Ibilbide erraz bat proposatzen dizugu, familia osoarentzat egokia, Nafarroako txoko natural magiko batera eramaten gaituena. Amildegi gainean esekitako harkaitz bat da, begiratoki bihurtua. Bista ikusgarriez gozatuko duzu handik. Hona hemen Zamariaingo begiratokiari eta hara iristeko moduari buruzko informazio guztia.
Nikozelea, Zamariaingo begiratokia, Nafarroako paraje natural bisitatuenetako bat da, eta Aezkoa ibarreko erakargarri turistiko handia. 12.000 hektarea baso baino gehiago ditu, eta Pirinioen babesean dago. Bertigoa eragiten duen begiratoki honi "Leoi Erregearen Haitza" ere esaten zaio.
Zamariaingo begiratoki harrigarrira iristeko modurik ohikoena ibilbide zirkular txiki bat egitea da. Urtetik urtera bisitari gehiago erakartzen ditu.
Aholku txiki bat: beti da une egokia hango bista ikusgarriak ezagutzeko, baina bertako paisaiak eta koloreek udaberrian eta, bereziki, udazkenean jotzen dute gailurra.
Data aukeratutakoan, jantzi arropa eta oinetako erosoak eta prestatu naturak oparitzen dizkigun leku magiko horietako batean harrituta geratzeko.
Nola iritsi Zamariaingo begiratokira?
Aurrena jakin behar duzuna: nola iritsi Zamariaingo begiratokira?
Modurik ohikoena (eta gomendatuena) zailtasun txikiko ibilbide bat da, guztira 6,9 kilometro egiten dituena (joan-etorria). Ezin hobea da familian joateko; izan ere, ibilbide erraza eta zirkularra da, eta arazorik gabe egin daiteke ordu pare batean.
Zamariaingo begiratokirako ibilbidea Aezkoa ibarrean dagoen Garaioa herri txikiko plazatik abiatzen da. NA-140 eskualde-errepidean barrena iristen da herrira.
Aparkalekurik ez dagoen arren, erraza da herriko kaleren batean autoa uzteko lekua aurkitzea.
Zamariaingo begiratokirako ibilbidea
Zamariaingo begiratokirako bidea ondo seinaleztatuta dago marka zuri eta berdeen bidez, abiapuntutik hasi eta ibilbide osoan zehar.
Lehenengo bi kilometroak (igoera) elorria, txilarra, ipurua eta ezpela dauden eremuetan barrena igarotzen dira. Iratzea eta hurritza nagusi diren tarte batera iristean, aldapa leundu egiten da. Nolanahi ere, bidean ez dugu aldapa handirik aurkituko: gutxieneko garaiera 770 metrokoa da, eta handiena, 1070ekoa.
Bidean zehar, larre eta baso artean igarotzen den bidezidor naturalaz gozatuko dugu, elezahar-kutsuko sorpresaren bat aurkituko dugu —esaterako, erdibidean dagoen orein itxurako enbor bat—, eta ganadua ere (ahuntzak, adibidez) ibiltzen dela adierazten duen kanadar pasabideren bat.
Itzulerako bidea beste bidezidor batetik igarotzen da (argibideei jarraituz, bidea bitan banatzen dela ikusiko dugu tarteko puntu batera iristean; pista gorritik igo eta urdinetik jaitsiko gara), baina naturaz gozatzeko bikaina da hori ere.
Inguru guztia oso ederra den arren, Zamariaingo begiratokia da ibilbidearen erakargarritasun nagusia, zalantzarik gabe.
Nolakoa da Zamariaingo begiratokia?
Zamariaingoa begiratoki naturala da. Amildegiaren gainazaletik ateratzen den haitz handi bat da.
Erronka handia da bertigoa dutenentzat; izan ere, ez du babesik eta ez hesirik. Beraz, kontuz ibili. Ezerk ez ditzala zapuztu oinpean dituzun Aezkoa ibarreko panoramika eta paisaia paregabeak.
Talaia natural bikain horretatik, Irati ibaia, Koroa eta Larrogain mendiak, Beteluko hariztia, Higa edo Elomendi, Itzaga eta Nafarroako ekialdeko Pirinioetan dagoen Iratiko oihaneko pagadiaren zati handi bat ikus ditzakezu. Baina Iratiko oihaneko natura basatiaren 17.000 hektareari buruz gehiago jakiteko, Euskadiko baso onenak biltzen dituen gure blogeko beste post hau irakurtzea da onena.
Izan ere, leku magiko asko ezkutatzen ditu Nafarroak. Eta horietako bat eskaintzen dizugu hemen; bertigoa eragiteko moduko leku bat: Zamariaingo begiratokia.