Bilbon museo-sorta ederra dugu, askotarikoa eta interesgarria. Eta, beti den arren haiek ezagutzeko une egokia, askoz hobeto doan egin badezakegu. Oraintxe azalduko dizugu zer egunetan diren doan Bilboko museoak eta nor sar daitekeen sarrera ordaindu gabe.

Guggenheim Museoa

museos gratis bilbao guggenheim
Iturria: Museo Guggenheim

Frank O. Gehryk diseinatutako arte garaikidearen museoa Bizkaiko hiriburuaren ikono bat da. Kanpoko diseinua ikusgarria izateaz gain, barnealdeak 24.000 m²-tik gora ditu, eta tokiko eta nazioarteko egileen aldi baterako erakusketak zein erakusketa iraunkorrak antolatzen dituzte bertan, bai Bilboko funtsekin, bai Guggenheimen New Yorkeko egoitzako funtsekin ere.

Oro har, ordaindu egin behar da museora sartzeko, 18 urtetik beherako gazteek eta Museoaren Lagunek izan ezik, horiek beti doan sartzen baitira.

Egun jakin batzuetan, gainera, publiko orokorra doan sar daiteke museora. Adibidez, Museoaren Nazioarteko Egunean, maiatzaren 18an, sarrera doan da. Sarrerak Museoaren webgunean bakarrik egongo dira eskuragarri; maiatzaren 13tik aurrera, museoaren jarraitzaileentzat, eta maiatzaren 14tik aurrera, gainerako guztientzat.

Bilboko Arte Ederren Museoa

Bilboko Arte Ederren Museoak arte-ondare zabalaz gozatzeko aukera eskaintzen du, arte erromanikotik hasi eta abangoardia garaikideetaraino. 19.000 lan baino gehiago biltzen ditu, eta horien artean daude, besteak beste, El Greco, José de Ribera, Francisco de Zurbarán, Antoni Tàpies eta Miquel Barceló egile garrantzitsuen marrazki, grabatu, kartel, argazki, pintura eta eskulturak.

Euskal artisten bildumarik garrantzitsuena ere bertan dago, eta, alde horretatik, erreferentzia nagusia da, dokumentu-funtsengatik, ikerketa-tradizioagatik eta artistekiko hurbiltasunagatik.

Astearteetan bakarrik dago itxita, baina ordutegia zertxobait aldatzen da egunaren arabera: astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 20:00etara dago irekita, eta igandeetan, 15:00etan ixten da.

Edozein egunetan joanda ere, sarrera doakoa da, eta Museo Plazako eraikin zaharreko atetik sartu behar duzu.

Euskal Museoa Bilbao Museo Vasco

museos gratis bilbao euskal museoa
Iturria: Euskal Museoa Bilbao Museo Vasco

Bilboko Zazpikaleen erdi-erdian, Jesusen Lagundiaren San Andres eliza eta ikastetxea izan zen XVII. mendeko eraikin batean dago Euskal Museoa Bilbao Museo Vasco.

Ikusgai ugari biltzen ditu, hala nola pieza arkitektoniko eta eskultorikoak (armarriak, kapitelak, tailuak, erretaulak eta sarkofagoak) eta objektu etnografikoak (batez ere jantziak, etxeko gauzak eta lanbide tradizionaletarako tresnak). Bestalde, ikusgai horiei karlistadekin eta gerra zibilarekin, zeramikarekin, numismatikarekin eta arte plastikoekin loturiko bilduma berriak gehitu zaizkie.

Gaur egun itxita dago, instalazioak eraberritzen ari baitira, baina gogoan hartu ordutegiak eta doako egunak, ateak berriz irekitzen dituenean joateko :)

Ostegunetan Museoaren Eguna da, eta sarrera doan da. Gainerako egunetan, kolektibo hauetakoak ordaindu gabe sar daitezke:

  • Museoaren Lagunak

  • ICOM (Museoen Nazioarteko Kontseilua) txartelaren titularrak

  • 12 urtetik beherakoak

  • Pentsiodunak

  • Desgaitasunen bat dutenak

  • Langabeak

  • Kazetariak

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa

Itsasmuseumen (Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa ere deitua), “botxo"ko eta Bizkaiko itsas kulturari erreferentzia egiten dioten era guztietako elementuak eta objektuak aurkituko dituzu. Adibidez, Portu izeneko gangila ikusiko duzu, duela mende bat baino gehiago Euskalduna ontziolan eraikitako lehen itsasontzia, Bizkaiko Labe Garaietan sortutako zepa Galea lurmuturreraino garraiatzen zuena. Eta Bilboko itsasadarreko eta portuko itsas salbamenduaren jatorriari buruz gehiago ikasteko aukera ere izango duzu.

Itsasmuseum asteartetik igandera dago irekita, 11:00etatik 19:00etara. Astearteetan sarrera doakoa da, uztailean eta abuztuan izan ezik.

Gainera, hainbat kolektibo doan sar daitezke urteko egun eta sasoi guztietan:

  • Itsasmuseumeko txartela dutenak

  • 6 urtetik beherakoak

  • Langabeak

  • Irakasleak, kazetariak eta gida ofizialak

Bizkaiko Arkeologia Museoa

museos gratis bilbao arkeologia museoa
Iturria: Bizkaiko Arkeologia Museoa

Bizkaiko Arkeologia Museoa da Bizkaiko ikerketa arkeologikoen hedatzaile handiena. Erakusketa iraunkorrak giza bizitzaren hasieratik (duela 100.000 urte baino gehiago) garai historikoetaraino eramaten gaitu.

Bizkaiko Arkeologia Museoak ere baditu bildumak doan ikusteko hainbat aukera.

12 urtetik beherakoak eta ICOM (Museoen Nazioarteko Kontseilua) txartelaren titularrak doan sar daitezke urteko edozein unetan, museoaren ohiko ordutegian. Hau da Bizkaiko Arkeologia Museoaren ordutegia: asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era; igande eta jaiegunetan, 10:30etik 14:00etara.

Bestalde, publiko orokorrak ez du sarrera ordaindu behar Museoaren Egunean (ostiraletan), ezta Museoen Nazioarteko Egunean ere (maiatzaren 18an).

Eleiz Museoa

Bilboko Eleiz Museoaren helburua da Bilboko Elizbarrutiko ondare erlijiosoa kontserbatu, zaharberritu, aztertu eta zabaltzea, eta, horretarako, 500 pieza baino gehiagoko erakusketa iraunkor bat dauka.

Hau ere itxita egoten da astelehenetan. Asteartetik larunbatera, 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara dago zabalik; igandeetan, berriz, 13:30ean ixten dute.

Doan sartu nahi duzu Bilboko Eleiz Museora? Joan zaitez astearteetan, Museoaren Egunean. Gainerako egunetan, 10 urtetik beherakoentzat eta ICOMeko kideentzat edo irakasleentzat soilik da doan (bi kasuetan, behar bezala egiaztatu behar da).

Bilboko Berreginen Museoa

museos gratis bilbao berreginen museoa
Iturria: Bilboko Udala

Bilboko museorik zaharrenetako bat da. Arte klasikoan eta haren erreprodukzio leial eta kalitate handikoan espezializatuta dago. Hiritik atera ere egin gabe, Antzinarotik eta Europako museorik onenetatik paseatzen ari zarela irudituko zaizu. Aretoz areto, ibilbide tematikoak egin ditzakezu: Periklesen Atenas, Michelangeloren Italia edo Erromako merkatua. Marrazketa Eskola interesgarri bat ere badu.

Bilboko Berreginen Museoaren ordutegia: asteartetik larunbatera, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara; igandeetan, goizez bakarrik, 10:00etatik 14:00etara.

Sarrerak 3 euro balio du; 1,50 euro prezio murriztuan. Eta doan da honako hauentzat:

  • Pentsiodunak

  • 12 urtetik beherako haurrak

  • Irakasleak

  • Desgaitasunen bat dutenak

Ostegunetan Museoaren Eguna da, eta, egun horretan, publiko orokorra ere doan sar daiteke Bilboko Berreginen Museora.

Athletic Club Museoa

Gustatuko litzaizuke "Katedrala" ezagutzea? Athletic Club Museoa paradisua da futbolzaleentzat, eta, bereziki, Athletic Cluben jarraitzaileentzat. 1.000 objektu original baino gehiago biltzen ditu, eta klubaren historiari buruzko 900 bideo inguru ikus daitezke; zaharrena, 1898koa.

10:00etan irekitzen dute, asteartetik igandera. Neguan, 19:00etan ixten dute, eta udan, 20:00etan. Hala ere, aldaketak izaten dira partiden egutegiaren arabera.

0 eta 5 urte bitarteko haurrak (gehienez ere, 3 haur heldu bakoitzeko) eta 14 urtetik beherako Athletic Clubeko bazkideak doan sar daitezke museora eta San Mamesen zeharreko ibilbide gidatura.

Gogoan hartu duzu noiz sar zaitezkeen doan Bilboko museoetara? Hamaikatxo plan, zein baino zein merkeago:

Goiburuko irudiaren iturria: Bilboko Arte Ederren Museoa.