Urtebetetze, urteurren edo egun seinalatuetan, liburuak beti dira oparitzeko aukera ona. Baina, askotan, zalantza egiten dugu, ez baitakigu nola asmatu liburu egokia oparitzeko guk nahi dugun pertsonari. Batzuetan, beldur gara ez ote zaion gustatuko.

Esan ohi da liburuak ez ditugula guk aukeratzen, baizik eta haiek aukeratzen gaituztela gu. Gutako batek baino gehiagok jakingo du, ziur asko, zer den liburu bati gogoz heltzea eta bigarren orrialdean uztea, ezin aurrera eginik.

Baina lasai, guk aukeratutako liburu-zerrendarekin bete-betean asmatuko duzu. Seguru. Hamahiru liburu aukeratu ditugu, denak Euskal Herriko idazleenak eta beren liburuetan, modu batera edo bestera, Euskadi jaso dutenak. Gai eta genero oso desberdinetakoak izan arren, euskal idiosinkrasia dute denek ezaugarri. Gainera, kalitate onekoak dira, eta entretenigarriak, bakoitza bere genero literarioan. Eman begiratu bat, datozen egunetan libururik oparitzeko asmoa baduzu. Bete-betean asmatuko duzu gure proposamenekin.

Laino (jatorrizko izenburua, Niebla). Miguel Unamuno

Miguel Unamunok idatzia, hots, garai modernoko Espainiako pentsalari garrantzitsuenetariko batek, zeina Nobel saria irabazteko hautagai izan baitzen denbora askoan.

Laino lan iraultzailea izan zen bere garaiko literaturan, egilearen eta pertsonaiaren arteko oso erlazio bitxia erakusten baitu, bien rola nahasteraino. Nobelako pertsonaiaren eta idazlearen arteko harreman tirabiratsua zalantzan jartzen da kontakizun osoan, eta, hala, Unamunok aurrea hartzen die narrazio-era berriagoei.

Eleberriak Augusto Pérez du pertsonaia nagusi, bizimodu lasaiko eta errutina ugariko gizon bat. Maitasuna ate-joka heltzen zaionean, ordea, zalantzan jartzen ditu bere bizitzaren alor guztiak, Víctor Goti lagunarekin dituen solasaldi luzeek lagunduta. Zer da maitasuna?, zer da bizitza?, zertarako bizi?... Hainbeste pentsamendu eta barne-eztabaidatan murgilduta, Eugenia neska-lagunak utzi egingo du Augusto azkenean, eta eztanda egingo du denak orduan.

Lainok, beraz, bizitzaren helburuari buruzko barne-eztabaida bat kontatzen du, eta kontakizun tarteka estugarri eta tarteka filosofikoa da. Zalantzan jartzen du ea errealitatetzat jotzen dugun hori benetan den errealitatea. Matrixen aurrekari oso goiztiar bat.

Jakintzaren arbola (jatorrizkoa izenburua, El árbol de la ciencia) Pio Baroja

Altxa dezala eskua liburu hau institutuko edo Bigarren Hezkuntzako ikastetxe bateko Literatura edo Hizkuntza eskolan irakurri duenak. Halaxe da. Nahitaezko irakurketa da hezkuntzan, espainiar literaturako nobelarik handienetako bat baita.

Pío Barojaren lan hau existentzialismoz gainezka dago. Liburuko protagonistak zalantzan jartzen du inguruan duen guztia. Andrés Hurtado galduta dago zentzurik gabeko bizitzan, eta desengainuz beteta, inguruko gertakari etsigarrien ondorioz. Barojak berak zioen oso nobela autobiografikoa zela, bere bizipenetan oinarrituz eta protagonistarekin identifikatuz idatzi baitzuen.

Pentsa dezakezuenez, Jakintzaren arbola ez da oporraldi baterako irakurgai arina, baina Barojaren garaiko eta belaunaldiko (98koa) lanik esanguratsuena da. Nahitaez irakurri beharreko oinarri-oinarrizko bat.

Obabakoak. Bernardo Atxaga

Bernardo Atxaga euskal narratibaren idazle handienetako bat da, eta gaur egungo sortzailerik sakonenetako eta originalenetako bat Espainiako mundu literarioan. Obabakoak lanean, gai unibertsal askori buruzko hausnarketa bultzatzen du ipuin gisa antolatutako mundu magiko baten bidez.

Obabakoak laneko ipuin gehienak Obaban kokatzen dira, fikziozko euskal herri txiki batean, non fantasia eta errealitatea maisuki nahasten diren. Obabako biztanleek asko dute kontatzeko. Negu minean bakardadeari aurre egin nahian dabilen maistra bat, gutun bidezko amodio-harremana gogoratzen duen irakasle bat, eskolako argazki zahar bat ikusi ondoren bizimodua guztiz aldatzen duen idazle bat...

Istorio hauen guztien edertasuna Bernardo Atxagak guztiak lotzeko darabilen hizkuntzan datza: nola lotzen eta nola ematen dien forma guztiei liburuko pertsonaien bidez eta nola darabilen hitza guztiok bakardadetik babesteko ardatz gisa.

Eta bai, zeure buruari galdezka ari bazara, bai, Montxo Armendarizen Obaba filma Bernardo Atxagaren liburuan oinarritua dago.

Iturria. Unai Elorriaga

Unai Elorriagaren nobela hau estilo kixoteskoko istorioz beteta dago, baina, aldi berean, Erdialdeko Europako literatura garaikideari omenaldi bat egiten dio liburuak. Laurogeitaka urteko bi lagun Europan barrena ibiliko dira, hirugarren lagun baten aztarna literarioari jarraika.

Honela hasten da liburua: Soro Barturen, ia laurogei urte beteta laster hilko dela badakien gizon bat, Pedro Iturriaren bila aterako da. Iturria ikaskide izan zuen Ingalaterran garai batean, eta berrogeita hamar urte dira ikusten ez duela. Barturenek badu Iturriaren berri, aspaldiko lagunak ipuinak argitaratzen baititu aldian behin Europako zenbait aldizkaritan.

Bilbao-New York-Bilbao. Kirmen Uribe

Kirmen Uribek bere historia kontatzen digu Bilbao-New York-Bilbao liburuan, Liborio Uribe protagonistaren bidez. Bilboko aireportuaren eta New Yorkeko JFK aireportuaren arteko hegaldi batean gertatzen da guztia. Hegaldi horretan, familia bereko hiru belaunaldiren historia kontatzeko denbora ematen dio idazleari. Gutunak, poemak, mezu elektronikoak..., denak balio du oroitzapenez osatutako mihise bat sortzeko eta, hala, bizimodu ia guztiz desagertu bat omentzeko.

Bilbao-New York-Bilbaok Liborio Uriberen istorioa kontatzen du, zeinak “Dos Amigos” itsasontzian lan egin baitzuen bizitza osoan. Baina baita Liborioren aitaren istorioa ere, Josérena, “Toki-Argia” ontziko patroi izandakoarena. Kirmenek jakin nahi du nori eskaini zion Liborio aitonak itsasontziaren izena, eta, aitzakia horrekin, beti itsasoari lotutako familia baten zuhaitz genealogikoaren errepasoa egiten du.

Berrehun orrialdetan, gutxi gorabehera, bizimodu jakin bati egiten dio omenaldia Kirmenek, eta Euskal Herriko arrantzaleei, artisauei eta jende arruntari buruzko istorio errealak kontatzen ditu. Kantauri itsasoko kostaldeko jendea, belaunaldiz belaunaldi igaro ondoren orain desagertzeko zorian dagoen bizimodu bati eutsi diona.

Nur eta espazio-ontzia. Toti Martínez de Lezea

Goazen orain haur-literatura ikustera. Toti Martínez de Lezea oso idazle emankorra da. Gazteentzako literatura idatzi du, hala nola El mensajero del rey, La hijas de la Luna, Antxo III Nagusia eta Muerte en el priorato. Nur du pertsonaia ezagunena, eta bere biloba du inspirazio-iturri, gainera.

Nur pertsonaiaren abentura berrian, Nur eta espazio ontzia, aitonaren etxeko beira-arasan jasotako bildumari erreparatuko dio Nurrek; tamaina eta kolore guztietako oskolez gainera, marrazo-hortz batzuk, itsas zaldiak eta itsas barraskilo batzuk ere badira han. Baina Nurrek begiz jota du bat, "shunti" bat ustez, Chiapaseko (Mexiko) ibaietako barraskilo bat. Nurrek ez daki ezer leku horri buruz, baina ikertzen hasiko da berehala, Aroa, Ane eta Adur lagunekin batera.

Patria. Fernando Aramburu

Seguru asko, Euskal Herriko azken urteotako eleberririk ezagunena. Bestseller erabatekoa Espainia osoan. Gainera, liburuak jasotako guztiaren berri ematen duen telesail bat ere egin du HBOk. Baina ez, ez ikusi aurrena telesaila. ETAk Euskadin eta Espainia osoan izandako esanahia ongien deskribatzen duen liburuetako bat da. Kontraesanez beteta eta, aldi berean, bizi-bizi dauden pertsonaia batzuen azterketa egiten du Aramburuk.

Donostiatik gertu dagoen herri batean bizi diren bi familiaren istorioa kontatzen du Patriak. Hasieran, adiskidetasunak estu lotzen ditu bi familiak, baina, gero, eten traumatiko bat gertatutako da bien artean, politika dela tarteko. Horren ondorioz, bi familietako kideak beren jarreren, pentsamenduen eta ekintzen erantzule dira. Une hartako egoerak, gizarteak eta inposizio moralak ulergarri egiten du bi familien arteko etsaitasun askotan ikusezina.

Batzuek zein besteek ez dute ulertzen egoera azkenean, baina, aldi berean, ez dira etsaitasuna hausteko gai.

Las hijas de la tierra. Alaitz Leceaga

El bosque sabe tu nombre lanaren arrakastaren ondoren, Alaitz Leceagak familia-historia bat dakarkigu, Errioxako upeltegi batean kokatua; emakume bat prest dago egin beharrekoak egiteko boterea eskuratzeko, baina argitara atera behar duen misterio itzel batek eragin handia du, eta dena aldatuko du.

Las hijas de la tierra 1889an girotua dago, Errioxan, han bizi baitira, Las Urracas mahastietako etxaldean, Veltrán-Belasco hiru ahizpak. Ardoa zen familiaren diru-iturri nagusia, baina orain galduta daude mahastiak. Urteak dira ez dutela batere mahatsik ematen. Esames eta zurrumurruen arabera, lur hauek madarikatuta daudelako gertatzen da hori. Esan ohi da hiru ahizpak sorginak direla ezkerrak eta ilegorriak direlako, eta, batez ere, gizarteak agindutakoa —gizonezkoen gizarte bat, ahizpak onartzen ez dituena— betetzen ez dutelako. Hiru ahizpak upeltegia biziberritzen saiatuko dira, baina aspaldi ezkutatutako sekretu bat irtengo zaie bidera.

Gaurkotasuna galdu ez duten gai ugari lantzen ditu nobelak. XIX. mendearen amaierako Espainiaren ikuspegi egokia ematen du; kritika egiten die gizarte heteropatriarkalari, gizonezkoen nagusitasun itsu eta inposatuari eta gizonezkoen botere-abusuei, eta gaixotasun mentalek eta homosexualitateak zer zekarren ere erakusten du. Familia bati eragiten dioten beldur eta sineskeriak, eta familia horretako kideek hori guztia gainditzeko egiten duten ahalegina.

Una puerta en el mar. Beatriz Artaza Laría

Beatriz Artaza Laríak misterioz eta intrigaz betetako fikziozko thriller bat dakarkigu, irakurleari minutu bateko atsedenik ere ematen ez dioten ekintzaz beteta. Kutxa misteriotsu batekin hasiko da dena. Hondartzan lurperatuta aurkituko du Alicia protagonistak, eta aspaldiko sekretu sinestezin bat agerraraziko du kaxak. Horren ondorioz, betiko aldatuko da Aliciaren bizitza, eta ustekabeko gertaera guztiz desberdin ugari biziko ditu.

El Mentiroso. Mikel Santiago

Adikzioa eragiten duen thriller bat, arnasa hartzeko betarik ere uzten ez duena. Mikel Santiagok intriga psikologikoaren mugak hautsi ditu, eta kontakizun oso berezi bat dakarkigu, oroimena eta amnesia —egia eta gezurra— bereizten dituen muga lausoa aztertzen duena.

Álex, 28 urteko gazte bat, ospitaleko gela batean esnatu da, istripu baten ondorioz. Amnesia larria du, eta erabat ahaztu ditu bere bizitzako azken bi egunak. Oroitzapen bakarra du: fabrika abandonatu batean zegoelarik, zaurituta altxatu zela lurretik, eta, ondoan, gizon ezezagun baten gorpua eta odol-arrastoak zeuzkan harri bat zituela. Amnesia izan arren, gertaerak berreraikitzen saiatzen da Álex.

El Mentirosok intrigari eusten dio une oro. Irakurlea despistatzen eta zalantzan jartzen duten bat-bateko bihurguneak ditu nobelak, eta erraz irakurtzeko narrazio entretenigarria da.

La fábrica de las sombras. Ibon Martín Álvarez

Irakurlea harrapatuko duen intrigaz eta pista faltsuz beteriko istorio bat sortu du Ibon Martinek La fábrica de las sombras lanean. Erritmo bizi-biziari jarraitu nahian, mito eta legendaz lepo dagoen mundu batek harrapatuko du irakurlea.

Neguko laino itxiko gau hotz batean hasiko da guztia. Neska gazte bat urkatuta agertuko da Orbaizetako Munizioen Errege Fabrikako arkupeetan. Bere buruaz beste egin duela dirudien arren, Leire Altuna idazleak gertatutakoa ikertzeko agindua jasoko du. Eta oztopo ugari gainditu beharko ditu. Lan nekeza izango da erantzunak bilatzea hamabi bat lagun baino bizi ez diren herri urrun batean, han inor ez baita benetan dirudiena, itxura gorabehera.

El silencio de la ciudad blanca. Eva García Sáinz de Urturi

Liburuko istorioa definitu beharko bagenu, esango genuke eleberri beltz baten eta polizia- eta misterio-eleberri baten ezaugarriak dituela, eta ukitu historiko bat ere baduela. Baina, horretaz, gainera, El silencio de la ciudad blanca liburuak alderdi emozional nabarmena ere badu, pertsonaia guztiek argi-ilunez beteriko izaerak baitituzte, bizi izandako trauma eta harreman gaizto eta toxikoen ondorioz.

Eva García Sáenz de Urturik Gasteizen kokatzen du istorioa, 2016ko udan; hilketa batzuk gertatuko dira orduan, 20 urte lehenago gertatutako beste hilketa batzuen berdin-berdinak. Baina iraganeko hilketa haien erruduna aurkitua zuten ustez, Tasio Ortiz de Zárate, eta espetxean dago oraindik.

1000 recetas de oro. Karlos Argiñano

Amaitzeko, ezin dugu ahaztu Euskadiko telebista-pertsonaiarik ezagunenetako bat. Argiñanoren liburuak erreferentziazkoak dira, eta egoki-egokiak jaki goxoak prestatzea atsegin dutenentzat. Beraz, liburu bat oparitu nahi badiozu sukaldaritza maite duen norbaiti, aukera ederra duzu hau.

Espero bezala, Karlos Arguiñanok urrezko 1.000 errezeta eskaintzen dizkigu, telebistan prestatutako errezeta guztien artetik hautatuak eta 11 ataletan banatuak: lehen platerak, mokadu txiki goxoen aukera zabal batekin; entsaladak; barazkiak eta perretxikoak; eltzekaria; arroza; pasta eta oreak; zopak eta kremak; arrautzak; haragia eta hegaztiak; arrainak, itsaskiak eta moluskuak; eta postreak, 120 postre gozo eta erraz egiteko errezetak, Eva Argiñano arrebarekin batera atonduak.