Nafarroako baratzeko jaki preziatuenetako bat da Lodosako pikillo piperra. Bertako barietatea da, berezko Jatorri Deitura duena. Piper horren ezaugarriei, hazkuntzari eta elaborazioari buruzko informazio gehiago emango dizugu, eta harekin prestatzeko errezeta batzuk proposatu.
Haren izen teknikoa entzunda, Capsicum Annuum, ez duzu jakingo zertaz ari garen; bai, ordea, "Nafarroako Urre Gorria" edo Lodosako pikilloa aipatzen baditugu, Nafarroako baratzeko kontserba izarretako bat.
Jatorriz espeziea Hego Amerikakoa den arren, Lodosako pikilloak bere onena emateko leku aproposa aurkitu du Nafarroan, eta, zehazkiago, Lodosan. Hantxe egiten dute Nafarroako pikillo barietateko piperra.
Nolakoa da Lodosako pikilloa?
Lodosako pikilloa solanazeoen familiakoa da.
Kolore gorri bizia du, eta forma triangeluarra. Oso bereizgarria da haren punta zertxobait kurbatua.
Txikia eta arina da: 8-10 zentimetro luze, eta 35-50 gramo.
Zapore nahiko gozoa du; errekiarena gogorarazten du pixka bat.
Haragi oso fina eta trinkoa du, kalitate bikainaren eta elaborazio zainduaren emaitza.
Nola hazten da Lodosako pikillo piperra?
Lodosako pikilloarena landare belarkara da, eta urtero biltzen da.
Hazitegietan ereiten da aurrena, eta, udaberrian, behin betiko lurretan landatzen da, hazi eta ondu dadin.
Irailetik azarora bitartean biltzen da. Astero egoten dira piperrak biltzeko prest.
Lodosan, eskuz eta banaka biltzen dira, kontu handiz.
Lodosako pikillo piperraren elaborazioa
Bildu ondoren, piperrak banan-banan zuritzen dira, uretan edo soluzio kimikoetan sartu gabe. Hain zuzen, Lodosako pikilloa da ura ukitu gabe zuritzen den piper bakarra.
Laburbilduz, hauxe da hura egiteko prozesua:
- Lehenik eta behin, zikinkeria kentzen zaie, urez betetako tobera batean sartuta.
- Ondoren, sugarrez erretzen dira, azala errazago aska dadin haragitik. Lantegi edo ekoizle bakoitzak bere modura mugitzen eta prestatzen ditu erretzeko.
- Nolanahi ere, azala eta zuztarra kontu handiz kentzen zaizkie beti, baita haziak ere.
- Prozesua bukatutakoan, piperrak ontzietan sartzen dira, aurrez esterilizatuta, beren urarekin.
Lodosako Pikillo Piperraren Jatorri Deitura
Lodosako pikillo piperrak bere jatorri-deitura du.
Deitura horren barruan, ekoizle gisa ofizialki onartutako zortzi udalerrietan hazi eta prestatutako piper Estrak eta Lehen klasekoak sartzen dira: Andosilla, Azagra, Cárcar, Lerin, Mendabia, San Adrian, Sartaguda eta Lodosa.
Ezarritako baldintzak betetzen dituzten Lodosako pikillo-ontzi guztiek izendapenaren logotipo ofiziala eta atzeko beste etiketa zenbakidun bat izan ohi dituzte —jatorri-deituraren pean diharduten fabrikatzaileen ontziek bakarrik dituzte etiketa horiek—.
Gaur egun, enpresa hauek egiten dute Lodosako pikilloa: Rosara, Aragonillo, Gilver, Perón, Juanchu, Lodosilla, Pedro Luis eta Pérez Antón, Viuda de Cayo eta La Catedral, Lodosa (Cooperativa del Campo de Lodosa), Dantza, El Barón, El Navarrico eta Ostargi eta Finca Ripa&Mateo.
Lodosako Pikillo Piperraren Jatorri Deituraren bidez, marka bat ezagutzen eta finkatzen da, bere ospea kalitate-kontrol zorrotzen bidez lortu duena, hasi landa-ikuskapeneko kontroletatik eta kontrol kimiko edo sentsorialetaraino. Besteak beste, usaina, neurria, kolorearen uniformetasuna, pitzadurak, trinkotasuna edo zaporearen iraunkortasuna aztertzen dira.
Horri guztiari esker, berezko zigilua izateaz gain, Lodosako pikillo piperra Nekazaritzako Produktuen Jatorri Deituren Europako Erregistroan ere agertzen da.
Lodosako pikillo piperrarekin prestatzeko errezetak
Baratzetik ontzira, eta ontzitik mahaira.
Lodosako pikillo piperrak prestatzeko modurik errazena da zartagin batean oliba-olioarekin erregostea, primerako osagarria baitira arrainekin, haragiekin edo arrozarekin jateko.
Nahiago baduzu, gisatuetan eta entsaladetan ere erabil ditzakezu.
Nolanahi ere, duten zapore bereizgarriari eta kalitate handiari esker, errezeta askotan erabil daitezke.
Hauek dira ezagunenak: Lodosako pikillozko gazpatxoa, marmitakoa Lodosako pikilloarekin, bakailaoa Lodosako pikillo konfitatuarekin edo Lodosako pikillozko kroketak.
Postreei dagokienez, ez utzi probatu gabe Lodosako pikillozko izozkia eta Lodosako pikilloarekin eta gatzarekin egindako galletak.
Lodosako Pikillo Piperraren Eguna
Nolanahi prestatzen duzula ere, urteko edozein garaitan jateko moduko jakia da Lodosako pikilloa.
Hala ere, modu berezian egiten dute urriko lehen asteburuan, Pikillo Piperraren Egunarekin.
Bilketa-garai bete-betean egoten dira, eta aukera bikaina da piper jaso berriak egur-labean erreta eta eskuz zurituta freskoan platerean dastatzeko. Doan, gainera.
Izan ere, Lodosan adituak dira pikillo piper preziatuaren ezaugarriak eta propietateak zaintzen eta ahalik eta gehiena aprobetxatzen.
Goiburuko irudiaren iturria: Lodosako Udala