Inoiz egon zara BBK Music Legends-en? Mundiala, ezta? Suzanne Vega eta The Beach Boys zuzenean ikustea, eta halako eguraldi onarekin, gainera... Luxua! Eta, gero, Azkena Rock Festivalera ere joan zara? Uf! Jaialdiz jaialdi gabiltza ekaina hasiz geroztik... Eta hasi berria da denboraldia! Laster da hemen BBK Live, eta, gero, udako musika-jaialdiak penintsulako bazter guztietan! Apuntatu: Cruïlla, Sónar etaDoctor Music, Bartzelonan; Download, Madrilen; Benicàssimeko jaialdia; Low, Benidormen; Arenal Sound, Burrianan… Ez da sekula amaitzen zerrenda! Musika odolean eramaten baduzu eta bidaiari eta kontzertuzalea bazara, hainbat gadget eta osagarri proposatzen dizkizugu uda honetako music tourrerako.
- Eguzki-kargagailudun motxila Motxila hau izugarria da: eguzki-plaka bat darama aurrealdean, mugikorra, tableta edo haririk gabeko entzungailuak kargatzeko... Ez duzu planeta salbatuko horregatik, ezta berotze globala saihestuko ere... Baina, tira, bada zerbait, ezta? Eta ez duzu entxufe-bila ibili beharko!
- Belarrietarako tapoiak eta mozorroa. Kanpatzeko gunean lo egoten saiatu den edonork oso ondo daki zeinen garrantzitsuak diren belarrietarako tapoiak tarteka lo-kuluxka bat egiteko. Eta lo egiteko pertsianak beheraino jaisten eta saretak ixten dituzuen horietako bat baldin bazara, ez ahaztu mozorro bat: ez du lekurik hartzen ia, eta nahitaezkoa izango duzu ilunpean lo egiten ohitua bazaude.
- Koltxoneta puzgarria. Ez baduzu txikitu nahi bizkarra —izan ere, aurrera doaz urteak—, eroi koltxoneta puzgarri bat: ez dira garestiak, eta asko eskertuko duzu lur gogorra baino etzaleku erosoago bat; gainera, oso leku gutxi hartzen du, eta arin-arina da. Nahitaezkoa bidaiari ororentzat.
- Acqua Socks. Sari bat eman beharko liokete neoprenozko acqua-sockak (txapinak) asmatu zituenari. Hori bai asmakuntza! Haiei esker, edozein lekutan har dezakezu dutxa bat, guztiz babestuta eta oinak zikindu gabe! Gainera, oso erraz garbitzen dira, eta lagunekin hondartza batera edo harriz betetako ibai batera joaten bazara, ez duzu arazorik izango: acqua sockak eta uretara!
- Mikrozuntzezko toalla. Ez dute batere lekurik hartzen, eta di-da batean lehortzen dira. Ez eraman behintzat amaren etxeko 1,80 x 80 cm-ko toallatzar horietako bat! Mikrozuntzezkoak dira halakoetarako egokienak.
- Gerriko poltsa. Bueltan da gerriko poltsa! Eta ez da garai bateko osagarri itsusia, outfit coolena baizik! Onar ezazu: ezin praktikoagoa da. Dirua, mugikorra, txartelak… eta, behar izanez gero, tornikete gisa ere erabil daiteke!
- Shazam. Bai, badakigu musikari buruzko azken-azken berriak ere ezagutzen dituzula. Baina jaialdiko musikazalerik guayena izan nahi baldin baduzu, zer talde dagoen oholtzan eta zer abesti ari den jotzen identifikatu beharko duzu gutxienez! Baina onartu: agertoki alternatiboetan barrena ibili zarenean, maiz gertatu zaizu ez jakitea zein zen oholtzan marruka zebilen hura. Bada, Shazam da halako egoera deserosoei aurre egiteko tresnarik egokiena. Batez ere inor aho zabalik utzi nahi baduzu…
- Aulki tolesgarria. Luxuzko elementu hutsal bat iruditzen zaizu? Bada...ikusiko duzu; libre uzten duzun bakoitzean, mutur-joka arituko dira denak eseri ahal izateko.
- Higiene nahitaezkoa. Ez dizugu esango hortzetako eskuila, xaboia eta xanpua eramateko... Badakizu hainbeste. Baina ez ahaztu komuneko papera edo eskuzapi heze batzuk. Oso praktikoak dira!
- Txapela, eguzkitako betaurrekoak, eguzkiaz babesteko krema… Eguzkia ez da txantxetakoa kontua, eta are gutxiago uztailean. Beraz, eraman eguzkitako krema, txapel bat eta eguzkitako betaurrekoak den-denaz gozatzeko... Baina ondo babestuta. Izan ere, ez ahaztu ondo babestea beti, baita gauez ere.
Tira, prest duzu dena jaialdi-bira hasteko. Outfit egokia aukeratzea besterik ez duzu: bermudak, zure musika-talde kutunaren kamiseta, armairuko zapatilarik erosoenak, eta segi festara!