1. Ez da berriro kargatu behar bateria harik eta erabat deskargatu arte
Gezuuuuuurra! Telefono gehienek daukaten litioko bateriari esker, ez dago zertan itxaron bateria agortu arte hura berriro kargatzeko. Bateria erabat agortzen ez uztea gomendatzen dute zenbait adituk, eta tarte laburretan kargatzea, ez aldi bakarrean. Beste honetan, berriz, bat datoz denak: hobe da estalkia kentzea gailua berotu egiten dela nabarituz gero hura kargatzean.
2. Gauean, itzali egin behar da bideratzailea
Batzuek itzali egiten dute bideratzailea gaua iristean. Bi arrazoi hauengatik egiten dute hori: energia aurrezteagatik, eta uhinekiko beldurragatik. Lehenbiziko arrazoiari dagokionez, jakina gailuek ez dutela energiarik kontsumitzen itzalita baldin badaude, baina hutsaren parekoa da aurrezten den energia-kantitatea, oso gutxi kontsumitzen baitute gailu horiek. Merezi ote, beraz, gailua itzaltzen jardutea? Zenbaitek horretaz zalantzarik baduen arren, ez dago batere ebidentzia zientifikorik WiFiak osasunari kalterik egiten diola dioenik. Lasai egon zaitezke.
3. Zenbat eta megapixel gehiago, orduan eta hobeak argazkiak
Megapixel-kopuruaren arabera hautatzen du zenbaitek argazki-kamera edo mugikorra. Oker dabiltza. Askoz ere faktore gehiagoren araberakoa izaten da argazkien kalitatea: lentea, diafragmaren gehieneko irekiera, sentsorea, zirkuitua, prozesaketa… Dena dela, argazkilariaren trebetasuna eta gustu ona dira faktore erabakigarrienak. Beraz, ez daukazu aitzakiarik: argazkilari ona baldin bazara, aski duzu Nokia 3310 bat hori frogatzeko.
4. Gauza asko agintzen eta ezer ematen ez duten aplikazioak
Batzuk txantxa izan ohi dira; beste batzuk, berriz, iruzur nabarmena. Aplikazio batzuek telefonoa eguzki-argiz kargatuko omen dizute, pantailatik; beste batzuek, berriz, polizia non dagoen atzemango omen dizute... Bada hau agintzen duenik ere: nola hilko garen iragarriko omen du, gure hatz-marka bat irakurtze hutsarekin. Gezur galantak, denak. Kontuz, dena den, webgune "ez oso gomendagarrietan" nabigatzen ari zaretela leiho gainerakorretan agertzen diren programa horiekin, ez baitira inolako txantxa. Zure gailutik birus guztiak ezabatuko dituztela agintzen dizute. Ezta kasurik ere!
5. Edo Facebookeko 10 hormatan mezu bat kopiatzen baduzu…
Bada, oraindik ere, horrelakorik egiten duenik, hau da, Facebookeko bere lagunen hormetan publizitatea eskegitzen duenik, horren truke kamera bat edo kontsola bat oparituko diotelakoan. Alferrik da, bestalde, Facebookera argazki bat igotzea eta sare sozial horrek haren gaineko inongo eskubiderik ez duela esatea. Ez du ezertarako balio beste honek ere: bizitza osorako zorte ona emango omen dizuten Whatsapp kate horietako bateko mezuak birbidaltzeak ;). Kontu bat irekitzean onartzen ditugun baldintzetako batean Facebookek dioenez, hara igotzen dugun "zeinahi eduki erabiltzeko baimena "ematen diogu sare sozial horri. Beste hau ere jakinarazten digu Facebookek: bildu egiten dituela bidaltzen ditugun mezuak, eta hirugarren batzuekin partekatzen.
Zure ustez zerrenda honetan egon behar lukeen teknologiari buruzko uste okerren bat utzi al dugu aipatu gabe? Baietz uste baduzu, azal iezaguzu Twitterren. Zure txioa partekatuko dugula hitzematen dizugu. Ea behin betiko ezabatzen ditugun teknologiaren gaineko gezur guztiak...