentsibilizatzea eta ospitaleak dirua biltzea, dohaintzen bidez. Horraino, ados.

Handik hilabete batzuetara, WhatsApp bidez mezu bat zabaldu zen, zeinean jasotzaileari eskatzen baitzitzaion Macacoren bideo hori ikusteko, YouTubeko kontu bat erabiliz. Mezuak kontu horretarako esteka bat zuen, eta, mezua birbidaltzeko eskatzeaz gain, azaltzen zuen klik bakoitzeko ospitaleak 5 zentimo jasoko zituela gaixotasunaren aurka borrokatzeko. Baina dena gezurra zen: Macacok berak atera behar izan zuen jendaurrean, berak eta ospitaleak azken kate horrekin zerikusirik ez zutela azaltzeko. Dirudienez, gezur hura zabaldu zuenak sentsibilizazio-kanpainaz eta musika-bideoaz baliatu nahi zuen Youtubeko bere kontuan trafiko handiagoa lortzeko. Kate faltsuen eta eskrupulurik gabeko pertsonen adibide ugari daude, eta arreta handiz jokatu behar da, biktima bihur ez gaitezen.

Onlineko erosketak

Internet bidez noizean behin zabaltzen den beste gezur bat da onlineko denda batzuk ez direla seguruak. Oro har, zurrumurru faltsu horien atzean, denda jakin batzuei edo merkataritza-enpresa handiei kalte egin nahi dieten pertsonak daude; askotan, haien lehiakideak. Honezkero jakingo duzu nahikoa dela argi izatea aholku batzuk onlineko erosketetan iruzurrik egin ez diezazuten, eta zure onlineko erosketa edozein denda fisikotan egiten duzuna bezain segurua edo seguruagoa izan dadin. Aholku horietatik, bada guztiz zentzuzkoa den bat, oso kontuan izan beharko zenukeena:

Ez sinetsi logikoak ez diren eskaintzak, inork ez baitu ezer oparitzen

Ezinezkoa da inork gama altuko mugikor bat saltzea 100 euroren truke, merkatuko prezioa 10 aldiz handiagoa izanik, ez bada ostutakoa delako edo hautsia dagoelako, eta are ezinezkoagoa da diseinu penagarria eta ortografia-akatsak dituen web-orri batean halako aukera bat topatzea. Eta% 70eko deskontuarekin betaurreko liluragarriak saltzen dituen web baterako esteka jasotzen baduzu mezu batean berehalako mezularitzaren bidez, gogoan izan WhatsAppeko iruzurrak saihesteko aholkuak, eta ezabatu mezua zuzenean.

Ez eman inoiz zure datuak posta elektroniko bidez

Inoiz esan dizugu Euskaltelek ez dizula inoiz zure datu pertsonalik eskatzen posta elektroniko bidez? Bada, berriro azpimarratu nahi dugu. Izan ere, gerta liteke zure bankuaren mezu elektroniko bat jasotzea, ustez benetakoa dena, zeinean eskatzen dizuten pasahitzak berritzeko esteka batean klik egiteko, edo segurtasun informatikoari buruzko Europako araudi berrira egokitzeko erantsitako fitxategi bat deskargatzeko. Ekintza horri phishing esaten zaio; horren bidez, pirata informatikoak zure banku-kontuan sartzen saiatzen dira, diruz husteko, edo birus batekin infektatzen dizute ordenagailua, erreskate bat ordainarazteko.

Hobe da beti zuzenean dagokion webgunera sartzea, mezuko esteka susmagarrian klik egin gabe.

Interneteko kateren bat ezagutzen baduzu edo WhatsApp bidez gezurren bat jaso baduzu eta kontatu nahi badiguzu, idatzi iruzkin bat.