Azaroan Go!azen-en denboraldi berria estreinatu zenetik —Euskaltelek babestua— ostiralero telebistari itsatsita egon gara, Basakabiko ikasleen abenturaz gozatzen; etengabe harritzen eta hunkitzen gaituzte haien abestiek. Baina, Donostia hankaz gora jarri eta gero bere flashmobarekin, aurreestreinaldian Kursaala bete eta gero eta Euskadiko antzokietatik igaro eta gero, amaitzear dago Goa!zenen bigarren denboraldia. ETB-1ek telesail musikal ezagun honen hamargarren eta azken kapitulua emango du urtarrilaren 27an, ostiralarekin, 21:00etan.

Hurrengo denboraldira bitartean agur esan aurretik telesailari, protagonistetako batzuekin hitz egin dugu, esan diezaguten zer moduz moldatzen diren teknologiarekin eta sare sozialekin. Ez utzi irakurri gabe Markel Gajatek (Mikel), Aitana Etxebarriak (Elene) eta Paula Etxebarriak (Haizea) diotena:

- EKT bloga: Smartphoneari lotuta bizi diren horietakoak zarete ala ez diozue kasu handirik egiten?  

- Markel: Lotuta, lotuta… Batzuetan pentsatzen dut mendekotasuna dudala, baina erraz uzten dut alde batera lagunekin nagoenean.

- Aitana eta Paula: Egia esan, bai. Mugikorrari lotuta bizi gara, bai lan-kontuengatik, bai aisialdiko kontuengatik.

- EKT: Zein dira gehien erabiltzen dituzuen aplikazioak?

- Markel: Whatsapp, Instagram, Snapchat, Spotify…

- Aitana eta Paula: Instagram, Whatsapp eta Youtube.

- EKT: Instagram, Facebook, Snapchat, Twitter… Zein da zuen sare sozialik gogokoena eta zergatik? 

- Markel: Instagram, entretenigarriena iruditzen zaidalako.

- Aitana eta Paula: Gurea ere, Instagram.

- EKT: Goa!zeneko jarraitzaileekin harremanetan egoteko erabiltzen dituzue? Bitxikeriaren bat? 

- Aitana eta Paula: Egunero bidaltzen dizkigute mezuak Go!azeneko jarraitzaileek, eta denei erantzuten saiatzen gara. Marrazki asko egiten dizkigute. Goazen.marrazkiak izeneko kontu batean, adibidez, izugarrizko marrazkiak egiten dituzte.

- Markel: Bitxikeria asko izaten ditugu. Behin galdetu zidaten ea Go!azen ostiraletan zuzenean grabatzen genuen.

- EKT: Mannequin challengearekin ausartu zaretela ikusi dugu. Interneteko modei jarraitzen diezue? 

- Aitana eta Paula: Bai! Oso gustuko ditugu horrelako ekintzak denok batera egitea, oso ondo pasatzen baitugu.

- EKT: Markel, zu modelo-lanetan ibili zara. Badirudi sare sozialak gero eta garrantzitsuagoak direla mundu horretan. Zure kasuan eraginik izan al dute? 

- Markel: Egia da gero eta garrantzitsuagoak direla, baina behin ospetsua zarenean izaten da erabilgarria zure jarraitzaile-kopurua. Ni oraindik ez naiz ospe-maila horretara iritsi ;)

- EKT: Aitana eta Paula, duela 3 urte Youtubeko kanal bat ireki zenuten, eta zuen bideoek arrakasta handia izaten dute. Denbora asko dedikatzen diozue? 

- Aitana eta Paula: Bai, oso garrantzitsua da guretzat Youtube. Jendeak ondo pasatzea nahi dugu eta, horregatik, gustatzen zaiguna argitaratzen dugu. Denbora dedikatzen diogu, baina unibertsitateko lanekin bateragarri egiten saiatzen gara.

Go!azen-i agur esatea zaila egiten zaigun arren, uste dugu denboraldi-amaiera une bikaina dela telesaileko unerik onenak gogoratzeko. Guk Euskararen txantxangorria abestia aukeratu dugu. Zein da zure gogokoena? Konta iezaguzu iruzkinen atalean ;)