Atal berria dugu! Hilean behingo atal berri bat estreinatzen dugu gaur, Euskadiko blogariei buruzkoa. Hobeto ezagutu nahi ditugu, eta bakoitzak bere sektoreaz hitz egingo digu: nola lortu duen nabarmentzea blogen esparru zabalean, zer zailtasun aurkitzen duen beren lanean... Bide batez, aholkuak ematea nahi dugu, aholku asko... Ez alferrik dira adituak! ;)
Gurekin dugun lehena Mikel Cid da. Bilbotarra, 30 urtekoa, teknologia mugikorraren esparruan erreferentzia bihurtua da jada Xatakako orri digitaletan.
Nor da Mikel Cid? Bilbokoa naiz, 30 urte ditut, eta Telekomunikazioak eta Kudeaketa Informatikako Ingeniaritza Teknikoa ikasi nituen. 2011ko abenduan sartu nintzen Xatakan. Profesionalki blogen munduan aritu baino lehen, baneukan nire blog bat. Gero utzi egin behar izan nuen, ezin niolako kasu egin. Beti izan naiz teknologiaren zalea, oro har, eta bereziki bideo-jokoena. Horrekin batera, asko gustatzen zait kirolak ikustea, arraroetan arraroenak barne. Aukera dudanean, oso gogoko dut bidaiatzea.Euskaltel bloga: Noiz eta nola hasi zinen blogari-lanetan? Sarri entzuten dugu zaletasun bat dela zenbaitek lanbide bihurtu ahal izan dutena. Hala da zure kasuan?Mikel Cid: Mundu profesionalerako jauzia 2011ren amaieran egin nuen. Weblogsen norbaiten bila zebiltzan, operadoreetan sortzen ziren berriak kontatzeko, eta aukera eman zidaten. Lehendik banuen blog pertsonal bat. Hartan, mugikorren tarifez eta Interneteko tarifez baino ez nuen hitz egiten, eta hori erabili nuen Xatakako postura hautagai aurkezteko. Oso lagungarria gertatu zitzaidan neure blog pertsonala izatea, horretan jardun nezakeela frogatzeko berme moduan.
B.E. Argitaratuak dituzu 3.000 albiste baino gehiago Xataka móvilen. Bada gairen bat bereziki gustuko duzuna idazteko?Mikel: Beti izan naiz nik tarifero edo tarifen friki deitzen ditudan horietakoa, baina gogoko dut telekomunikazioen etorkizunaz hitz egitea ere; bereziki, mugikorrenaz. Mundu horretan beti ari zara ikasten, ez da inoiz amaitzen; batez ere, adituen artikuluak irakurriz, eta sektorean ibilbide luzea duten kazetarienak irakurriz ikasten da.
B.E. Utzia duzu zure hasierako esparrua, bideo-jokoena?Mikel: Lanak uzten didanean, sofan etzan eta Fifa batzuk jokatzen ditut (beti Athleticekin, jakina). Eta, aukera dagoenean, gustatzen zait mugikorretarako bideo-jokoez idaztea ere, hazkunde handia izaten ari den sektorea baita.
B.E. Zaila izan behar du marka komertzial handien presioa saihestea produktu edo zerbitzu jakin bati buruzko iruzkin kritiko bat egin behar duzunean...Mikel:Etengabe harremanetan nago gailuen fabrikatzaileekin eta operadoreekin, eta nik behintzat ez dut inoiz arazorik aurkitu. Xatakan bi enpresa ditugu, editoriala (Weblogs SL) eta publizitatekoa (Social Media SL). Beraz, nik inoiz ez dut jakiten webgunean zer publizitate-kanpaina ditugun harik eta aktibatzen diren arte. Horrek lasaitasun eta askatasun handia ematen dit, eta ez du eragozten zenbaitetan artikulu batean kritikatzea une horretan iragarkia jarria daukan enpresa bat.
B.E. Hainbeste blog daudenean teknologiari, telefoniari, smartphoneei eta abarri buruzkoak, zaila al da ideia berriak topatzea eta eduki bereizgarriak eskaintzea?Mikel: Zaila da, zeren eta irakurleak, azken batean, beti gauza bera jakin nahi du: nolakoa izango den hurrengo iPhone-a edo Galaxy S-a, aplikazio jostagarrienak... Baina inguruan gertatzen denari adi-adi egotea da garrantzitsuena; jendeak zer zalantza dituen smartphoneak erabiltzean, zer aplikazio dagoen puri-purian... Lehiakideak zaintzea ere sartzen da lanean, baina batzuetan baliagarriago gertatzen da zure lagun batek deskargatu duen azken aplikazioaz arduratzea.
B.E. Nola lortzen duzu lehen eskuko informazioa lortzea, eta berehala? Informatzaile-sare sekreturen bat daukazu? ????Mikel: Badaramatzat urte batzuk sektorean, eta urteekin jendea ezagutzen duzu; ez bakarrik enpresen ordezkari ofizialen artean. Beti eduki behar da belarria adi ????
B.E. Zein dituzu blog gustukoenak?Mikel: Teknologiaren esparrutik kanpo, blogen artean sar badezakegu, oso gogoko dut El Mundo Today. Webgune ederra da barre batzuk egiteko lanaldia bukatutakoan. Jarraitzen dut El Comidista ere, Mikel Iturriagaren bideoak oso onak dira, eta oso maite nuen Mi Mesa Cojea; orain bere umorea ohiko hedabideetara eraman du. Gure lurreko produktuak, ikusten duzunez.
B.E. Eta gehien erabiltzen dituzun aplikazioak? Athleticekin jokatzeko baten falta sentitzen duzu?Mikel:Bai horixe! Duela gutxi probatu nuen PES 2017, eta gaizki eta dena sentitzen nintzen Athleticekin ezin jokatu nuelako. Ez daukate ia klub eta jokalarien izen ofizialik. Mugikorretarako futbol-joko bat behar da, osoa, kontsolen mailako kontrolak izango dituena eta gure Aduriz, San Jose, Arrizabalaga eta abarrak izango dituena. Aplikazioetan, mezularitzakoez, sare sozialez eta lanarekin lotutakoez gain, asko erabiltzen ditut Dropbox eta Drive, argazkirik ez galtzeko, Athleticena eta Mis Marcadores denboraldian, eta jokoetan orain Clash Royalek nauka harrapatuta (bai, 30 urte ditut eta haurren jokoetan aritzen naiz, baina lanagatik da ????
B.E. Gomendio bat eskatzen ahal dizugu? Zein da mugikorretan “ona, polita eta merkea”?Beti izan naiz nik tarifero edo tarifen friki deitzen ditudan horietakoa, baina gogoko dut telekomunikazioen etorkizunaz hitz egitea ere; bereziki, mugikorrenaz.”
Mikel: Ezaugarri horiekin, beti BQ eta Motorola aipatzen ditut. Badituzte modeloak erabiltzaile ertainarentzat potentzia nahikoa dutenak (BQ Aquaris U, Moto G4 edo Moto G5), prezio eutsiekin eta zerbitzu tekniko onarekin.
B.E. Blogger, influencer, youtuber, instagramer… IKTek lan-unibertso berri zabal bat ekarri dute. Erraza izan da mundu horretan sartzea buru-belarri? Bizi daiteke blogger gisa?Mikel: Ez dago bide erraz eta zuzenekorik mundutxo honetan aritzeko eta honetatik bizitzeko. Sektoreko hedabide edo enpresekin harremanetan jarri baino lehen, honelako lanetan sartu nahi duen bati gomendatuko nioke has dadila bere blog edo kanal batekin, eta izan dezala iraupena. Blog edo kanal hori irits daiteke handi izatera, edo leku handiago batera jauzi egiteko tranpolin bihurtu. Nire kasuan, nire dedikazioa txikia izan zen hasieran: onlineko lana beste batzuekin bateratzen nuen. Baina, denborarekin, konturatu nintzen gehien gustatzen zitzaidana online idaztea zela, eta zortea izan dut horretan ari naitekeelako lanaldi osoan.
B.E. Zein dituzu hurrengo helburuak? Non ikusten du Mikel Cidek bere burua urte batzuk barru?Mikel: Teknologiaren eta onlineko hedabideen sektorean, lehia oso handia da. Oso zaila da nabarmentzea. Albisteak, direnak dira. Hazteko, zure gaiak ateratzea da gakoa, eta lehena izatea gero hedabide orokorretara ere iritsiko diren berriak ematen. Hori da erronka: borrokatzea lan egiten duzun hedabide hori erreferentziazkoa izan dadin, informaziorik onena eta berriena izango dutelako jo dezaten hartara erabiltzaileek. Urte batzuk barru, seguru nago honen inguruan ibiliko naizela. Lanaz gain, teknologiaz idaztea nire pasioa da, eta ezin izango nintzateke horretatik aldendu.
B.E. Atsegin handia izan da, Mikel. Eskerrik asko gu guztiokin partekatzeagatik zure offline alderditik pixka bat. Izango dugu elkarren berri!