Euskaltel Fundazioak antolatzen dituen lanparty-en jarraitzaile sutsu zaretenok ez egin planik martxoaren 18tik 20ra, hemen baita berriro ere Gipuzkoa Encounter Online. Hemen azalduko dizugu non izan dezakezun aste-bukaera horretako guztiaren berri: gaminga, hitzaldi eta tailerrak, esperientzia-trukea, ikastea eta sekulako dibertsioa.

Gipuzkoako erreferentziako ekitaldi teknologikoa, hasiera-hasieratik Euskaltelen lankidetza izan duena.

Agertoki birtuala Encounterren Twitch kanalean

Arte digitaleko, moddingeko, League of Legends-eko, Super Smash Bros-eko edo Clash Royaleko lehiaketetan parte hartzen duten 400 lagunei gertatzen zaien guztia kontatuko dizute Euskal Encounterren Twitch kanalean.

Konekta zaitez ostiralean 19:00etatik 22:00etara eta larunbatean 17:00etatik 22:00etara, eta jakingo duzu nor pasatuko den finaletara, zertaz ari diren hitzaldi eta tailerretan eta makina bat kontu gehiago.

Izan ere, saio berezi bat izango da, Twitch bidez emango dena, eta gonbidatu bereziak, elkarrizketak eta barre-algarak ziurtatuta egongo dira.

Opengune, Gipuzkoa Encounterren sarbide libreko aretoa

Informatikaren eta teknologia berrien sektoreko joera guztien berri izan nahi duzu? Sar zaitez etxetik Opengunera. Kanal ireki bat da, hitzaldiak entzun eta aurtengo tailerretan parte hartzeko, doan.

Hemen ikus dezakezu jarduera-programa osoa, eta hemen duzu zuzenean konektatzeko esteka: https://discord.party.eus.

EuskalHack-eko adituak ez dira faltako, arteaz eta sormenaz hitz egingo da Twitch-en, eta nostalgiarako unea ere izango da, Atari, Sega, Nintendo, Sony eta aspaldiko beste zenbait bideojoko gogoratuz.

Ostirala iritsi bitartean, iazko Gipuzkoa Encounter Onlineren unerik onenak ikus ditzakezu.

Badakizu primeran pasatuko duzula.

Barruan ikusiko zaitugu?