Herritar, udalerri, erakunde eta enpresa askok bat egin dute dagoeneko Euskaraldiarekin; Euskadi osoan batera eta era koordinatuan egingo den ariketa bat da xede argi bat duena: guztion hizkuntza-ohiturei eragitea eta euskararen erabilera sustatzea.
Euskararekin dugun konpromisoaren erakusgarri, Euskaltelek ere bat egingo du ekimenarekin eta ahobizi nahiz belarriprest gisa hartuko dugu parte 11 egunez, azaroren 23tik abenduaren 3ra bitartean.
Gizarte-ekimen honen xehetasun guztiak ezagutzeko, Txorierriko Euskaraldiaren koordinatzaile Aingeru Landak, gure egoitzara etorri, eta informazio-saio bat eskaini zigun. Aingeruk azaldu zigun nola sortu zen Euskaraldia eta zer esan nahi duten ahobizi eta belarriprest rolek... Eta praktikatu ere egin genuen, rol-joko baten bidez!
Baina ez da hor bukatzen kontua. Bai zera! Duela egun batzuk Euskaraldiaren zenbait pegatinarekin “apaindu” genuen gure eraikina. Horrez gainera, informazio-pilulatxo batzuk banatuko ditugu gure lankideen artean, Euskalteleko langileok ere, gure eguneroko jardunaren bidez, euskararen aldeko kultura-aldaketan lagundu dezagun.
Ver vídeoEta zu ere kutsatu nahi zaitugu, jarrera horren alde egin dezazun. Beraz, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, Euskaraldiarekin zerikusirik duten albisteen berri emango dizugu gure sare sozialen bidez, Euskaraldiaren arrakasta lortzeko denon artean.
Oraindik ez duzu bat egin? Tira, eman izena, eta egin euskaraz!