Zenbat ordaindu duzu gehienez App edo widget bat? 0,99 euro? 4,99 euro? Agian bai, ezta? Aplikazioak duen erabilgarritasunaren araberakoa da, eta hura edukitzeko duzun gogoaren araberakoa: azken finean, bost euro ez dira hainbeste...
Baina, ordainduko zenituzke 999,99 dolar? Ezagutzen duzu hori egiteko prest dagoen inor? Txantxa dirudien arren, ez da hala. Apple-ren aplikazio-dendan badira zenbait App 400 dolarretik gora balio dutenak, baina badira.. mila dolar baino gehiago balio dutenak ere Google Playren kasuan, kopuruak ez dira hain altuak, baina arrazoi sinple batengatik: dendak ez du uzten 350 eurotik gorako prezioak jartzen.
Zeure buruari galdetzen ari zara zer funtzio aparteko izan ditzakeen App batek hainbeste diru kostatzeko, ezta? Urrezko aztarnategiak aurkitzen laguntzen dute? Etorkizuna iragartzen? Primitivako zenbakiak asmatzen? Bada, ez. Askok oso publiko profesional espezifikoa dute, eta lanerako edo beren negozioen funtzionamendurako erabiltzen dituzte mugikorrak. Baina badira ezertarako balio ez duten beste batzuk ere. Harrituta? Bada, flipatu egingo duzu, zertarako diseinatu dituzten ikusten duzunean.
App funtzionalak
- Cyber Tuner. App honek pianoak afinatzen laguntzen du, eta, pentsa dezakezunez, pianista profesionalentzat da. Ez pentsa App hau aberaskume dirudunei zuzendutako ergelkeria bat denik: diapasoi digital oso eraginkorra da, eta 20 urte baino gehiago daramatza funtzionatzen. Haren garatzaileek diotenez, “azkarra, zehatza eta erraz erabiltzekoa da”, eta posta elektroniko edo telefono bidezko laguntza pertsonalizatua eskaintzen dute. Badakizu zenbat balio duen bitxikeria honek? Bada, 1.099,99 dolar amerikar balio ditu. iOS erako bakarrik dago erabilgarri.
- BarMax. Badakizu zer den BAR? Estatu Batuetan abokatu gisa jarduteko gainditu beharreko azterketa da. Oso proba gogorra da, eta, lan egitera putzuaren beste aldera joan nahi izan gabe ere, ospe handia ematen du munduko edozein lekutan lan egiteko. Bada, Harvardeko Unibertsitateko ikasle batek sortu zuen App hau, azterketa gainditzen laguntzeko. Harvardeko Zuzenbideko irakasleen hitzaldiak eta aurreko deialdietako galderak jasotzen ditu. Aplikazioa dohainik deskarga dezakezun arren, gai-zerrenda eta beste deialdi batzuetako azterketak ez dira merkeak: zehazki 999,99 euro balio du lehenengo azterketak, eta beste 249,99 euro gainerakoek. iOS erako bakarrik dago.
- DDS GP Yes! Abokatuek eta pianistek beren App-a badute, zergatik ez dute izango beste bat dentistek? Tresna hau diseinatu da dentistei laguntzeko pazienteei tratamenduak aurkezteko modua hobetzen. Audio-pista mordoa ditu, gaixotasun eta tratamenduen ingurukoak, eta aurkezpenak ditu argazkiekin, marrazkiekin, tratamendu-plangintzarekin… Benetako jostailua dentistentzat. Prezioa? Pagotxa bat: 599,99 dolar, eta iPaderako bakarrik dago.
Itxurakerietarako app-ak
- VIP Black. Frogatu dezakezu milioi bat euro duzula? Hala bada, segi irakurtzen. VIP Black ezaguna da aberatsen App gisa, eta abantaila bereziak eskaintzen dizkie erabiltzaileei; adibidez, hotel, jatetxe, jai… eta abarretako VIP guneetara sartzeko aukera. Galdera bat dugu, hala ere: hainbeste diru daukan jendeak... horrelako gauzak kudeatzeaz arduratzen da edo beren langileek kudeatzen dizkiete? Hau buruhaustea... Hain dira harroputzak, App-aren demo bat erre sortu baitute, egin dezakezun guztia ikusi ahal izateko: VIP Red du izena, eta hori bai, doakoa da.
- The most expensive App. Play Storen dagoen aplikaziorik garestiena da. 349,99 euro kostatzen da, eta funtzio harrigarriak ditu: ez du ezertarako balio. Diamante ikaragarri bat erakusten du mugikorraren pantailan, zure lankideei inbidia emateko. Eta ez dugu guk esaten, ez: App-aren deskribapenean garatzaileak jartzen duena da. Hori da, hori, marketina! Eta, argi ibili, ez da mota honetako bakarra: harri horrekin egindako eraztuna hauta dezakezu, edo Black Diamond, Aquamarine, Emerald, Ruby eta beste hainbat harriirekin egindakoa.