Belaunaldi berriak Internetera eta sare sozialetara lotuak bizi dira. Eta, beraz, gurasoen kezka handienetako bat seme-alaben segurtasuna da, orduak ematen baitituzte Internetera konektatuta, bai ordenagailuan, bai gailu mugikorretan.

Gaztetxoen xalotasuna arriskutsua da batzuetan, ez baitira konturatzen nolako arriskuak dituzten aurrean. Hori kontuan izanik, seme-alabei ikusarazi behar diegu zer esan nahi duen Internetera konektatua egoteak, eta irakatsi behar diegu arau batzuk errespetatzen sarean nabigatzen dutenean.

Identitate digitala

Lehenik eta behin, komeni da argitzea zer den  identitate digitala: Interneten gutaz dagoen informazio guztia da (guk edo beste norbaitek emana), eta edonoren esku dagoena. Oso zaila da ezabatzen argazki bat kargatzen dugunean edo sare sozialetan iruzkin bat egiten dugunean uzten dugun arrastoa. Gainera, Interneten sartzen garenean, gure edukien kontrola galtzen dugu, beste edozein erabiltzailek erabil baititzake edukiok, modu anonimoan eta edozein asmorekin, baita guri kalte egiteko asmoarekin ere.

Beraz, kalera ateratzen direnean beren buruak babesten dituzten bezalaxe, Interneten ere pribatutasuna balioesten eta babesten erakutsi behar diegu seme-alabei, antzeko arauei jarraituz kalean eta sarean. Kalean ez badiet informazio pertsonala ematen ezezagunei, sare sozialetan ere ez dut emango; eskolan nagoenean ez baditut iraintzen gainerako ikaskideak, Internet bidez ere ez ditut irainduko; ez banaiz fidatzen ezezagun batez iruzur egin diezadakeelako, sarean ere ez naiz fidatuko ezagutzen ez dudanaz.

Sareko arriskuak

Hezkuntza prebentzioa da. Sarean nabigatzen dutenean nolako arriskuak dituzten azaldu behar diegu seme-alabei. Esate baterako, phishing-a (beste norbaitek gure identitatea hartzea), ciberbullyng-a (erasoa Interneten) edo grooming-a (sexu-harremanak lortu asmoz adingabekoak direla esaten duten helduak).

Guraso gisa, ezin dugu zelatan egon 24 orduz. Izan ere, teknologia berriak erabiltzen erakusteaz gain, konfiantza-giroa sortu behar dugu haien eta gure artean, ziur egon nahi badugu guregana joko dutela nola konpondu ez dakiten arazo bat sortzen zaienean. Halaber, adingabeei gailu elektronikoak erabiltzeko denbora mugatzea komeni da, gehiegizko erabilera eta menpekotasuna saihesteko.

Teknikoki, oso praktikoa da adingabeen ordenagailu eta gainerako gailu mugikorren segurtasuna eta erabilera egokia bermatzeko neurri oinarrizko batzuk aplikatzea, gehiegikerian erori gabe:

  1. Ekipoak eguneratuta eta birusik gabe
  2. Adingabeei laguntzea sare sozialetan dituzten profilen pribatutasuna behar bezala konfiguratzen, haiek argitaratzen dutena nork ikus dezakeen kontrolatzeko.
  3. Erabiltzaile-kontu estándar bat jartzea haien eskura. Adingabeak pribilegiorik gabeko kontu bat baldin badu, ezingo du ekintza arriskutsurik egin: esate baterako, programak instalatu, gailuak aktibatu edo babesak desaktibatu.
  4. Gurasoen kontroleko programa bat Adingabek teknologia nola erabiltzen duten kontrolatzen, ikuskatzen eta zuzentzen laguntzen duten tresnak dira. Adingabeek ordenagailu, tableta eta smartphoneen bidez egin ditzaketen ekintzak mugatzen dituzte, zenbait edukitan sartzeko debekua ezarriz.
Gurasoen kontroleko aukerak Interneten

Azken puntu honi dagokionez, adingabeen sareko jarduna kontrolatzeko aplikazio eta programa ugari daude. Mugikorreko eta ordenagailuko aplikazioak, doakoak eta ordainpekoak.

Euskaltelek hau du: Segurtasun Osoa, sareko segurtasun-zerbitzu bat ordenagailuetarako, Gurasoen Kontrola ere baduena. Askoz aukera gehiago ere badaude, noski. Sarean bilaketa arrunt bat eginez gero, emaitza asko eta asko aurkituko ditugu, hainbat aukera ematen dituztenak. Esate baterako, segurtasun informatikoan punta-puntakoak diren markek, hala nola McAfee eta Norton etxeek, beren produktuak dituzte.

Informazio gehiago nahi baduzu Interneten nabigatzean sor daitezkeen segurtasun-arazoen inguruan, jar zaitez harremanetan Internautaren Segurtasun Bulegoarekin, esteka honi jarraituz: http://www.osi.es/