Badakizu zer den taloa? Nafarroako eta Euskadiko jaki tipikoa da. Arto-opil goxo-goxo bat, tradizio handikoa. Zer esanik ez txorizoarekin prestatua bada. Ezagutu nahi duzu taloaren errezeta? Bada, jarraitu irakurtzen.
Mendeak dira euskaldunak taloa jaten hasi zirela. Sukalde xumeenetan jaio bazen ere, oso ezaguna egin da azken urteetan, txorizodun talo klasikoa batez ere.
Taloaren osagaiak
Hartzitu gabeko arto-irinez egindako opila da taloa.
Irina du osagai nagusia; urez bustitzen da, eta gatz apur bat gehitzen zaio. Ez du legamiarik. Gari-irina ere gehitu dakioke, nahi izanez gero.
Zehazki, osagai hauek behar dituzu txorizodun talo eder bat egiteko:
- Arto-irina
- Tipula bat
- Oliba-olioa
- Gatza
- Ura
- Sagardoa (aukerakoa)
- Txistorra. Zenbat? Pertsona-kopuruaren arabera, eta, jakina, taloa zenbat betetzea gustatzen zaizun... Pare bat lagunentzat, 100 edo 150 g inguru erabiltzea da ohikoena.
Nola egiten den taloa
Lehenik eta behin, ur pixka bat berotu behar da, eta hari arto-irina gehitu.
Zenbat irin behar duzu? 50 g inguru pertsonako. Ura, berriz, irina baino pixka bat gehiago.
Nahasi ondo ura eta irina. Ohikoena da irina katilu batean jarri eta ura botaz masaren erdian zulo moduko bat egitea.
Gehitu gatza, eta prest izango duzu orea.
Euskal taloa: orea egin eta zartaginera
Orea egina dagoela, bolatxoak osatu behar dira, gero haietako bakoitzarekin talo bat egiteko.
Horretarako, zurezko taula bat erabiltzea da egokiena. Orea ez itsasteko, hautseztatu irin pixka batekin.
Eta ekin: landu bola bakoitza, osatu opil fin-finak, eta bota zartaginera.
Nahi duzun neurrikoak egin ditzakezu. Hori bai, zartaginera bota baino lehen, utzi tarte batez egoten.
Xehetasun garrantzitsu bat: ez bota oliorik zartaginean. Taloa ezer gabe frijitzen da.
Minutu pare batean, buelta eta buelta, prest izango duzu. Testura hauskorra eta pikortsua du, eta, adituek diotenez, testura pikortsu hori da talo on bat lortzeko gakoa.
Hona hemen bideo bat, Super Amararen errezetena, taloa nola egin ikusteko.
Taloa txistorrarekin
Txistorra gehitzeko, lehenik eta behin, tipula frijitu behar duzu.
Moztu zati txiki eta mehetan, eta frijitu zartaginean. Oliba-olioa bakarrik erabil dezakezu, edo sagardo pixka bat gehitu —sukaldari batzuek ukitu hori eman diote berriki errezetari—.
Nolanahi ere, 10 minutu inguru beharko dituzu. Tipulak oso bigun geratu behar du, ez txigortua eta ez kurruskaria.
Egin txistorra beste zartagin batean, zati txikitan moztua. Frijitu oliotan eta, ondoren, xukatu, eta gehitu tipula-frijituari. Dagoeneko prest duzu taloarentzako betegarri goxo-goxoa.
Eta 20 minutuan dena egina :)
Nola zerbitzatu taloa
Egin berria jaten da taloa, zaporerik gal ez dezan eta gogortu ez dadin, eta jaki gozo edo gaziren bat eransten zaio beti.
Errezeta tradizionala txistorrarekin edo txorizoarekin bada ere, batzuek ardi-gaztarekin maite dute; beste batzuek, berriz, eztiarekin, txokolatearekin, hirugiharrarekin edo baita gulekin ere.
Nolanahi ere, ardo edo txakolin on batekin bultzatuz gero, askoz hobeto.
Horrela jaten dugu gaur egun taloa, baina errezeta ez da berria, aspalditik prestatu izan baita Euskadiko eta Nafarroako sukaldeetan.
Taloa gastronomian
Jatorri xumeko jakia da taloa.
Euskadiko eta Nafarroako baserrietako mahaietako protagonista izan zen mendeetan zehar. Nekez erein zitekeen garia inguruotan; beraz, XVI. mendean, artoa Ameriketatik iristen hasi zenean, sukaldean erabiltzeko aukera asko eta asko zabaldu ziren.
Taloa ez zen ogitarako labean egiten, su-txingarretan baizik. Ziur asko horregatik, maizago prestatzen zen neguan.
Ogi arrunt gisa erabiltzen zen eta, afari edo gosari gisa, esnetan zopak eginda.
Baina, pixkanaka-pixkanaka, gari-irinez egindako ogiak hartu zion lekua, eta okasio berezietarako utzi zen taloa.
Taloa Nafarroan eta Euskadin
Edonola ere, beti prestatu eta jan izan da Nafarroako eta Euskadiko hainbat lekutan.
Adibidez, abenduaren 21ean egiten diren San Tomaseko azoka tradizionaletan edo azaroan San Andres ferietan jaten den elikagai nagusietako bat da.
Gainera, azken urteotan, taloa biziberritzeko zenbait ospakizun berezi ere egiten dira; Leitzako Taloaren Eguna, esate baterako.
Izan ere, taloa euskal gastronomiaren ikurretako bat da; taloa txorizoarekin, batez ere.
Orain badakizu zein osagai dituen eta nola egiten den :)
Goiburuko irudiaren iturria: https://www.visitnavarra.es/eu/-/taloaren-eguna