Smartphoneak heldu zirenetik, gure bizitzako une guztien argazkiak ditugu. Gainera, sare sozial asko argazki hutsez elikatzen dira. Trebezia handiz ala ez hain handiz, denok baliatzen ditugu mugikorrak ahalik eta argazkirik onenak egiteko. Baina beste urrats bat harago egin nahi baduzu, argazkiak hobetzeko 10 aplikazio hautatu ditugu zuretzat, mugikorrek ez dituzten zenbait funtzio eskaintzen dituztenak.

Ez zara argazkilari profesional bihurtuko, baina, doako 10 aplikazio hauetako edozein baliatuta, kalitate handiagoko argazkiak egingo dituzu, eta argazki erakargarriagoak lortuko. Badakigu mugikorrak ez direla argazki-kamerak eta, beraz, ez dituztela kameren funtzionalitate guztiak. Baina 10 aplikazio hauei esker, argazkiak erraz zuzenduko eta itxuraldatuko dituzu, eta emaitza ia profesionala lortuko.

1. VSCO

Argazkizaleek gehien erabiltzen duten tresna ezagunenetako bat da. Funtzio ugari ditu: iragazki-aukera oso zabala; eta distira, kontrastea, asetasuna, tonua, zuri-oreka, argitasuna edo kurbak doitasun handiz fintzeko aukera. Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu, eta, iOSerako bertsioak, gainera, kamera aurreratuago bat erabiltzeko aukera ematen du VSCOn bertan, eta eskuz doitu daitezke esposizioa, fokua, ISOa eta argazkia egiteko abiadura.

Apps_Fotos_VSCO

Irudi-editore izateaz gainera, sare sozial gisa ere erabiltzen da VSCO. Aukera ematen du irudiak partekatzeko, argazki-albumak egiteko eta beste erabiltzaile batzuen edukia ikusteko.

2. Open Camera

Aplikazio honek asko hobetzen ditu zure smartphoneko kameren funtzionalitateak, eskuz doitzeko eta, hala, argazki hobeak egiteko aukera ugari ematen baititu. Open Camerak ez du kosturik, eta iOSerako eta Androiderako bertsioak ere baditu.

Apps_Fotos_OpenCamera

Hauek ditu ezaugarri nagusi: eskuzko fokua, eszena moduak, irudia egonkortzeko aukera, HDko bideo-grabazioa, argazkien geolokalizazioa, kanpo-mikrofonoetarako euskarria, kontraste dinamikoa eta kontrolak pertsona eskuin eta ezkerretarako konfiguratzeko aukera.

3. Photoshop Express

Androiderako eta iOSerako merkaturatua, Adoberen aplikazio ofiziala da Photoshop Express, irudiak editatzeko aplikazio ezagunenaren mugikorreko bertsioa. Aukera izango duzu argazkietan zuzenketa azkarrak egiteko eta aurrez zehaztutako 70 iragazki inguru aplikatzeko.

Apps_Fotos_Photoshop_Express

Hauek ditu funtziorik aipagarrien eta oinarrizkoenak: irudia mozteko eta biratzeko tresnak; kontrastea, distira eta saturazioa doitzekoak; eta koloreak zuzentzeko, zuriak orekatzeko eta orbanak kentzekoak. Eta sare sozialetan nabarmendu nahi duenarentzat, collage artistikoak ere egin daitezke, eta edukia hainbat formatutan partekatu. Sekulako arrakasta izango du Instagrameko zure profilak.

4. Snapseed

Argazkien aplikazio ezagunenetako eta aldakorrenetako bat da Snapseed. Googlek erosi du berriki, eta merkatuko aukera onenetako bat da. Gainera, iOS erako eta Androiderako bertsioak ere baditu.

Apps_Fotos_Snapseed

Kontrastea, distira, kurbak, asetasuna, argitasuna eta irudiaren zuri-oreka kontrolatzeko aukera ematen du. Horretaz gainera, iragazki artistikoak ere aplika ditzakezu, orbanak zuzendu eta koloreak aldatu; eta testua irudian sartzeko aukera ere ematen du. Eta onena: doakoa da erabat, eta ez dago ezer erosi beharrik, ez eta zerbitzu jakin batera harpidetu beharrik ere.

5. Pixlr

Ziur asko, gure zerrendako aplikaziorik sinpleena eta erabilerrazena. Pixlr aplikazioarekin, zuzenketa azkarrak egin ditzakezu irudietan. Oinarrizko doikuntza batzuk ditu, hala nola distira, kontrastea, asetasuna eta zuri-balantzea, baita mozteko eta orbanak zuzentzeko tresnak eta aurrez definitutako iragazki batzuk ere.

Apps_Fotos_PIXLR

Doakoa da, eta Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu, bai eta nabigatzaileetarako bertsio bat ere.

6. Darkroom

Zure eguneroko bizitzan Photoshop ederki asko menderatzen duten horietakoa baldin bazara, hauxe duzu zuretzako aplikazio egokia: Darkroom. Aplikazio honen oreka perfektua da: batetik, erabilerraza da, eta, bestetik, irudiaren kalitatea hobetzeko doikuntza-aukera sakonak ditu.

Apps_Fotos_Darkroom

Darkroomek beste aplikazio batzuek ere badituzten tresnak ditu; esate baterako, distira, asetasuna, kontrastea, eta kolore- eta kurba-oreka doitzekoak; baina, horietaz gainera, baliabide aurreratuagoak ere baditu: .RAW fitxategiak onartzen ditu, eta preset pertsonalizatuak sortzeko aukera ematen.

7. After Focus

iOSerako zein Androiderako bertsioek aukera emango dizute A1 akaberako argazkiak egiteko; akabera horri esker, argazkiak reflex kamera batekin egin direla emango du, fokuratzeko doikuntzen espezialista baita aplikazio hau. After Focusekin, hondoak eta formak balia ditzakezu; hatzarekin markatu fokuratu nahi dituzun eremuak, eta aplikazioak automatikoki detektatuko ditu argazkia zuk nahi bezala egiteko.

Apps_Fotos_AfterFocus

Argazki-iragazkiak ere baditu, eta, ordainpeko Premium bertsioa erosiz gero, aukera gehiago izango dituzu baliagarri. Horietako bat bereizmen handia da (3.264 MPX-rainokoa), eta beste bat, argazki batean iragazki bat baino gehiago erabiltzeko aukera.

8. Fotor

Fotor aplikazioarekin oso erraza da collageak egitea, testu deigarriko argazkiak konbinatuz eta, hala, muntaia ikusgarriak eginez, eta, gainera, irudia editatzeko zenbait tresna baliatzeko aukera ere ematen du.

Apps_Fotos_Fotor

Esposizioa eta irudiaren koloreak doitzeko balio du; horretaz gainera, iragazkiak aplika daitezke, eta manipulazio-efektuak egin. Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu, bai eta doako bertsio bat ere. Dena dela, iragarkirik ez jasotzeko eta baliabiderik aurreratuenak baliatzeko, lizentzia bat erosi behar da.

9. Cámara FV-5 Lite

After Focus aplikazioak bezala, Cámara FV-5 aplikazioak ere reflex kamera profesional baten tresnak jartzen dizkizu eskura Androideko zure smartphonean. Merezi du aplikazio honen ezaugarri hauek baliatzea: kliskatze-abiaduraren kontrola, ISOren konfigurazioa, eta foku-distantzia, zuri-oreka, esposizioa, argitasuna, fokuratze-makroa, zoom digitala eta beste zenbait balio konfiguratzeko aukera.

Apps_Fotos_Camera_FV

Bestalde, GPSa ere badu, RAW formatuan egin daitezke argazkiak, eta, besteak beste, tenporizadorea, konposizio-gidak eta irudi soinudunak ere erabil daitezke. Doikuntza-elementu horiek guztiak aplikazioaren pantaila berean gordetzen dira, zuk erabili bitartean, beste menu batzuetara sartu beharrik gabe; eta, gainera, konfigurazio jakin bat sor dezakezu, telefonoko tekla fisikoekin erabiltzeko.

10. Focos

iPhone bat baldin baduzu, hauxe da zure aplikazioa. Focosek iragazki-irudiak egiteko eskuzko kontrol ugari ditu, hala nola diafragma irekitzekoa, obturadorearen abiadura neurtzekoa edo ISOa eta zuri-oreka kontrolatzekoa. Erabiltzaileak irudien fokua alda dezake, bai eta diafragmaren irekidura ireki ere kliskatu ondoren; gainera, lenteen efektua simulatu dezake edo argi-iturriak sartu 3Dko espazio batean.

Focos aplikazioa doan deskargatu eta erabiltzekoa da, baina, baliabide aurreratu batzuk erabiltzeko, hilero ordaindu beharreko lizentzia bat erosi behar da.

10 aplikazio hauekin, hainbat aukera dituzu ahalik eta etekinik handiena ateratzeko zure mugikorreko kamerari. Gauza bakarra falta dugu orain: akabera profesionaleko zure argazkiak guri erakustea!