Berrikuntza interesatzen al zaizu? Azken teknologiak erabiltzea baino zerbait gehiago dela uste duzu? Arlo guztietan abantaila bila jarduten zara, lehiakorragoa izateko? Baietz erantzun baduzu, nahitaez etorri behar duzu, ostiralean eta larunbatean, 2017ko Innova Bilbao enpresaburu-forora, zeinaren laguntzaile baita Euskaltel ere. Berrikuntzako aditurik onenak bilduko ditu foroak, Guggenheim Museoan. Zatoz! Eman izena hemen.

"Arriskatzen direnek bakarrik izan dezakete arrakasta". Horra bosgarren Innova Bilbao foroaren goiburua. Ekitaldian izango da gure lankide Asier Gezuraga, Euskaltelen onlineko kanalaren arduraduna. "Lean thinking" delakoaz jardungo denez Geruzaga bere hitzaldian, horri buruz argibide batzuk emateko eskatu diogu, eta azaltzeko zr aplikazio izan dezakeen enpresa-munduan.

Euskaltel bloga: Hau aldarrikatzen du Lean pentsaerak: bertan behera uztea azken produktu edo zerbitzuari balio-ekarpenik egiten ez dioten jarduerak eta prozesuak.

Asier: Enpresa industrialetan hasi zen erabiltzen Lean filosofia. Produktuari balioa ematera bideratzea prozesu guztiak, hori zuen helburu; beraz, prozesutik bazterrera utzi behar zen baliorik sortzen ez zuen jarduera oro. "Muda" kentzea esaten zaio horri (japonieraz, "alferlana" do "zarrastelkeria" da "muda"). Horrez gain, etengabeko hobekuntzaren edo "kaizen" delakoaren bidez beti perfekzioaren bila ibiltzea ere aldarrikatzen du Lean ikuspegiak.

Egun, era guztietako proiektuetan aplikatzen da Lean pentsaera, baina PERTSONAK ardatz direla: jendearentzat balioa sortzea izan behar dute xede enpresaren jarduera guztiek, batez ere bezeroentzat, baina erabiltzaileak, langileak eta akziodunak ere ahaztu gabe.  Horren ondoren dator produktua, zeina jendearentzat balioa sortzearen emaitza baita.

B. E. Denbora asko galtzen al da azken emaitzari batere ekarpenik egiten ez dioten eginkizunetan?

Asier: Beti dago hobeto aztertu beharreko eginkizunen bat, baina arazo nagusia ez da azken emaitzari balio-ekarpenik egiten ez dioten lanak egitea, baizik eta azken emaitzak (produktua nahiz zerbitzua), ez diola balio-ekarpenik egiten bezeroari askotan, gehiegitan. Produktua diseinatzeko lehen urratsak ongi ez egiteagatik gertatzen da hori, gure hipotesiak frogatzeko metodo sistematiko bat ez erabiltzeagatik.

Gainera, digitalizazioa dela eta, azken urteotan arreta handia ari gara egiten eraldaketa digitalaren "zer" eta "zertarako" kontzeptuei", baina gauzak "nola" egiten ditugun, hori da aldatu behar duguna, hots, etengabeko aldaketa-girorako prestatuta dauden gizon-emakumeak eta taldeak behar ditugu, eta helburu bera izan behar du jarduera osoak: balioa sortzea. Ez dakigu zer eskatuko duen bezeroak hamar urte barru, baina iristen denari aurre egiteko gai izango garela ziurtatzen digun lantalde bat eta lan-jarduera bat eduki ditzakegu. Aliatu bikaina da Lean.

Enpresa txikietan

B. E. Enpresa txiki baten jabeak lean thinking delakoaz zerbait entzun eta hau pentsa dezake: "Horrek ez du niretzat balio. Enpresa handietarako da hori, baliabideak soberan dituzten horietarako". Izan ere, lean thinkingaz hitz egiten denean, Toyota eta gisa bereko beste fabrikatzaile masibo batzuk aipatu ohi dira. Oker al dabil hori uste duen enpresa txiki baten jabea? Nola lagunduko zenioke?

Asier: Oker dabil, zalantzarik gabe. Enpresa txikietan eta enpresa berrietan Lean aplikatzearen aldeko joera oso indartsua da. Horren adibide dira O`Reilly argitaletxeak Lean-ari buruz argitaratutako liburuak, Eric Riesen Lean StartUp-ean oinarrituak guztiak ere. Enpresa txikietarako oso baliagarria den ideiak eta produktuak sortzeko ikuspegitik azaltzen dute liburu horiek Lean pentsaera. Business Canvas Model tresnak, edo Value Proposition Canvas delakoak edo gure early adoptersen bidez helburu-publikoa aztertzeko prototipoen sorrerak ez dute arrakasta ziurtatzen, baina lagungarriak dira produktu baten sorreran akatsak garaiz eta merke detektatzeko.

B. E. Zer oztopo gainditu behar ditu enpresa-egituran Lean pentsaera txertatzea erabaki duenak?

Asier: Kasurik gehienetan, inertzia eta ohiko dinamika etetea izaten da garrantzitsuena. Prozesuen berringeniaritza eta kalitatea nagusi izan diren garai batetik gatoz; produktua zen han nagusi, eta arintasunari ez zitzaion lehentasunik ematen. Ohartzen dira enpresak aldaketaren beharraz, prozesuen bizkortasunaz eta merkatura egokitzeko premiaz, duela 15 urte existitzen ez ziren faktoreen arabera jarduten baita gaur egun.  Lean edo antzeko ikuspegiren bat txertatzeak hau eskatzen du: errutinak haustea, jendea trebatzea, kultura-aldaketa eragitea, barne-hizkuntza berri bat erabiltzea, eta enpresa egokitzea, kudeaketa-egituraz gain erabakimen-zirkuluak ere eduki ditzan. Produktuari lehentasuna ematen dion enpresa-ikuspegia alde batera uzten du Leanek, eta bezeroa bihurtzen du eragile nagusi.

Nire eskarmentuaren arabera, positiboki eta ilusioz hartzen dituzte enpresetako lantaldeek aldaketa eta berrikuntza horiek, hasieran konpromiso handiagoa eskatzen badie ere. Azken batean, Leanek erraztu egiten du gure lana, egiazki axola duten eginkizunetara bideratzen baitu.