Xebastian Lizasok (Azpeitia, 1958) odolean darama bertsolaritza, baino inork baino hobeto daki gailurrera heltzeko gogor lan egin behar dela egunero. Hunkitu egiten da Euskal Herriko azken Bertsolari txapelketan Maialen Lujanbiori irabazlearen txapela jarri zion unea gogoratzen duenean, eta ziur da gero eta protagonismo handiagoa izango dutela emakumeek bertso-munduan. Izan ere, asko aldatu dira gauzak azken urteetan; bertsolaritzak gizartearekin batera egin du aurrera, eta garai berrietara egokitzen asmatu du.

Euskaltel Bloga. Bertsolari baten semea zara, eta beste baten aita... Zure ustez, bertsolaria jaio egiten da ala egin egiten da?

Xebastian Lizaso. Edozertarako ere lehenbizi jaio egin behar da. Bertsolaria egin egiten da,batzuk errazago eta besteek gehixeago kostata. Egiten hasi eta lortu gabe ere asko gelditzen dira bidean.

B. Bertsoaren mundua asko aldatu al da garai batetik hona, zure gurasoen tabernan kantuan hasi zinenetik hona?

L. Asko aldatu da bertsoa, giroa, entzuleak dena. Bertsolaritzak jakin du gizartearekin batera aldatzen eta aurrera egiten,egoera berrietara moldatzen. Lehen bertsolari gehienak baserri mundutik zetozen, orain gehienak unibersitatetik pasatakoak dira. Lehen gaiak ere oso gertukoak ziran, orain munduko berri jakin beharra dago gai askori erantzuteko… Emakumeak plazetan kantari, lehen burutik pasa ere ez… Orain indarrean eta bertsoaren gailurrean. Dena aldatu da zorionez.

B. Txapelketan txapeldun izan zinenez, baduzu aholkuren bat gorenera iristeko lanean ari diren horientzat? Nola prestatzen da bertsolari bat?24 orduko dedikazioa eskatzen al du bertsolaritzak, egunero-egunero?

L. Prestatzeko jardun egin behar da kantari, bakarkako lan asko eskatzen du eta horretarako lehen baldintza zaletasuna da. Beste gauza askoren edo denen aurretik jarri bertsoa eta jardun eta jardun. 24 orduko jardunik eta egunero ez du eskatzen baina burua “ lanean” izatea bai. Bertsoa bizi egin behar da,sentitu eta landu.

B. Kultura tradizionalaren adibide da bertsolaritza edo hasia da bera ere teknologiaz baliatzen?

L. Bertsoa tradizionala dela ez dago dudarik, hitzaren jolasa delako (neurtu,errimatu eta kantatuz). Noski teknologiaz baliatzen dela gauza askotarako. Lehen ez ziren aukera asko daude gaur egun bertsoak bilatu, aurkitu, entzun, konparatu eta abar egiteko. Doinutegiak ere berdin, dena sarean dago. Errimak ere... Ikerketarako, transmisiorako, mundura zabaltzeko aukera ematen du teknologiak.

B. Nola azalduko zenieke zer den bertso bat bertsolaritza ezezagun zaienei?

L. Hitzekin jolas eginez, gure hizkuntzarekin gozatzeko eta gozarazteko tresna bat da bertsoa. Kantuan egiten den elkarrizketa edo bakarkako gogoeta

B. Euskal Herriko azken txapelketan, txapela jantzi zenion Maialen Lujanbio irabazleari. Zer izan zen hori zuretzat?

L. Ohore handi bat, bertsoarekin lotura duen famili bati egin zitzaion esker onezko aitortza. Kantatu nuen bertsoan saiatu nintzan agertzen:

Lizasotarren zubi izaten ahalegindu naiz benetan hertzetakoak (Aita eta Semea) gogoan ditut momentu eder honetan....

B. Zure ustez, zergatik ez da beste emakumerik iritsi finalera oraindik?

L. Finalean oso leku gutxi izaten da, 8 lagun bakarrik.. Kiniela gehienetan zeuden bi edo hiru, baina azkenean bat eta bera txapeldun. Emakumeak ba datoz eta indartsu gainera eta agian azkenengo txapelketa izan daiteke emakume finalista bakarrarekin.

B. Elkarteak susta dezake bertsolaritza emakumeen artean? Nola?

L. Elkartea bertsolaritza sustatzen eten gabe ari da inor berezi eta atzera utzi gabe. Emakumeak ari dira beren lekua aurkitzen hainbat urtetan gizonezkoen esparru soila izan den mundu batean. Genero berdintasuna lantzeko talde bat bada Elkartearen barruan lanean.

B. Bertsolari gisa erreferente izan duzun norbait aipatzekotan, nor aukeratuko zenuke?

L. Hasieran normala denez Aita eta Imanol Lazkano nituen erreferente nagusiak. Gero asko miresten nituen Uztapideren erantzuteko zorroztasuna eta Basarriren erregulartasuna. Gure garaian berriz Amuriza eta batez ere Andoni Egaña izan dira denon ispillu zalantzarik gabe. Orain: Maialen, Amets....

B. Mila esker!