Iritsi da uda, eta, harekin batera, eskolako opor luzeak. Atsedenaldiarekin eta dibertsioarekin lotzen dugu uda, baina oztopo-iturri ere izan daiteke lan egin behar duten gurasoentzat. Azken urteotan, asko ugaritu dira lana eta familia uztartzeko ekimenak, hala nola udaleku eta tailerrak; haurrak entretenitzeaz gainera, gai askotarikoak jorratzen dituzte, gustu guztietarako modukoak, eta ikasketa eta olgeta bateratzen laguntzen dute, gainera.

Ekimen horien artean, aipagarriak dira museoek eta beste erakunde batzuek udan programatzen dituzten jarduera interesgarri eta eremu askotariko proiektuekin lotuak; esate baterako, artearekin, itsasoarekin, astronomiarekin edo sukaldaritzarekin. Horietako batzuk ekarri ditugu hona, astebeteko txandetan antolatuak edo egun bakarrekoak, guztiak ere egoki-egokiak bai Euskadin bizi direnentzat, bai gurera etorritako bisitarientzat. Hemen duzu guztiei buruzko informazioa.

Marrazten ikasi Guggenheimen.

Euskarri desberdinetan marrazten ikastea eta marrazkiak hiru dimentsioko diseinu bihurtzen ikastea: hori da Guggenheim Museoaren uztaileko proposamena etxeko txikientzat. Goizez, 9:30etik 13:30era, eta astebeteko bi txandetan: uztailaren 5etik 8ra edo uztailaren 11tik 15era.

Dioramak eta eskulturak Artiumen

‘Zomorroak, landareak eta beste animalia batzuk’ izenburu hartuta, naturaren gaiak dioramekin eta eskulturekin irudikatzeko tailerretan parte hartzera gonbidatzen ditu 6 eta 12 urte bitarteko haurrak Euskal Herriko Arte Garaikideko Museoak. Irailaren 2ra bitartean egingo dira tailerrak, bi hizkuntzetan, 11:30etik 13:30era, eta museorako sarrera duten guztiek parte hartu ahal izango dute.

Miró eta Txillida Chillida Lekun

Donostiako Chillida Leku Museoak Joan Miró margolariaren eta Eduardo Txillida eskultorearen lanak ezagutaraziko ditu bere tailerretan. Bi artista lagunak mugarri izan ziren XX. mendeko artean. Astebeteko udalekuen bidez, museoan ikusgai dauden piezak ezagutu eta hainbat teknika artistikorekin esperimentatu ahal izango dute parte-hartzaileek. 12-15 urteko gaztetxoentzat, uztailaren 11tik 15era, eta 6-11 urteko haurrentzat, berriz, uztailaren 18tik 22ra.

Musika udalekuak

Bilboko Koral Elkartearen proposamena bestelakoa da: uztaileko goizak kantuan eta dantzan pasatzera animatu nahi dituzte 4 eta 10 urte bitarteko haurrak. Musika gustuko dutenentzat beste aukera bat eskaintzen du Donostiako Musikanaiz eskolak, musikaz gain artea eta antzerkia ere barne hartzen dituena.

Akuarioko jarduerak

Donostiako Aquariumen ‘Plista Plasta’ programaren bidez ospatzen da uda, txikiek ikasiz goza dezaten, bai instalazioen barruan egiten diren jarduerekin, bai kanpoan egiten direnekin. 10:00etatik 13:00etara, uztailaren 18tik 22ra eta abuztuaren 22tik 26ra.

Astronauten akademia

Uda garai ona da espaziora bidaiatzeko. Irailaren 2ra arte joan daitezke espaziora Donostiako Zientzia Museoko Astronauten Akademian izena ematen duten 8 eta 12 urte bitarteko haur guztiak. Astebeteko txandetan, 9:30etik 13:30era, astronomiaren eta astronautikaren munduan barneratzeko aukera izango dute. Gainera, Mission X erronkan eta espazio-agentzien lehiaketetan parte hartuko dute. Museoak teknologia- eta zientzia-udalekuak ere antolatzen ditu lau urtetik aurrerako umeentzat.

Udaleku gastronomikoak

Chef txikiren bat duzue etxean? Keicook gune gastronomikoak (Gasteizko erdigunean dago) aukera ematen die umeei ondo pasatzeko eta sukaldaritza-teknikak probatzeko, bai eta elikadurari, sukaldaritza osasungarriari eta elikagaien segurtasunari buruzko kontzeptuak ikasteko ere. 8 eta 14 urte bitarteko haurrentzat, uztailaren 11tik 15era eta 18tik 22ra.

Itsas tailerrak

Uztaileko eta abuztuko larunbat eta igande guztietan, haurrentzako itsas tailerrak antolatzen ditu Bilboko Itsas Museoak, eta, horietan, haurrak pirata bihur daitezke, Juan Sebastian Elkanok munduan zehar egindako bidaiaren berri izan, edo itsasoko soinuak eta Nemoren superbotereak ezagutu. 12:00etatik 13:30:00era. 4-11 urte bitarteko neska-mutilentzat.

Zein proposamen gustatzen zaizu gehiena? Aukeratzen duzuna aukeratzen duzula, ziur gaude Euskadin bete-betean gozatuko duzuela uda honetan.