Badakizu Gipuzkoako zein herritan dagoen "Hondartzen Erregina", bi kilometro eta erdiko hondartza? Ez? Eta esaten badizugu fundamentu handiko tokia dela, eta han bizi dela Karlos Arguiñano ezaguna, zeina Euskaltelek fitxatu baitu berriki KIN eta KON kanpainarako? Bai, noski: Zarautzi buruz ari gara. Toki zoragarria da: hondartza, dunak, jende ona, festak… denetik du. Kilometroak ikastolen aldeko Gipuzkoako jaia ere herri horretan egingo da aurten; ez itxaron gehiago: deskargatu IkasJai aplikazioa, egun hori topera gozatzeko. Bada, horretaz guztiaz gain, hainbat kontu jakingarri bildu ditugu, pixka bat gehiago ezagutu dezazun herria, harekin behin betiko maitemindu baino lehen.
Euskal Jaia. Irailaren 9an, San Pelaiora joaten da jende guztia. Arantzazuko Ama Birjinaren eguna da, eta Euskal Jaia ospatzen da Zarautzen. Horrek esan nahi du uda amaitu dela, eta bai ondo amaitu ere! Izugarrizko festa egiten da, eta udatiar eta bisitari askok hartzen dute eguna jai hara joan ahal izateko. Diotenez, halaxe sortu zen festa: 1924an, duela ia mende bat sortu zen, udako denboraldia pixka bat luzatu eta udatiarren egonaldia luzatzeko. Eta orain ezin dugu hura gabe bizi.
Surfaren aitzindaria. Zarautz eta surfa arraina eta txakolina bezalakoak dira: banaezinak. Harreman hori noraino iristen den jakin dezazun, hona hemen bi datu: Zarautzen egin zen Espainiako lehen surf txapelketa 1968an, eta han ireki zen kirol horri eskainitako lehen denda, 1976an. Eskuz egindako taulak saltzen zituzten. Madrilgo enpresaburu batzuek sustatu zuten establezimendua; Surfistas Reunidos zuen izena — izen ez oso komertziala—, baina ez zuen arrakastarik izan. Urtebete geroago, Zalo Campa eta Iñigo Letamendia historikoek erosi zuten. Geronimo Surf Shop izena hartu zuen orduan, eta huraxe izan zen Pukas ospetsuaren jatorrietako bat.
Dunak. Bazenekien hondartzaren eta Iñurritza ibaiaren itsasadarraren ezkerraldearen artean dagoela Gipuzkoako duna-sistema handiena? 177.200 m2 baino gehiago dira, 30 futbol-zelai inguru; hareazko mendixka hauskorrak dira, eta 47 landare espezie bizi dira bertan; horietatik 10 desagertzeko arriskuan daude. Landaretza horrek eta han bizi den faunak (hegaztiak, narrastiak eta anfibioak) muturreko kondizioak jasaten dituzte —klima gogorra, itsasoaren astinaldiak, hondarra...— eta urte askoko eboluzioa behar izan dute baldintza horietara egokitzeko. Ekosistema berezi hori ikusteko, egurrezko pasabide bat dago.
Toldoak, udako hondartzaren parte. Urtero, udan, ekainaren 1etik irailaren 15era, 620 toldok marra zuri-urdinez janzten dute Zarauzko hondartza, milaka bizilagunek —bertakoak, udatiarrak nahiz turistak— bainujantzia lasai aldatzeko. Diotenez, toldoen % 90 herriko jendeak hartzen ditu. 335 euro inguru ordaintzen dute denboraldi osoa. Baina badakizu nongoak diren egunero alokatzen dituzten bisitari gehienak? Iruñekoak dira.
Eskultura-aukera. Eskulturarekiko zaletasuna dago Zarautzen. Duela urte batzuetatik hona, erositako eta nazioarteko lehiaketetatik eskuratutako hogeita hamar bat eskulturak apaintzen dituzte herriko kaleak, eta goi-mailako erreferentzia artistiko bilakatu da herria. Herrian zehar, Jorge Oteiza, José Luis Zumeta, Koldobika Jauregi eta Dora Salazar artisten lanak aurkituko dituzu, beste artista askoren artean.
Industria-iragana. Zarautz hondartzagatik, surfagatik, kaleko giroagatik, malekoiagatik, turismoagatik, txakolinagatik… eta beste hainbat gauzagatik da ezaguna. Baina ez hori bakarrik: bazenekien iraganean industria garrantzitsua izan zuela? 1906an eraiki zuten Mollarriko minerala zamatzeko tokia; handik itsasoratzen zen Asteasuko meategietatik ateratako mineral guztia. Burdina bagoietan eramaten zen, 11 kilometroko aireko kable baten bitartez (112 zutabek eusten zioten kableari). 1923an itxi zuten, kokapen oso eskasa baitzuen. Historia laburra izan zuen, beraz, baina eraikina berreskuratu egin zen gero, eta, gaur egun leku aparta da hara joan eta eguzkia sartzen ikusteko, bista ikusgarriak baititu.
Aristokraziaren opor-lekua. Hamarkada askotan, Biarritzekin eta Donostiarekin batera, Europako aristokraziaren opor-leku gogokoenetako bat izan zen Zarautz. Horrek erabat aldatu zuen herria —ordura arte nekazaritzatik, abeltzaintzatik eta arrantzatik bizi zen jendea—, eta errepideko eta trenbideko garraioak hobetzea ekarri zuen. Ezagunak dira Isabel II.a erreginak hondartzan hartzen zituen bainuak, eta Alfontso XIII.ak eta haren emazte Vattenbergeko Victoria Eugeniak Golf Kluba inauguratu zutenekoa.
Juan Sebastian Elkanoren ontziola. Denok dakigu Juan Sebastián Elkano ondoko herrian, Getarian, jaio zela, baina askok ez dakite hark 1519 eta 1522 bitartean munduari itzulia egiteko erabili zuen ontzia, nao Victoria, Zarauzko ontzioletan egina zela. Gipuzkoako udalerriaren jarduera beti arrantzari lotua egon bazen ere, XVI. mendean, Kantauri itsasoko balea desagertu zenean, herritarrek beste jarduera ekonomiko batzuk bilatu behar izan zituzten, hala nola nekazaritza, abeltzaintza… eta itsasontziak eraikitzea. Eta zarauztarrak ia gauza guztietan abilak direnez, azkar espezializatu ziren, eta munduari itzulia egin zion lehen itsasontzia eraikitzeko gai izan ziren.
Pentsa dezakezunez, hauek eta beste kontu jakingarri asko ditu Zarautzek: baten bat ezagutzen baduzu eta horren berri eman nahi badiguzu, idatzi iruzkin bat!