Prest daukagu Marea Laranja dokumentala, Euskaltel-Euskadi taldearen eta haren zaleen istorioaren kontakizun zirraragarria, protagonistek berek kontatua. Euskaltelek ekoitzi du, eta dagoeneko PRIMERAN euskarazko streaming plataforman ikusi ahal da.
Zergatik ezin duzun huts egin? “Istorio onek kontatzea merezi dutelako, eta hau oraindik kontatzeko zegoelako”, Haitz eta Ekhi Mendibil zuzendariek azaldu dutenez.
Marea Laranjaren eta Euskaltel-Euskadiren istorioa
Marea Laranja kolore bat baino gehiago da: sentimendu bat da, baldintzarik gabeko grina, harrotasuna... Eta, horretaz gain, etapetako giroa, kuadrillak, une partekatuak... Dena, helburu bakar batekin: txirrindulariak, aurrenekotik azkenekoraino, azken hatsera arte animatzea. .
Horretan ari da Marea Laranja Roberto Laisekak 2001eko Tourrean, Euskaltel-Euskadiren lehenengoan, Luz-Ardidenen garaipena eskuratu zuenetik.
Marea Laranja dokumentalak, zeina Euskaltelek ekoitzi baitu, talde baten, kolore baten eta munduan parekorik ez duten zaleen istorioa kontatzen du.
Euskaltel-Euskadiren jatorria
Txirrindulari epikoek —Iban Mayo, Igor Antón...—, kirol-zuzendari garrantzitsuek —Joxean Fernández "Matxín" eta Julian Gorospe—, kazetariek, prestatzaileek... Den-denek osatu dute Euskaltel-Euskadiren historia. Euskadiko txirrindularitzaren pasarte gogoangarriak osatu dituzte denen artean, eta protagonistek berek kontatu dizkigute dokumentalean.
Eta historia horren parte da zaleen grina ere: “Marea Laranja pizgarri garrantzitsua da Euskaltel-Euskadiren maillota janzten duten txirrindulari guztientzat; izan ere, badakite kolore horren bueltan elkartzen den herri oso baten babesa dutela laranjaz janztean. Herri oso bat, alde batera utzita zein futbol-taldetakoa den bakoitza, edo zer ideologia politiko eta sozial duten”, esan digute dokumentalaren zuzendariek.
Eta hau gehitu dute: Euskaltel-Euskadi talde txikia da, herri txiki batekoa, baina herriko taldea da. Gure ustez, sentimendu hori eta balio horiek gure mugetatik kanpo ere hedatzen dira, eta taldearekiko begirunea ekartzen du horrek. Marea Laranjak, dudarik gabe, errekonozimendu handiagoa ematen dio Euskaltel-Euskadiri”.
Marea Laranja, Marea Laranjako kideek kontatuta
Marea Laranja dokumentalarekin, omenaldia egin nahi zaie zaleei, eta haiexek dira filmeko protagonistak, beren testigantzekin eta hilabeteotan bidali dizkiguten bideoekin.
Besteak beste, Playmovileko piezekin egindako Tourraren irudikapen bat nabarmendu dute zuzendariek. “Izugarrizko atentzioa eman zigun, eta Mari Carmen Díaz de Lezanarekin harremanetan jarri ginen, bere historia konta zezan dokumentalean”.
Filmatzen, dokumentatzen, eta zaleak Itzulian, Giroan, Flèche Wallonnen, Tourrean eta abar grabatzen aritutako hilabeteetan, Haitz eta Ekhi Mendibil zuzendariak ere kutsatu ziren zaleen giroarekin: “Gu geu ere txirrindulariei oihuka hasten ginen pasatzen zirenean”.
Hain zuzen ere, zuzendariek kontatu dutenez, filmaketaren eta proiektuaren zatirik politena etapetako giroa bizitzea izan da.
Eta giro horrekin lotutako une gogoangarri batzuk: “Gernikako kuadrilla ezagutzea, adibidez; hain ondo antolatuta zeuden! Une ederrak pasatu genituen elkarrekin, eta filmaketako unerik atseginenetako bat izan zen. Zorionez, hango piperren uztarekin batera izaten da Tourra, eta ez ziren falta izan Pirinioetako espedizioan. A zer gozamena!
Marea Laranjaren dokumentala PRIMERANen
Seguru gehiago ikusteko gogoz geratu zarela.
Hemen duzu aurrerapen bat, aho-gozagarri gisa:
Oraindik ikusi ez baduzu, PRIMERANen daukazu, EITBren doako streaming-plataforman. Plan ezin hobea!
Istorio polit bat izango duzu ikusgai, “emozio handikoa”, zuzendariek azaldu digutenez: “Marea Laranja txirrindularitzaren munduan bakarra den kirol- eta gizarte-mailako mugimendu bat da, 25 urte daramatza martxan, eta haren istorioa kontatzea falta zen oraindik. Euskal zaleak kolore laranjaren bidez identifikatzen dira, eta fenomeno horren jatorria, zentzua eta zergatia azaltzen saiatu gara dokumental honetan.”
Beraz, ez huts egin!