Bideo-jokoen munduari buruz gehien dakien pertsonetako bat da Arturo Monedero. Bilbon estudio bat abian jartzeaz gain —Delirium Studios—, irakaslea da Nafarroako bideo-jokoen unibertsitatean (Creanavarra), eta Bideojokoen Espainiako Elkarteko (AEVI) zuzendariordea. Ez da gutxi. Berarekin hitz egin dugu sektoreak Euskadin duen egoeraren berri izateko, eta gauza interesgarriak kontatu dizkigu. Adibidez, urtez urte hazten ari den industria izan arren, oso zaila dela estudio independente batek arrakasta izatea, hala ere gero eta gehiago direla gai horren inguruko ikasketak egiten dituztenak mundu horretan lan egiteko asmoz... eta bururatu ere ez egiteko bideo-jokoen probatzaile izatea!

Euskaltel Bloga. Ia 30 estudio eta enpresa sortzaile, hainbat jaialdi, Campus F2P… bideo-jokoaren unibertsitatea eta guzti dugu: DigiPen eta Creanavarra! Zure ustez, nola gaude kokatuta sektore horretan?

Arturo Monedero. Lan handia egiten ari dira erakundeak. Badira urte asko bideo-jokoen garrantziaz jabetu ginela, eta, berandu hasi garen arren, bideo-jokoen sektorean lan egiteko toki erakargarrienetako bat ari da bihurtzen Euskadi. Eskertzekoa da hori; are gehiago, industria honetako beste kide batzuen egoerari erreparatuz gero.

E.B. Badago nahikoa bokazio Euskadin eta Nafarroan bideo-jokoak sortzeko eta diseinatzeko sektorean?

A.M. Gero eta gehiago. Horren isla da gero eta ikasle gehiagok ematen dutela izena unibertsitateetako, akademietako, eta abarretako ikastaroetan. Hala ere, esan beharra dut oso zaila dela bideo-jokoak sortzen lan egitea. Gainera, badugu beste arazo bat. Oraindik ez dugu nahikoa enpresa Euskadin bideo-jokoen sorkuntzan bakarrik jarduten duenik, eta, horren ondorioz, ikasleek kanpoan bilatu behar dute lana. Lana badago, baina etxetik urrun.

E.B. Zer trebakuntza behar da mundu horretan lan egiteko?

A.M. Bokaziozko lanbidea da, eta, bideo-jokoen mundua ezagutzeak laguntzen badu ere, ez da ezinbestekoa. Edozeinek bidera dezake bere lanbidea bideo-jokoen garapenera: gidoilariek, musikariek, programatzaileek, diseinatzaileek, ekoizleek... Diziplina anitzeko industria da, eta, horri esker, denek dute beren txokoa aurkitzeko aukera.

E.B. Zure ustez, etorkizunean sektore ekonomiko garrantzitsua izango da? Irtenbide profesional asko ditu?

A.M. Gehien fakturatzen duen sektoreetako bat da: musika, zinema eta antzerkia batera hartuta ere ez da iristen bideo-jokoen munduan mugitzen diren kopuruetara. Gainera, haziz doa urtez urte, gero eta jokalari gehiago dagoelako; hemendik belaunaldi batzuetara guztiok izango gara gamerak. Edonola ere, kontuz ibili behar da: alde handia dago konpainia handien eta indieen artean. Gehienetan, balantza konpainia handien aldera erortzen da, eta, beraz, zaila da norberaren bideo-jokoarekin aberastea. Are gehiago, loteria erostea gomendatzen dizuet, aberats izateko aukera gehiago izango dituzue horrela.

E.B. Erakundeen aldetik nahikoa laguntza dago?

A.M. Laguntza badago, eta hori ona da dagoeneko. Duela urte batzuk pentsaezina zen hori, eta, orain, aldiz, mundu guztia dago guri begira. Adibidez, iazko Koloniako (Alemania) Gamescom ekitaldian eta Madrilgo Madrid Games Weeken José Guirao Kulturako ministroa egon zen. Bideo-jokoaren industriaren alde egin zuen hitzaldia keinu garrantzitsua izan zen, zerbait aldatzen ari delako froga.

E.B. Eman diezagukezu daturik Euskadiko bideo-jokoen kontsumoari buruz?

A.M. AEVIren datuak ditut (elkarte horren garapen-zuzendariordea naiz). Bideo-joko salduenen zerrenda argitaratu ohi du elkarteak. Estatu mailako datuek diotenez, azken 3 urteetan % 7,4 igo da bideo-jokoen salmenta; beraz, Euskadin egiten duen euriarekin..., ziur nago hemen kopurua pixka bat handiagoa izango dela. Horrek esan nahi du populazioaren % 40k baino gehiago bideo-jokoekin jolasten dela.

B.E. Badago merkaturik joko guztientzat? Battle royale eta Fortnite arrakastatsuetatik hasi eta bideo-joko sortzaileago eta artistikoagoetara arte?

A.M. Adin-tarte bakoitzak du bere joko gogokoena: orain Fortniteda, baina duela urte batzuk Minecraft izan zen buru. Moda kontuak dira. Jokalari helduek beste joko-mota batzuk eskatzen dituzte. Joko independenteek ere, indieek, komunitate handia dute. Proposamen ausartagoak dira, eta mezu konplexuagoak transmititzen eta proposatzen dituzte. Jokalari bakoitzaren neurrira egindako joko bat dago. Jokatzea gogoko ez baduzu, nahikoa bilatu ez duzulako da, ziurrenik.

B.E. Zure estudioak, Delirium, Nintendoren garatzaile ofiziala izateaz gain, altxor ugari sortu ditu: Los ríos de Alice, Los delirios de Von Sottendorff y su mente cuadriculada, baita eguzkipean dueluak egiteko VR joko bat ere, Unforgiven. Zer ari zarete prestatzen orain?

A.M. Une honetan, estudioa lozorroan dago. Izan ere, Delirium osatzen dugun bazkideak hezkuntzari begira dauden beste proiektu batzuetan ari gara lanean. Ideia perfektuarekin topo egiten dugunean, gogor ekingo diogu berriz ere. Badugu gogoa berriz abian jartzeko.

E.B. Zuen jokoetako askok mugikorrerako bertsioa dute... Gaur egun beharrezkoa da Android-erako eta iOS-erako bertsioak egitea jokoak arrakasta izan dezan?

A.M. Mugikorren mundutik ahalik eta azkarren ihes egitea gomendatzen dut, oso mundu eroankor eta neketsua baita. Industria hainbeste ase da, erabiltzaile gutxik ordaintzen dituzte premium jokoak; denek bilatzen dituzte freetoplay (F2P) doako app-ak. Marketinean inbertitzeko nahikoa diru ez baduzu, zure jokoa beste app mordo baten artean desagertuko da ziurrenik.

E.B. Bideo-joko bat merkaturatu aurretik bere jokagarritasuna probatu beharko da… Zure ustez, jendeak zer du nahiago, bideo-jokoak sortzea edo haiek probatzea?

A.M. Jokoen garapenaren zati garrantzitsua da jokoak probatzea, jokalariak ezagutzea, zure jokoa nola jokatzen duten jakitea, zerekin aspertzen diren, zer gogoko duten, zer ez... Sortzailearentzako faserik mingarriena da, beren lana zapuzten dutelako. Jokoen probatzaile izateak lan tentagarria dirudi, baina ziurtatzen dizuet industriako lanik okerrenetakoa dela. Probatzen dituzun jokoak gorroto izango dituzu azkenean, orduak eta orduak pasatu beharko baitituzu joko horretan jokatzen (eta behin-behineko fasean gainera).

E.B. Ez da hainbesterako izango...

A.M. Probatzaile izan nahi baduzue, bidali zuen curriculuma konpainia handietara, eta haien jokoetan atzeman dituzuen huts guztien zerrenda ere gehitu. Ziurrenez, kontratatu egingo zaituzte, mendekua hartzeko.

E.B. Ados, ez dizugu horri buruz gehiago galdetuko. Mila esker, Arturo!

A.M. Zuei!! Besarkada bat denontzat, eta hurren arte!