Zer deritzozu mendiz, haranez, basoz eta errekaz jositako paradisu natural batera joateari? Hauxe da plan horren izena: Urbasa mendilerroa. Jakin beharreko guztiaren berri emango dizugu, zer ikusi, zer egin eta gaua non pasatu erabaki dezazun.

Urbasa mendilerroa Estellerriko goi-ordoki bat da. Urbasa-Andia Parke Naturalean dago (hori da izen ofiziala 1997az geroztik).

Nafarroako toki xarmagarrienetariko bat da parke natural hau: ezin hobea da gure paisaiaz gozatzeko, txoko zoragarriak ezagutzeko edo, besterik gabe, deskonektatzeko.

Nola iritsi Urbasa-Andia mendilerrora

Urbasa-Andia Parke Naturala Nafarroako mendebaldean dago, eta bi modu dituzu hara iristeko: Arbizu gurutzatuta edo Lizarratik barrena (Iruñea eta Logroño artean dago Lizarra).

Urbasa-Andia Parke Naturala lau eremu handitan banatzen da: Urbasa mendilerroa, Andia mendilerroa, Ameskoako herri-mendia eta Urederra ibaiaren iturburuaren natura-erreserba.

Zer ikusi Urbasa mendilerroan

sierra urbasa hayedo

Iturria: Irantzuko Lurraldea

Urbasa-Andia Parke Naturaleko 21.400 hektareak benetako paradisu naturala dira.

Mendilerroko toki magikoenetariko batean, mila urtetik gorako pagoek gidatuko gaituzte baso sorginduan zehar. Legendazko tokia da, eta goroldioa hondar megalitikoen lekuko da, eta, sarritan, lainoa ere lagun izaten dute. Bereziki nabarmentzen da Ameskoako herri-mendiko pagoa, izugarria: adakera ere oso handia eta biribila da, lurretik gora doazen adar handiz osatua.

Ezin dugu huts egin, halaber, Pilatosen Balkoia edo Ubaba: 300 metroko paretak ditu, eta toki zoragarria da Ameskoako haranaren ikuspegiaz gozatzeko.

Ibai ikusgarriak ere badaude; haietako bat da Urederra (xehetasun gehiagorekin emango dizugu haren iturburuaren berri post honetan bertan). Gainera, ikuspegi ederrak ikusiko ditugu toki askotatik; adibidez, Lizarragako haitzetatik. Leize misteriotsuak ere ez dira falta (Kristinoen leizea, Noriturri eta Akuandi).

Planak eta herriak Urbasa mendilerroan

Paseatzeaz eta altxor naturalez gozatzeaz gainera, bestelako jarduera asko ere egin ditzakezu Urbasa mendilerroan.

Kirolzalea bazara, parapentea, eskalada, arroila-jaitsiera, espeleologia eta kayakak dituzu aukeran, besteak beste.

Eta hona hemen txikiei gustatuko zaizkien bi plan berezi: Urbasa Abentura tirolina-parkea eta Basabere baserri-eskola (Lezaun).

Inguruko ondare historiko aberatsa ezagutu nahi baduzu, Irantzuko Andre Maria Erreginaren monasterioa eta Eulateko jauregia (XVII. mendearen amaieran eraikia) ikus ditzakezu.

Atsegina da, halaber, mendilerroko herri pintoreskoetan paseatzea: Eulate, Iturmendi, Olazti, etab.

Urederra ibaiaren iturburua bisitatzea

sierra urbasa nacedero urederra

Iturria: Nafarroako Gobernuko Turismoa

Bazenekien Urbasa mendilerroan sortzen dela ibairik politenetariko bat? Urederra ibaiaz ari gara: ezaguna da turkesa-koloreko urei esker.

Eta haren iturburua bisitatzea Urbasa mendilerroko plan arrakastatsuenetariko bat da. Urederra ibaiaren iturburua bisitatzeko zer egin behar duzun azalduko dizugu ondoren.

Lehenik eta behin, sarrera gorde behar duzu Ameskoa Ibarreko webgune ofizialean.

Sarrera doakoa da, baina naturagune babestua denez, egunean 500 pertsona joan daitezke gehienez iturburua ikustera.

Oro har, hiru txandatan banatzen dira bisitariak: 11:00k aurretik, 11:00etatik 14:00etara eta 14:00etatik aurrera.

Aparkalekua ordainpekoa da. Ezkerretara dago, Bakedaoko sarreran.

Hona hemen Urederrako iturburuko aparkalekuko tarifak:

  • Autoak: 5 euro

  • Motorrak: 2 euro

  • Autokarabanak: 10 euro

  • Mikrobusak: 25 euro

  • Autobusak: 50 euro

Sarrerarekin, ur-jauzi eta putzu nagusiak bisitatu ahal izango dituzu. Hala ere, azken zatira joatea debekatu da, ingurumen-kontserbazioko arrazoiak direla eta.

Jakinarazten dizugu, gainera, iturburua birgaitzen ari direla, eta murrizketa puntualak izaten direla toki batzuetan. Gomendatzen dizugu xehetasun guztiak galdetzea sarrera gordetzen duzunean.

Eta beste xehetasun bat: joan zaitezke txakurrarekin, baina uhalarekin lotuta eraman beharko duzu.

Ibilbideak Urbasan

Plan gehiago proposatuko dizkizugu, Urbasa eta Andia mendietara zoazenerako.

Gustura egingo zenituzke inguruko ibilbide ugarietako batzuk? Mota guztietakoak daude, eta zailtasun-maila desberdinetakoak.

Hona hemen Urbasako ibilbide ezagunenetariko batzuk:

  • Urederrako iturburuko ibilbidea: 6 km-ko ibilbidea da (joan-etorria), eta Bakedaon hasten da (aparkalekua dagoen tokian). Gutxi gorabehera bi ordu behar dira ibilbidea egiteko, eta zailtasun-maila baxua da.

  • Pilatosen Balkoirako edo Udabarako ibilbidea: Erraza bezain ikusgarria da. 4 kilometro baino ez dituzu egin beharko, lauan gainera, Urbasa mendilerroko toki zoragarrienetariko batera iristeko. Pilatosen Balkoian bizi diren sai arreen kolonia ikusteko aprobetxa dezakezu.

  • San Adrian baselizarako ibilbidea: Ibilbide zirkular hau aproposa da familia guztiarentzat, eta 9 kilometro eskas ditu guztira. Lizarraga gainean hasten da, eta Sakana zeharkatzen du.

  • Larraintzar tontorrerako ibilbidea: 16 kilometro baino gehixeago ditu ibilbide lineal honek. Irantzuko monasterioan hasten eta amaitzen da. Aurrekoak baino pixka bat gogorragoa da.

  • Pagadi sorginduko ibilbidea: Mota askotako kare-formazioak ikusiko dituzu ibilbide harrigarri honetan. Ez du zailtasun handirik. Gainera, lehen zatia Morterutxotik igarotzen da, eta mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat egokituta dago.

  • Iruaitzetako begia: 12 kilometro inguruko ibilbide erraz honek Iruaitzetako begira eramango gaitu; toki berezia da, zinez. Igoerak eta jaitsierak daude bidean, eta komeni da ongi ikusten den egun batean egitea.

  • Lezaundirako ibilbidea: Parke naturalaren kanpoaldeko leize handiena ezagutu nahi baduzu, hauxe da zure aukera. 13 kilometroko ibilbide lineala da.

Kampaoh Urbasan

Ibilbide bat egin ondoren zerbait gehiago nahi baduzu eta gaua toki eder honetan igaro nahi baduzu, kontuan hartu Kampaoh.

Imajinatu ostatu jasangarri eta alternatibo bat ingurune natural paregabe batean; kasu honetan, Urbasa mendilerroan.

Kampaoh-k zenbait aukera ditu, eta beharrezko guztiarekin datozen denda-modelo desberdinak ere baditu; askaldegiak ere badituzte kanpoan.

Zeure premien arabera egin ahal izango duzu campinga/glampinga, bikotekidearekin, lagunekin edo familiarekin. Ez da harritzekoa halako arrakasta izatea.

Artzain- eta gazta-tradizioa Urbasan

Inguruko gastronomia goxoa probatzera ere animatzen zaitugu, eta bereziki gomendatzen dizkizugu hango artisau-gaztak, belaunaldiz belaunaldi egin baitira han.

Mendeetan zehar, Urbasa eta Andia mendilerroetan, egurra eta ikatza ez ezik, larre ederrak ere baziren, eta haietaz baliatzen ziren herritarrak beren premiak asetzeko.

Gaur egun, 40.000 abelburu inguru bazkatzen dira udan Urbasa mendilerroan; ziurtagiri ekologikoa du 2018tik. Urbasa eta Andia Mendiak Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailean aitortzen eta arautzen dira eskubide tradizional horiek.

Hain zuzen, larre horietan bazkatzen dira ardi latxak, eta haiei esker jan ditzakegu gazta eder horiek.

Nolakoa da Urbasa mendilerroko klima?

sierra urbasa mirador

Iturria: Irantzuko Lurraldea

Mendiko ingurunea denez, atsekaberik ez izateko, klimari eta kondizio meteorologikoei buruzko informazioa lortu beharko dugu.

Urbasa-Andia Parke Naturalean, urteko batez besteko tenperatura 8 ºC ingurukoa da (eta 6 ºC toki garaienetan). Ingurune euritsua da, eta neguan elurra egin dezake.

Beraz, laburbilduz, udaberria, uda eta udazkena dira Urbasa mendilerroa bisitatzeko garai egokienak. Paisaia ederraz gozatzeko, erosotasunez mugitzeko eta txoko ezkutuenak ezagutzeko aukera izango duzu.

Egiten duzuna egiten duzula ere, paradisu natural batean zaudela irudituko zaizu, eta ez da gutxiagorako. Eta gertu-gertu daukagu gainera :)